Javier Maroto: xenofoboa bere bakardadean

  • Javier Maroto Gasteizko alkateak (PP) zenbait immigrante jo-puntuan jarri zituen, jasotzen dituzten laguntza sozialak direla-eta. Gainontzeko alderdiek, Arartekoak eta SOS Arrazakeriak kritika ugari egin dizkiote.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2014ko abuztuaren 08a
Marotoren adierazpen xenofoboek gainontzeko alderdi guztien, SOS Arrazakeriaren eta Arartekoaren kritikak eragin dituzte (argazkia: Deia).

“Hitler gasteiztarra bihurtu zaigu”, adierazi zuen ostegunean Xabier Agirre EAJko Arabako presidenteak. Jeltzalearen ustez, eskuin muturretik gertu dauden boto-emaileak erakarri nahian egin ditu adierazpenak Marotok. “Gogoratu behar da Hitlerrek judutarren aurkako konfrontazioa puztuz irabazi zituela hauteskundeak, eta horrek eduki zituen ondorioak eduki zituen”.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere ez ditu begi onez ikusi Gasteizko alkatearen adierazpenak. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Izagirrek esan du Diru sarrerak Bermatzeko Errentako iruzurrak etorkinekin nahastuz xenofobia sustatzen dela. “Nire ustez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta dagokionari ematen zaio, beste laguntza guztiak bezala”.

PSEko Arabako buru Txarli Prietok Marotoren hitzak “arrazista” hitzarekin deskribatu ditu. Prietoren ustez, PPren “benetako aurpegia” ikusteko balio izan dute adierazpenek.

Delitu zantzuak ikertzeko eskatu du SOS Arrazakeriak

SOS Arrazakeriako Arabako bozeramaile Federico Garciak esan du Maroto EAEko alkate “atzerakoiena” bihurtu nahian ari dela eta jakinarazi du adierazpenetan delitu zantzurik ote dagoen ikertzeko eskatuko diotela fiskaltzari.

Iñigo Lamarka EAEko Arartekoak ere kezka agertu du. PPko kidearen adierazpenek immigranteak “estigmatizatu” ditzaketela eta hori bidezkoa ez izateaz gain “okerra” dela uste du Lamarkak.

Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun nagusiak, EAEn jaioak

Lanbidek emandako datuek ere gezurtatu dute Javier Marotoren ikuspuntua. 35-50 urte bitarteko emakumeak dira Diru sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten gehienak. Adin horretako emakumeek lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzte eta horregatik jotzen dute laguntza sozialetara.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Marotoren xenofobia kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude