Jainkoak agindutako lurra ez, palestinarren lurra da


2024ko martxoaren 27an - 10:03
Azken eguneraketa: 2024-03-29 08:58:37

Beste proiektu kolonialek bezala, Israelek bokazio genozida txertatua du bere DNAn. Bere existentziaren injustizia mantentzeko, apartheida eta muturreko indarkeria dira sistematikoki erabiltzen dituen tresnak.

Palestinar herriak, kolonizatutako herria den aldetik, bidegabekeria honetatik defenditzeko, nazioarteko zuzenbidearen arabera legitimoki borrokatzen du. Kolonizatzailea aldiz, zapaldutako biztanleria menderatuta mantentzeko, indarkeriaren intentsitatea handitzen doa, gaur egun Palestinan gertatzen ari den basakeria genozidara iritsiz. Hori ez egiteak proiektu koloniala existitzeari uztea ekarriko lioke.

Adibide batzuk hartuta, Indian, Kenyan, Aljerian edo Hegoafrikan, borroka antikolonialistaren eta indarkeria zapaltzailearen areagotzearen prozesu zirkular bera ikusi izan genituen, eta botere kolonialaren porrota morala azkenik, erregimen koloniala eroriz.

Beste proiektu kolonial batzuetan ez bezala, Palestinako kolonizatzaile sionistek, gehienak nazionalista sekularrak, "agindutako lurraren" koartada erlijiosoa erabili zuten eta erabiltzen jarraitzen dute, planifikatutako kolonizazio prozesua apaintzeko.

Hasiera-hasieratik jakin zuten koartada horrek erresonantzia handia izango zuela Mendebalde kristauan, gaur arte bere ahalmen mistifikatzaileari eusten dion erresonantzia. Justifikazio biblikoaren baza erabiliz eta Europako herrialde askotan nagusi den Holokausto naziaren erruduntasun-sentimendua instrumentalizatuz, Israelek jainkoak aukeratutako estatuaren eta estatu biktimaren irudia proiektatu du.

Kolonizazioak daramazkin 76 urteetan zehar, mendebaldeko jende askok proiektu sionistaren benetako izaera arrazista alde batera utzi du; hedabideek Israelen irudi faltsu hori mantentzen lagundu dutelako.

Israeldarren gehiengo handi batek babestuta, azken hilabeteotan, Gazak, Israelgo armadaren indarkeria psikopata jasan behar izan du, propaganda sionista (hasbara) argudiorik gabe utzi eta mendebaldeko biztanleria proiektu sionistaren benetako izaeraz jabetzeko.

Honek iritzi publikoa modu itzulezinean aldatu du. Bonbardatutako ospitaleen, odol hotzean fusilatutako pazienteen, torturatutako medikuen eta gosez hil diren haurren irudiak ez dira memoria kolektibotik ezabatuko.

Israel estatu paria da orain, Hegoafrikako apartheida azken porrotaren aurreko urteetan izan zen bezala. Gobernuetako, administrazio publikoetako eta alderdi politikoetako gure agintariek imajinatzen dute, "hau amaitzen denean", beren lankide israeldarrekin harremanak izaten eta negozioak egiten jarraitu ahal izango dutela, baina oker daude.

Hegoafrikako apartheid-arekin gertatu zen bezala, estatu genozidaren isolamenduaren eskaera gero eta unibertsalagoa da: boikot komertziala, kirolekoa eta kulturala eta Israelen aurkako zigorrak, herri palestinarrak bere lurraldearen askatasunerako, berdintasunerako eta justiziarako dituen eskubideen erabateko onarpeneraino.

Genozidioa ez da abesti batekin normalizatzen; Israel Eurovisionetik kanpo. Txartel gorria Israeli; apartheid-arekin eta genozidioarekin ez da jokatzen.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude