Durangoko Azokaren 54. edizioa aurkeztu dute, irudi eraberrituarekin eta berrikuntza askorekin

  • 405 argitalpen berri jasoko ditu denera Landako guneak abenduaren 5etik 8ra bitartean. Horrez gain, gune eta erakusmahai berriak aurkeztu dituzte azokaren ordezkariek.

Durangoko Azokako ordezkariak, Musika Eskolan. Aurten estreinatuko dute azokako gune bezala

2019ko azaroaren 20an - 15:13

"Gaur eguneko tendentzietara egokitzea" helburu, Durangoko Azokak aurten izango dituen berritasunak aurkeztu dituzte azokako ordezkariek. Abenduaren 5tik 8ra bitarte, eskaintza anitza izango duten plazek ateak zabalduko dituzte. Guztira 405 nobedade egongo dira ikusgai azokan: 273 liburu, 91 disko, hamasei aldizkari, bost ikus-entzunezko eta bestelako hogei proiektu. Are, 200 kultur ekitaldi baino gehiago egongo dira azokak izango dituen zazpi guneetan.

Zazpi gune horietarik bat berrikuntza da aurten. Prentsaurrekoa egin duten Musika Eskolan kokatuko dute azokaren erakusleihoetako bat. Bertan Gogoetaren Plaza eta DA! PRO egitasmoak antolatuko dituzte; hain zuzen, azken hori izango da beste berrikuntzetako bat. DA! PRO egitasmoa Euskal Herriko programatzaile eta musikaren sektoreko sortzaile eta profesionalen arteko topaketa izango da, Durangoko Azokako ordezkariek iragarri dutenez.

Erakusmahai berriak

30 urteren ostean erakusmahaiek aldaketak izango dituztela nabarmendu dute Azokako ordezkariek: egurrezkoak izango dira, eta errotulazioetan kolore desberdinak eta ikonoak izango dituzte. Horren helburua "erakusmahaiak errazago identifikatzea" dela adierazi dute.

Ez dira faltako Ahotseneako eta Plateruenako eskaintza musikalak, ezta Irudienea edo Areto Nagusia bezalako guneak. Horrez gain, urteetan erakusleihoen zerrendara batzen joan diren Suganganbara, Kabi@ eta Szenatokia izango dira Durangoko Azokako plaza nagusiak.

Autoekoizleen eta antzerkien txokoak

Autoekoizleek beraien espazioa izango dute. Guztira hamalau lan aurkeztuko dituzte. Bestalde, lehen Antzerki eta Dantza Laburren Jaialdia antolatuko dute, Euskal Herriko hamar konpainia eta dozenaka emanaldi bilduz.


Eguneraketa berriak daude