Irrintzi bat entzun da Europa zaharrean: 'Oxi'

  • Greziako herritarrek gehiengo handiz ezezkoa eman ondoren herrialdearen zor erraldoia kudeatzeko Troikak agindutako planari, ur nahasietan murgildu da Europa. Jokoan daude austeritate neoliberala eta Europaren barne egituraketa gardenagoa.


2015eko uztailaren 06an - 11:26

Lurrikara Grezian, tsunamia Europan. Europako Batzordeari, Europako Banku Zentralari, Nazioarteko Diru Funtsari eta Euro-taldeari Oxi esan diote gehiengo handiz greziarrek eta Europa gazterik zaharkituaren zureriaren habe nagusiak printzatu dira Grezian.

2008ko krisitzarraren ondoren austeritatea errezetatu zuen Europan agintzen duen Troikak. Espainiak obeditu du. Irlandak obeditu du. Italiak burua makurtu du. Greziak ezetz esan du, bost urtetan erremedioaren kalteak nozitu ondoren.

Enric Juliana kazetari katalanak aurretik abisatua zuen. “Grezian baiezkoak irabazten badu, benetako ordena bortizki berresten ikusiko dugu. (...) Europako Batzordearen egoitza den Bruselasko Berlaymont eraikinaren goi-goian iragarki argidun bat piztuko da dioena: ‘No se puede’. Ezezkoak irabaziz gero, sare sozialek oihukatuko dute ‘Sí se puede’, negoziaketak norabide zalantzatsuagoa hartuko du eta nabarmenagoak izango dira Barack Obamak, Atenas Moskura hurbiltzeko tentaldietatik urruntzearren, egindako presioak. Oxi agertokian, Syriza bihurtuko da inperio berriaren josturak nabarmenki aldatzeko ametsa duten ezker berrien erreferente garbia”.

Eta hona gu, europarrok, Oxi agertokian. Beldurraren kanpainak ez du funtzionatu. Ortodoxia neoliberalaren formula guztiak irentsirik herrialdea txirotasunera erortzen ikusita, miseriaren erdian bizilagunek elkarri lagunduz bizirauten bost urtez derrigor entrenatuta, azken asteko corralito-ak gehiago balio izan du greziarrak haserretzeko, beldurtzeko baino.

Ezer ez da izango berdin Europan Greziako erreferendumaren ondoren. 2008ko krisi handia eta Europaren egituraketa neoliberala europarren interesguneetan kokatu dira. “Murrizketa gehiago ez, erreforma errealak bai, hori bozkatu dute greziarrek” esan zuen igandean Europako ezkerraren izar nagusietakoa bihurtu den Yanis Varufakisek.

Denok ikasi dugu asko kanpaina honetan. Nagusiki, Stiglitz eta Krugman bezalako ekonomialari ortodoxoek ere argiki salatua: Europako banku pribatu handiak salbatu ditugula, horiek Greziako politikariak bultzatu ostean herrialdea zorretan leporaino sartzera, kobratzeko estutasunak iritsi zirenean arrapaladan lortu dutela beren sosak segurtatu eta kobratu ezineko mailegu itzelak zor publiko bihurtzea.

Oraindik pisu handia daukan arren establishmentak zabaldu duen “alemanak langile, greziarrak alfer” irudi sinpleak, gero eta europar gehiago jabetu dira greziarrez gain kontinente osoa bizi dela banku handien eta horiekin ate birakarien bidez lotutako politikarien erabaki okerren gatibu, diru bero errazeko urteetako astakerien pagatzaile.

Termopilak 2015

Katarsis giroan bizitu ditu Greziak asteok. Panagiotis Grigoriou antropologoak Greziatik idatzi du bere blogean: “Gerra bat da hau, ziurrenik azkenekoa demokrazien hilketa behin betikoa eta atzera bueltarik gabea gertatu aurretik. Greziarron borrokaren mamia da Europako demokrazien eta gizarteen hiltzaileak neutralizatzekoa. (…) Etorkizuneko historiagileek aipatuko dute Alexis Tsipras politikari gazteak ongi asmatu zuela bere herriari benetako galdera aurkeztean, nahiz eta beranduegi eta ez osorik”.

Syrizak lortutako balentriak liluratu ditu ikuskatzaile epelenak ere. The Guardianeko John Hooperrek txiokatu zuen Atenastik, artean botoak kontatzen ari zirela, Termopiletako guduaren remake baten usaina zegoela: “300 espartarrak armada pertsiarrari aurre egiten, baina Xerxesen papera Angela Merkelek eginez”. David gailendu Goliathi, esango zuen besteak. Baina hori igande gaua baino lehen zen.

Orain mahai gainean dago Greziaren zorra, zati handi bat bederen, barkatu beharra. Atenasko agintariek benetan nahi eta espero baldin bazuten 300.000 milioi euroz goitiko zorraren zati bat kitatua izatea, eta horretarako deliberatu badute NDFrena ez ordaintzea –lehenago Ekuadorrek edo Argentinak egin moduan–, orduan ondorio guztiekin ekin beharko diote gurutze-bide gogorrari. Inork ez zion esan Alexis Tsiprasi Grezia zorpera eraman zuten oligarka eta politikariak –europarrak bezala greziarrak– bidera loreak eskainiz aterako zitzaizkionik.

Historiarako zizelkaturik utzi du Tsiprasek: “Denok dakigu soluzio errazik ez dagoela, baina soluzio justuak badaude”. Baina gudu epikoaren bizarrak eta eskuak kiskali behar izan ditu. Garaipenaren biharamunean Yanis Varufakis ministro-totemak bere lepoa eskaini die Europako aginte faktikoei.

Laster entzungo dira eroritako buru gehiagoren zaratak. Merkel beraren irudia oso ahulduta geratu da. Der Spiegelek uztailaren 3an analisi hau plazaratu du: “Angelaren errautsak: honela huts egin die Merkelek Greziari eta Europari”. 

Geopolitika karta baliagarria izango zaio Atenasi Europako Troikaren zepotik ihes egin nahi horretan. Funtsean, Moskuko gobernuarengana hurbiltzea. Ez da Errusia kristau ortodoxoa berdin ikusten berlindar luteranoen begietatik… edo gehiengoz oraindik ortodoxoak diren greziarren begietatik.

Greziak garrantzia dauka OTANen eskema barruan. Noiz eta Errusiarekiko tentsioa handia denean oso nabarmen Ukrainako gatazkagatik, baina era lausoago batean OTANek biltzen duen eremuaren ekialde osoan. Turkia Siria eta Irakeko sute islamistan harrapaturik. Paradoxikoki, Barack Obamarengan solaskide adeitsuagoa aurkituko dute Syrizako agintariek Europako buruetan baino, François Hollande bezalako sozialdemokratak barne.

Berriz hasteko aukera?

Syrizaren gobernuak sei hilabeteotan lortu du europarrei ahaztu araztea Greziak daukan barne mamu bortitz bat: ultraeskuin faxista. Sartu ote du Europak bere kalkuluetan? Orain Syrizak huts egiten badu Grezia putzu zulotik pixkanaka ateratzeko kudeaketan, mamurik beldurgarrienak daude ate gibelean agintea hartzeko prest. Italiaz kanpo, Europako beste inork baino latzago pairatzen duten etorkinen krisiak ere jokatuko du bere papera piztia beltza iratzartzen baldin bada.

Europar Batasunaren egituraketa eskasa agerian utzi du Greziako zorraren krisiak. Herritarren burujabetasunaren gainetik teknokraten agintea nagusitu dela. Berrikitan Manuel Castellsek “teknodiktadura” deitu zion. Yanis Varufakisek negoziaketaren zertzeladak kontatzean agerian utzi du kontinentearen buruzagitza ekonomikoa daraman Eurotaldea formalki existitzen ez den eta paperean finkatutako araurik gabeko erakunde bat dela. Oxi eta gero, agendan dago Europar Batasuna goitik behera berrantolatu beharra.

Euroa, herrialde europarren zor itzel handiak, ekonomiaren gaineko kontrola, Eurotaldearen funtzionamendu iluna, krisia gainditzeko austeritatea, OTANen egitura militarra eta bizilaguna dugun Errusiarekiko harremana.... Agian lan handiegiak elite alferregi batentzako?

Europako eliteek eduki baitezakete, biderik laburrena hartuz, Grezia eurogunetik kanporatzeko tentazioa. Batik bat Alemanian sortu duten giroarekin, establishmentak negoziaketa berriei ekin eta Europako zorren kitatze handiak mahairatzeko adorea beharko luke.

Greziarrak gerrako ekonomian bizi dira hilabeteotan. Bestelako gerra odoltsuagoak sortzeko beldurragatik irtenbide burutsuak saiatu  beharko lituzkete gure eliteek.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Syrizaren erronka
2020-07-16 | Mikel Eizagirre
Yanis Varoufakis
"Troikaren itzuleraren beldur bazara, badituzu horretarako arrazoiak. Troika itzuli egingo da"

Greziako Finantza ministro ohia susperraldi-funtsaren inguruko negoziazioez mintzatu da El Diario.es egunkariari eskainitako elkarrizketan. Asteburu hontan egingo da goi-bilera, eta Europar Batasuneko herrialdeek koronabirusaren efektuak leuntzeko funts komuna jasotzeko... [+]


Itaka

Itakan antzeztu du uda honetan Tsiprasek finantza erreskatearen amaiera. Abuztuaren 21ean emandako liturgia hartan solemnitate handiz mintzatu zen Odisea modernoaren bukaeraz.

Greziako kontinentearen mendebaldeko kostaldean dago Itaka, itsaso jonikoan. Handik mendebaldera,... [+]


2017-01-25 | Zabaldi
Nazioartea
Elkartasuna eta desobedientzia berriz ere kriminalizatuak

Iragan uztailaren 27an, Zabaldiko bi kide, brigada internazionalisten prestakuntza lanean ari ziren Tesalonikan. Hurriyako etxea hustua izan zen eta bi kideak atxilotuak. Urtarrilaren 26an, ostegunean, epaituak izanen dira.


2016-10-13 | ARGIA
Tsipras: "Ez dugu etsiko zorra berregituratzea lortu arte"

Syrizaren bigarren kongresuan Alexis Tsiprasek ikusmin handia sortu duen hitzaldia egin du. Aurrera begirako politika marraztu du greziar presidenteak. Hibai Arbide kazetariak jarraitu du ekitaldia Twitter bidez.


'Osasun Grexitik ez!' diru gabeko greziarrak hiltzera ez kondenatzeko

Europako oligarkiak ezarritako politika ekonomikoak bere murrizketekin Greziaren osasun sistema publikoa Hirugarren Mundukoen mailaraino hondoratu duenean, milaka mediku, zaintzaile eta klase guztietako herritar ahalegintzen dira artatzen dirurik ezagatik bazterrean geratutako... [+]


Eguneraketa berriak daude