Ipurtargiak, oraindik


2018ko abenduaren 18an - 13:15

Larunbatean izan zen Cortada film laburren jaialdiaren itxiera ekitaldia Gasteizen; bertan saritu zituzten sail ezberdinetako laburmetraiak. Gureak saileko filmen artean (euskal laburmetraiei eskainitako saila da hau), Gaizka Urrestiren Mi querido balón (2018) filma izan zen saritua. Artikulu honetan, alta, María Elorzaren Ancora Lucciole (2018) lanaren inguruan bildutako hausnarketetan sakondu nahi nuke. Ikuslegoaren iruditegitik abiatuta eraikia da 14 minutuko filma.

Italierazko izenburua darama filmak, eta euskaraz Ipurtargiak oraindik itzulpena eman dio gasteiztarrak. Kimuakek, euskal film laburren erakusleiho denak, bere aurtengo aukeraketaren baitan aurkezten du Elorzaren lana, No me despertéis, Zain, Kafenio Kastello, Espedizio Handia, Ama eta 592 Metroz Goiti filmekin batera. Ez da, halere, Elorzak Kimuaken parte hartzen duen lehen aldia; Maider Fernándezekin batera Gure Hormek lana zuten bertan 2016an, bien artean osatzen duten Las chicas de Pasaik kolektiboaren izenpean.

Aurreko lanaren kutsua dakar ipurtargien inguruko honek, hain zuzen ere. Pier Paolo Pasoliniren artikulu bat ardatz hartuta, ikerketa abiatzen du zuzendariak artikuluak ukitzen dituen ertzen bila. Artikulu horrek, ipurtargien desagertzearen metaforaz Bigarren Mundu Gerra osteko errealitatearen isla egiten du, faxismoaren forma berrien eta kontsumora bideratutako gizartearen inguruko hausnarketan. Horrela dio Pasolinik: "60ko hamarkada hasieran, airearen kutsadura zela medio eta batez ere landa eremuan, uraren kutsaduragatik, ipurtargiak desagertzen hasi ziren. Fenomeno berehalako eta dirdiratsua izan zen. Urte gutxiren buruan ez zen jada ipurtargirik. Egun, iraganaren oroitzapen nahiko arrailgarriak dira: eta oroitzapen hori daraman agure zaharrak ezin du bere burua ikusi gaurko gazteengan, eta beraz, ezin du izan iraganeko sentimendu ederrik".

Elorzak, Ancora Lucciole lanean, metaforaz baliatu eta proposamen bisualak gehitu dizkio Pasoliniren saiakerari. Hiru planotan banatu du filmaren edukia; alde batetik, jostailuzko ipurtargia kaxa batean duen umeari begira jartzen da; bestetik, txuri beltzean eta argitasun handiz ageri den amonarekin hizketan; azkenik, zinema aretoetako irudiei zelatan. Hiru planoak tartekatu eta josi egin ditu laburmetraian poeta italiarraren hitzez eta testura anitzetako irudi zulatu eta zaharrez. Filma osoa zuzendariaren eta kamera aurrean dugunaren arteko harremanean oinarritua dago, elkarrizketa moduan edo beste era batzuetan. Jostailuzko ipurtargiarekin jolasten duen umeari galdetzen dio ea inoiz benetako intsektu hori ikusi duen; erantzuna, ezetz. "Nire maskota, ipurtargia" izena ageri da jostailuaren kaxan, eta nahiko zentzu iluna hartzen du honek umearen ezezkoaren ostean. Ondoren, amonari galde egiten dio ea bere garaian ipurtargirik zegoen. Eta amonak baietz, bazirela, eta berehala gerrako gertakariez hasten da mintzatzen, eta bere oroitzapenez, eta garai hartako maistrez eta bizilagunez. Ipurtargiak gerrako leherketa eta bonbardaketa gisa ulertzen ditu amonak, eta Ipurtargien hilobia (1988) Isao Takahataren animaziozko filma iradoki lezake. Amonak hausnartzen du lehen eta orain ez direla horren ezberdinak, lehen gose gehiago pasatzen zutenaz gain. Azkenik zinema areto batetako irudiak tartekatzen ditu filmak, non mugikorren argiek ipurtargi efektua egiten duten argiarekin sortzen duten antzekotasunagatik. Mugikorren eta jendearen arteko harremana posmodernitatearen ispilu moduan ageri da pantailatik kanpoko zinema aretoan. Eta are gehiago, ikuslegoak ezin igarri dezake mugikordun jendearen une horretako pentsamendua, eta horrek muga bat eraikitzen du eta pantailatik aldentzen gaitu. Hausnarketarako tartea zabaltzen da. Hiru planoen bitartez mintzo da Elorza garaien arteko amildegiaz (gerra aurretik/gerra ostean, ipurtargien aurretik/ipurtargien ostean, smartphonen aurretik/smartphonen ostean) teorikoki, baina batez ere joko bisualean. Irudietako enkoadre eta argitasuna maisuki aukeratzen ditu eta ipurtargien inguruan ari da ipurtargien metafora bisualen bitartez.

Ipurtargi bat azkenengoz ikusi zuenekoak hartzen du ikuslegoa, aretotik ateratzean. Eta aldaketen abiaduraren sentsazioak. Eta bera ere "gure garaian bazen..." esaldia esateko gai izateak harrapatzen du. Amildegiak. Eta ipurtargiez gain, ezagutu dituen zenbat gauza bilakatu diren obsoleto urte gutxiren buruan, eta beste zenbat sartuko diren laster "gure garaian baziren..." esaldiaren amaiera posibleen artean. Eta ateratzen da Postas kaleko 40. zenbakitik. Hiriaren erdigunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Film kritikak
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Hauek izan dira Zinegoak jaialdiko film saridunak

Rita Baghdadiren Sirens dokumentalak irabazi du 2023ko Zinegoak Sari Nagusia, eta Dania Bdeir-en Warsha-k Publikoaren Saria eta Senior Epaimahaiaren Saria. Saridun gehienak emakumeak izan dira. Jarraian saritutako lanen zerrenda.


Iragana eskuetan

Eskuek askotariko sinbologia dute. Eskuekin gidatzen da mundua eta ukabil sendoekin bermatu agintea. Ukabilekin borrokatzen da boterea ere, atzamarrak bilduz eta eskuak gora altxatuz. Eskuak beharrezkoak dituzte bizitzan beti galtzaile izan direnek, hori baino ez baitute izan... [+]


2020-08-27 | Santi Leoné
Pyewacket

Gurasotasuna –amatasuna gehiagotan, aitatasuna baino– ohiko motiboa da beldurrezko zineman. Film anitzetan, gertatzen diren naturaz gaindiko fenomenoak –edo, naturaz gaindikoak izan gabe, fenomeno izigarriak– ama-umeen arteko harreman gatazkatsuen isla... [+]


Eguneraketa berriak daude