Haydeé Gastelú hil da, Argentinako Maiatzeko Amen Elkarteko sortzaileetako bat

  • 1977an egin zuten lehenbiziko mobilizazioa Argentinako Maiatzeko Plazako Amek, eta bertan zen Gastelú. Zortzi hilabete lehenago desagertua zen haren seme Horacio, eta beste hainbat emakumerekin batera, beren seme-alaben gainean galdegiten zioten Jorge Rafael Viledaren gobernuari. 25 urte geroago ezagutuko zuen semeari egin ziotena, eta ondoren ere, borrokarekin jarraitu zuen. 94 urterekin zendu da.

Haydeé Gastelú mikrofonoa eskutan, Vera Jarach eta Carmen Lorefice kideen ondoan (Argazkia: Parque de la memoria)

2022ko abenduaren 21an - 12:45
Azken eguneraketa: 14:17

Asteartean zendu zen, 94 urterekin, Haydeé Gastelú. 1928an Buenos Airesko probintzian (Argentina) sortua, Maiatzeko Plazako Amen elkarteko fundatzaileetako bat izateagatik eta elkartean aurrera eramandako borrokagatik da ezaguna. Jorge Rafael Videlaren diktadura militarra oraindik indarrean zela, beronen ondorioz desagertutako seme-alabengatik galdezka, Buenos Aireseko Maiatzeko Plazan biltzen hasi ziren Maiatzeko Plazako Amen elkartea osatuko zuten emakumeak. 1977ko apirilaren 30ean egin zuten lehen mobilizazioa, eta bertan parte hartu zuen Gastelúk; ordutik, aktibo egon da elkartean.

Lehen mobilizazio hori baino zortzi hilabete lehenago desagerrarazi zuten Gastelúren seme Horacio Oscar García Gastelú, 21 urte zituela. Hura aurkitzeko xedez egin zuen bat antzerako egoeran zeuden beste hainbat emakumerekin. Gerora jakin ahal izan zuenez, 1976ko abuztuaren 7an bahitu zuten semea, eta abuztuaren 20an hil zuten Fatimako Sarraskia izenez ezagutzen den hilketan: Buenos Aires probintziako Fatima herrian 30 pertsona exekutatu zituen Argentinako Armadak. Hilotzen artetik bost identifikatzea lortu zuten lehen kolpean, baina gainontzekoen identitatea argitu arte denbora gehiago pasa zen. Zehazki, 25 urteren ostean jakin zuen Gastelúk Horacio zela Fatiman hilda agertutako bat.

"Zorigaiztoko egun hartaz geroztik, justiziaren eta egiaren bilatzaile nekaezin bilakatu zinen. Lasaia eta jakintsua izanik, zure bihotz handiak hainbat eta hainbat amaren konpai, baita desagertutako hainbat ahizpena ere". Maiatzeko Plazako Amen Elkartea Lerro Fundatzaileko bere borroka kideek eskaini dizkioten agur-lerroetan hitzok irakur daitezke.

Erresistentziaren, oroimenaren eta amorerik eman gabeko borrokaren eredu izan izana aitortuz eman du Gastelúren heriotzaren berri Argentinako Giza Eskubideen Idazkaritzak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argentina
Materialismo histerikoa
Espantua

Ez du irabaziko, erotuta dago, esaten ari dena ez da posible. Edonork ikusten du ez dagoela estatu bat gobernatzeko prestatuta. Teoriko bat da, ez dauka errealitatearen kontzientziarik. Feminismoak emandako pausoak atzeraezinak dira, herritarrek ez dute onartuko zenbait eskubide... [+]


Argentinako justiziak bertan behera utzi du Mileiren lan erreforma

Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota du Argentinako presidenteren lan-erreforma, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuaren salaketari esker.


"Shock" bat beharrezkoa dela adierazi du Mileik presidente kargua hartzeko ekitaldian

Argentinako presidente kargua hartu du Javier Mileik igandean. Bere hitzaldian adierazi du "aldaketa erradikal" bat izango dela herrialdean.


2023-12-04 | Leire Artola Arin
Argentinako Mileiren gobernu berria: neonaziak, diktaduraren zuritzaileak eta familia

Abenduaren 10ean hartuko du Argentinako presidente kargua Javier Milei ultraeskuindarrak, eta hautatu dituen gobernukideak zeresana ematen ari dira: Rodolfo Barra estatuko abokatuen buru izango da, iragan nazia duena; Patricia Bullrich, Segurtasun ministro; María Eleanora... [+]


Eguneraketa berriak daude