Garaño eta Goenaga: "Loreak filmak oso erreakzio kontrajarriak sortu ditu ikusleengan"

  • Kritikak laudatua eta publikoak maitatua, ibilbide oparoa egiten ari da Loreak filma. Ez du Espainiako Estatuko pelikula onenaren Goya saria lortu, baina badu zer ospatu lantaldeak. Hala berretsi digute Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariek:


2015eko otsailaren 09an - 09:28
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
"Lore-sorta asko jaso ditugu eta ematea ere egokitu zaigu. Gauza polita da hori!".

Zein ezaugarri nabarmendu dituzte kritikariek filmaz?

Ezin gara kexatu, prentsa espezializatuaren kritikak oso onak izan dira orokorrean eta hori gurea bezalako film batentzat oso garrantzitsua da, publizitatea delako. Kritika askok aktoreen lana nabarmendu dute, beste batzuek Javi Agirre Erauso argazki zuzendariaren lana, Pascal Gaigneren musika... Film sotila egin dugula esan dute, oso sentibera.

Kritikaren batek harritu zaituzte bereziki?

Zaila da bat nabarmentzea. Carlos Boyerok El País egunkarian idatzitakoak oihartzun handia izan zuen eta industriarentzat, Variety eta Hollywood Reporter-en argitaraturikoak. Isabel Coixetek El periódico de Cataluña-n idatziriko zutabea ere aipatu nahiko genuke: asko gustatu zitzaigun nola zegoen idatzia eta zein ondo ulertu eta transmititu zuen filmaren esentzia. Filma behin baino gehiagotan aipatu du geroztik eta horrek medioetan oihartzuna izan du. Lore sorta bat bidali nahi diogu!

Publiko aldetik ere jende asko joan da pelikula ikustera. Zifrek zer diote?

Oso pozik gaude filmak Euskal Herrian izan duen harrerarekin. 50.000 ikusletik gora izan ditu eta Gipuzkoan, 2014 urtean bosgarren film ikusiena izan da. Ez dago batere gaizki. Espainiako Estatuan zifrak ez dira hain onak izan, baina hala ere publiko mota jakin batengana iritsi garen sentsazioa daukagu. Orain gainera, zineklub eta zine-mostra askotatik filma eskatzen ari zaizkigu.

Zer esan dizue jendeak? Zer transmititu die pelikulak?

Denetarik dago eta gainera oso erreakzio kontrajarriak sortzen dituela iruditu zaigu. Batzuk hunkituta atera dira eta beste batzuei oso hotza egin zaie. Nahiz eta tempo arina ez izan, hainbatek esan digu filmak harrapatuta sentitu direla eta beste batzuei ordea aspergarria egin zaie. Minimalismoa azpimarratu digute, zentzu positiboan, eta zenbaiti iruditu zaie ez dela ezer gertatzen. Orokorrean, harrera positiboa izan dela iruditzen zaigu eta pozik gaude. Ezinezkoa da denei gustatuko zaien pelikula egitea, batik bat film mota jakin bat egiteko hautua hartzen duzunean.

Zein harrera izan du jaialdietan? Atzerrian Euskal Herriko hizkuntzaz eta kulturaz galdetzen dizuete oraindik?

Filma nazioarteko hainbat jaialditan erakutsi dugu eta Palm Springs-en eta Tokion saritua izan zen. Hurrengo egunetan Miami, Guadalajara, Nantes, Bergamo, Siberian... ikusi ahal izango da. Eta bai, 80 egunean aurkeztera atera ginenean bezala, orain ere gehientsuenetan euskarari eta Euskal Herriari buruz galdetzen digute. Gure errealitatea ahalik eta hobekien esplikatzen saiatzen gara.

Filmeko ardiak zeresana eman du sare sozialetan…

Kar, kar, kar. Ardiaren kontuarekin jendeari zer pentsatua ematea zen gure asmoa, ardiak zer esanahi ote duen pentsaraztea eta horren inguruan debatea sortzea. Batzuek guk ikusitakoa ikusi dute eta beste batzuek ez, interpretazio oso ezberdinak entzun ditugu…

Zenbat lore-sorta jaso dituzue dagoeneko? Norbaitek esan al dizue ezberdin ikusten dituela loreak pelikulaz geroztik?

Baten batek esan digu, bai, loreak modu ezberdinean ikusten dituela orain eta kritikaren batean ere irakurri dugu halakorik. Polita da hori entzutea, pertsona horri filma iritsi zaiola esan nahi duelako. Eta lore-sortak ere asko jaso ditugu; ematea ere egokitu zaigu. Egia esan polita da loreak jasotzea, baita ematea ere!

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu behar zuen euskal filma izanik, ardura sentitzen zenutela esan zenidaten aurrekoan. Konplitu izanaren sentsazioa duzue?

Guretzat garrantzitsua zen Sail Ofizialean lehiatzea, baina euskal zinemarentzat ere filmak Zinemaldian harrera ona izatea inportantea zela sentitzen genuen, filma ikusi aurretik batzuek pentsatzen zutelako Zinemaldia [euskal] kuota ordaintzen ari zela gure filma hautatuta. Azterketa gainditu izanaren sentsazioa daukagu, pelikula eman ostean inork ez zuelako gaia berriz aipatu. Zinemaldia izugarrizko bultzada izan zen filmarentzat eta oso eskertuak gaude.

Aurrera begira zein bide egingo du filmak?

Aste honetan bertan on-line eta VOD (video on demand) bidez ikusi ahal izango da. Hilaren bukaeran Canal+ katean emango dute eta martxoan DVD eta Bluray formatuetan aterako da. Horrez gain, hainbat zinemalditan hartuko du parte. Paraleloki, filma nazioartean zabaltzeko eta herrialderen batean estreinatzeko saiakeretan dabil salmenta-agentea. Momentuz ez dago ezer, baina ez dugu esperantza galdu, zenbait banatzailek filma erosteko interesa erakutsi baitute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Loreak filma
Polemika sareetan, Espainiako telebistak 'Loreak' filma gaztelaniaz bikoiztuta emititu duelako

Espainiako telebista publikoko bigarren kateak Loreak filma eskaini zuen igande gauean. Emisioak, ordea, ez zituen ikusle guztiak pozik utzi, filmaren bertsio originalaren ordez gaztelaniaz bikoiztuta eman baitzuten.


2016-05-29 | Lander Arretxea
Eneko Sagardoy, aktorea
"Iruditeria berritzea komunak konpontzea bezain beharrezkoa da"

Agendak aginduta ezezkoak eman behar dituen horietakoa da Eneko Sagardoy –besteak beste– aktore durangarra. Antzerkian buru-belarri dabilen bitartean, Altzoko Handiaren azalean jartzeko lanetan ari da orain, Aitor Arregi eta Jon Garañoren zuzendaritzapean... [+]


2015-02-09 | Gaizka Izagirre
Zentsura Goya sarietan?

Zentsura egon al zen Goya sarietan? Carlos Areces aktorearen bitartez etorri omen zen istilu guztia. RTVEko langileen eskubideen aldeko begizta laranja batekin azaldu zen ekitaldira, eta antza denez, bi “erakunde” hauek ez zuten begi onez ikusi keinu hau.


'Loreak', sariz sari Goyatara bidean

Nazioarteko zinemaldietan ibilbide oparoa egiten ari da Loreak filma eta sari aipagarriak lortu ditu. Azkenekoak, Itziar Aizpuruk jasotako bigarren mailako aktore onenaren Feroz sariak, aretoko publikoa altxarazi eta txaloka jarri du.


"Loreak", film onenaren Goya sarirako hautagai

Espainiako Estatuko zine akademiak urtero banatzen dituen Goya Sarietan leku garrantzitsua izango du Loreak euskal filmak. Lehen aldiz, euskaraz errodaturiko lan bat pelikula onenaren sarirako hautagai izango da, beste lau lanekin batera.


Eguneraketa berriak daude