Kataluniako independentziari buruzko galdeketa zein egunetan egingo den eta galdera zein izango den abenduaren erdialdean jakinaraztea desio duela esan du Artur Mas presidenteak. PSCko idazkari nagusi Pere Navarroren hitzetan, galdeketarik ez da egingo 2014an.
Joan Tardá ERCko buruak, presidentearen ildo beretik, data eta egin beharreko galdera zazpi asteren buruan zehaztuko direla esan du. Abenduaren 15a baino lehen, hortaz.
ICV-ko koordinatzaile Dolors Camatsek ere bere alderdiak galdeketari ez diola uko egingo adierazi du: "Uko egin nahi diote batzuek, Konstituzioa aldatzearen edota plebiszitu-hauteskundeak deitzearen truke, eta, batez ere, PSOEri aurre ez egiteagatik".
Pere Navarroren hitzei erantzunez –PSCko idazkari nagusiak adierazi du CiU eta ERC herritarrak engainatzen ari direla–, Artur Masek esan du ez duela haren jarrera aldaketa ulertzen: "Ostiralean bilera adeitu eta positiboa izan genuen. Honek erakusten du, noizean behin, PSC-k ez dakiela non dagoen".
"Ahal den guztia egiten ari gara galdeketa 2014an burutu dadin, eta Navarroa jaunak badaki hori", esan du Masek: "Beste kontu bat izango da Estatuko erakundeek galdeketa deitzea eragozten badigute edozein bide erabilita".