Frisiera goi ikasketa irakaslerik gabe geratu da

  • Frisia Herbeheretako ipar mendebaldean dagoen estaturik gabeko nazioa da, eta frisiera hizkuntza gutxitua da. Groningeneko Unibertsitatean soilik eskaintzen zituzten hizkuntza horren goi ikasketak. Horretan ari zen azken irakaslea erretiratu da, eta unibertsitateak ez du ordezkorik kontratatu, eta salatu dute hizkuntzaren galeran eragingo duela.

Frisiako bandera.

2023ko urtarrilaren 18an - 08:00
Azken eguneraketa: 13:01

Frisiera Hizkuntza eta Literatura gradua irakasten zuen Goffe Jensma irakasleak Herbeheretako Groningeneko Unibertsitatean (RUG), baina 67 urterekin erretiroa hartu zuen irailean, eta haren ordez ez dute inor kontratatu. Soilik astean bi egunez lan egiten duen irakasle laguntzaile bat jarri dute haren tokian, ez irakasle titular bat. Azken urteetan bost eta hamabost ikasle artean izan ditu graduak, eta aurten lau daude.

Hutsune horrek hautsak harrotu ditu Frisian, eta hizkuntza gutxitua izanik, frisieraren galeran are gehiago eragingo duela salatu dute hainbat adituk eta herritarrek. Protestak egin dituzte, eta, besteak beste, 70 idazle, zientzialari eta administrazioko langilek unibertsitateari eskutitz bat igorri diote, eta ministro batek kezka adierazi du parlamentuan.

NRC nederlanderazko egunkariak astelehenean jakitera eman duenez, RUG derrigortuta dago frisierako ikasketak eskaintzera, akordio bat baitu Frisiako administrazioarekin, eta azken horrek eta Herbeheretako Gobernuak 110.000 euro ematen dizkiote urtero, unibertsitateak frisiera babesten lagun dezan.

Trabak hizkuntza gutxituari

Jensma irakasle erretiratuak NCRri eskainitako elkarrizketan gogorarazi du frisiera Herbeheretako bigarren hizkuntza ofiziala dela, eta hizkuntza gutxitu hori babesteko betebeharra legez jasota dagoela. Egun, Frisiako biztanleen %60k egunerokotasunean erabiltzen du frisiera, administrazioak 2019an egindako ikerketa baten arabera. Halere, bertsolaritza eredu hartuta frisierazko bartelje ahozko inprobisazioaren sortzaileek ARGIAri kontatu ziotenez, etxeko eta lagunarteko hizkuntzatzat dute gehienek. Eremu publikoan nederlanderara eta ingelesera jotzen dute, eta arlo formalean ez da frisiera ikusten.

"Frisian ez dugu Francoren diktadurarik izan, nederlanderaren eta frisieraren arteko harremana ez da gatazkatsua", zioten bartelje proiektuaren sortzaileek. Dena dela, frisierak arriskuan dagoen hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen du: "Nederlanderaz baino ez dakitenek ez daukate jarrera oldarkorrik frisierarekin, baina interesik ere ez dute gure hizkuntzan". Alegia, interes gabezia horrek ere hizkuntzaren galeran eragiten du.

Jensmak argitu du 50eko hamarraldian baino gutxiago erabiltzen dela, baina "katalana edo galesera baino hizkuntza sendoagoa" dela, "jende gehiagok hitz egiten duelako". Irakasleak kritikatu du urtez urte ikusi duela ikasketa horiei trabak ezarri zaizkiela: "Frisiera, ikasketa gisa, pixkanaka xurgatu egin dute RUGen, nazioarteko lehia dela-eta". Ohartarazi du unibertsitatea aitzakiak jartzen ari dela irakaslerik ez kontratatzeko, eta RUGek "benetako esfortzuak" egin ezean, "eutanasia linguistikoa" gertatuko dela aurreikusi du. Neurriak eskatu dizkie instituzioei: "Harritzen nau nola Ministeritza eta Frisiako administrazioa ez diren ari gogorrago jokatzen unibertsitatearen aurka".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frisia
2018-09-09 | Dabi Piedra
Frisieraren erabilera bultzatzeko euren bertsogintza asmatu dute zerotik, bertsolaritza oinarri hartuta

Euskal bertsolaritzaren eragin sozialak liluratuta, frisierazko ahozko inprobisazioa hutsetik sortu dute bertako dozena erdi lagunek, gazteak hizkuntzarekin jolastera animatu daitezen. Tradiziorik ezean, euskal bertsolaritzatik egokitu dituzte bartelje-ren oinarrizko arauak.


2017-09-27 | ARGIA
Txerokiera, frisiera, eta esperantoa ezagutzeko aukera izango da Oihaneder Euskararen Etxean

Sei hizkuntza landuko dituzte Gasteizko Euskararen Etxean ikasturtean zehar. Txerokieraz, frisieraz eta esperantoaz gain zeinu hizkuntzak, kokama eta kaxubiera aztertuko dituzte.


Eguneraketa berriak daude