FairCoin kripto-moneta alternatiboak bestelako ekonomia bultzatu nahi du

  • Kripto-txanponak asko ugaritu dira azken urteetan, baina fama txarra hartu dute espekulazioarengatik, burbuila ekonomikoak sortzeagatik eta prezioen gorabehera handiengatik, besteak beste. Baina kripto-moneta guztiak al daude kondenatuta betiko diruarekin jada ezagunak ziren problemak errepikatzera? Ezetz uste dute FairCoin bultzatu dutenek. Posible dela kripto-txanpon alternatibo bat, kapitalismotik kanpo funtzionatzen lagunduko duena.


2018ko urriaren 24an - 11:40
%99arentzako moneta gisa aurkezten du bere burua FairCoinek.

2014an sortu zuten FairCoin, kripto-txanpon ekologiko eta post-kapitalista bezala. Cooperativa Integral Catalana (CIC) erakundea izan da bultzatzaile nagusia eta txanpon digitalaren funtsezko printzipioa iraultzailea da: ekonomia- eta gizarte-bizitza eraldatu behar direla hierarkiak, patriarkatua eta harreman kapitalistak puskatuz eta horien ordez eredu askatzaileak martxan jarriz.

Horizontaltasuna eta erabakiak kontsentsuz hartzea dira kripto-txanpon hau bultzatzen duen FairCoop egitasmoaren funtsezko printzipioak. Funtzionatzeko era horrekin, estatuek bultzatutako monetetatik desberdindu nahi dute, haien balioa erabakitzea gutxi batzuen esku baitago. Filosofia horrek lehen lerroan jartzen du erabaki politikoa, kriptografia eta merkatuaren legeak nagusitzea saihestuz.

Eta horrek egiten du desberdin, adibidez, BitCoinekin alderatuta: kripto-txanponen artean ezaguna egin dena maiz kritikatu izan dute hura produzitzeko prozesuan energia-gastu handia eragiten duelako, baita transakzioak onartzeko ere. FairCoin berriz, oso modu desberdinean funtzionatzen duen dibisa digitala da, ordenagailu gutxi batzuek kolaboratzen dute transakzioak onartzeko eta beraz, energia-kontsumoa gutxitzen da.

Egitasmoaren atzean dagoen aurpegi ezagunenetako bat aspaldiko ezaguna da: Enric Duran, 2008an hainbat bankuri ia milioi erdi euro lapurtu eta diru hori gizarte-alternatibaren zerbitzura jarri zuen “Robin Hood” kataluniarra.

FairCoin-ek badu diferentziarik orain arte ezagutu ditugun moneta alternatiboekin –Euskal Herrian Euskoa da mota horretako moneten erakusgarri nagusia; azken urteetan munduko beste hainbat lekutan ere antzeko txanponak ugaritu dira–: betiko diruaren alternatibek izaera lokala dute, tokian tokiko ekonomiak indartzeko bokazioa. FairCoin-ekin berriz, lokaletik globalerako urratsa eman nahi dute bultzatzaileek eta horretarako, autonomoki antolatuta dauden nodo lokalak nazioarteko ekosistema batean elkartzea da xedea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kripto-txanponak
Kripto-txanponen prezioak behera egiten jarraitzen du

Azken sei hilabeteetan 48.884 dolarretik 20.694 dolarrera jaitsi da kripto-txanponen prezioa.


2022-03-13 | Diana Franco
Teknologia
Ukraina eta internet

Ukrainan dauden herritarrengatik arduratuta, laguntzen saiatzen ari da jende asko. Eremu digitalari lotuta, bi laguntza ekintza interesgarri ezagutu ditut. Batetik, harritu nau Pussy Riot Errusiako punk taldeak Ukrainako herritarrei laguntzeko 6 milioi eurotan baloraturiko... [+]


Eguneraketa berriak daude