Ezkerreko "fatxak"


2022ko abenduaren 25an - 08:30

“Eskuin muturraren estrategia berria: “Fatxa” iraina edukiz hustu eta beraiek aldarrikatzea.” Hala zioen ARGIAn, Leire Artolaren eskutik, duela hilabete batzuk argitaratutako albisteak. NEOS erakundeak egindako eta, ondoren, Isabel DÍaz Ayusok bere Twitterrean partekatutako #SOYFACHA bideoaren harira zetorren Artolak idatzitakoa. Bideoan, Ni ere bai (Me too) terminoa erabiltzen zen fatxa hitzarekin kidetasuna adierazteko, fatxa hitzaz harro sentitzeko eta espainola izateaz ez lotsatzeko aldarrikapena egiteko.

Fenomeno horren aurrean bereizi daitekeen sintometako bat da taula politikoaren nahaste borrastearena, izan ere, eskuinak fatxa hitza onartu eta barneratzean, tradizioz ezkerrarena izan den estrategia bat erabiltzen ari da, hots; iseka dena laudorio eta sinbolo bihurtu. (“Proletargoa” Marxismoren kasuan, “marika” eta “bollera” LGBTIQ+enean). Estrategia horrekin batera, eskuineko taldeek ezkerrari kritika sozialaren eta aldarrikapenaren esparrua eskuratzeko gaitasuna dutela ere erakutsi dute. Feminismoaren aferak, immigrazio eta ekologismoan, eskuinak badu zer esanen bat bere posizioa indartu eta aurkariarena ahultzeko. Izan ere, aldarrikapen soziala, iraultzaren eta justiziaren adierazpenak geroz eta erabiliagoak dira eskuinaren komunikazio politikoan. Deigarriena, gaiak ez ezik, ezkerraren estetika politikoa ere bereganatzea lortu izana da. Harrigarriki, orain eskuinekoa izatea ere iraultzailea da. Ezker mehatxatzailea inposatu nahian dabilen idearioa borrokatzea, autoritateari erronka botatzea (batik bat gobernua aurrerakoia denean), feminismoari aurka egitea, politikoki zuzena ez izatea, merkatuaren legeak babestea, nahi indibidualak aburu kolektiboak baino gehiago hobestea…

Eskuinaren indarberritze honen aurrean, ezkerreko alderdi, kolektibo eta sektoreek, zenbait borroka irabazita zituztelako ustean, benetako borroka egiteaz ahaztu dira. Argudiaketa zorrotzaren eta errotik hartutako diskurtso serioaren beharrean, zeharkako aldarrikapena eta fundamenturik gabeko kritika dira nagusi ezkerrean. Progresismoaren ezker garaikideak statu-quoko ideologia dirudi, ideologia iraultzailea beharrean. Orain iraultzaleagoa dirudi ezker progrearen inposaketa kultural eta harrokeria moralaren aurka borrakatzea. Gauzak honela, hainbat galdera datorkit burura: Zein neurritan ahalbidetu dute ezkerreko partaide eta jarraitzaileek eraldaketa hau? Eta, zergatik dirudite ezkerrekoak fatxak eta eskuineko iraultzaileak?

Eskuinaren sektoreak progre, komunista eta bestelako hitzen erabilera zabaldu duen moduan, ezkerreko sektoreari faxista, eskuin-muturra, ultra-eskuina eta bestelako hitzekin bete zaio ahoa. Hitz horiek hainbeste errepikatzeak eta ganorarik gabe oihukatzeak hitzen baliogabetzea sortarazi du. Ondorioa? Politika instituzionalean zein kaleko hizkuntzan darabiltzagun hitzak baliorik gabe geratzea. Argi geratzen da, modu horretara, fatxa hitza iseka nola bihurtu den. Fatxa hori baino ez baita, iseka bat gehiago, baliorik gabeko hitz iraingarri bat. Leire Artolak adierazten zigun ildotik, eduki politikoz zeharo hustutako hitza. Bide beretik doaz faxista, ultra-eskuin, eskuin-mutur, totalitarista, diktatorial eta ezkerrekoek harriak balira bezala jaurtitzen dituzten hitzak. Artikulu honen izenburuak berak, ondorioz, ez digu ezkerraz ezertxo ere esaten, irain bat baino ez dio eskaintzen-eta, beste edozein irainen mailara baitago fatxa hitza.

Fatxa hitza Italierako faxismotik dator. Geure kaleko erabileran, Espainaren alde eta euskal munduaren aurka ageri den pertsonak seinalatzeko erabiltzen dugu. PP eta Vox-ekoak; fatxa, bandera espainola daramana; fatxa, espainola sentitzen dena; fatxa, ezkerraren proposamenekin bat ez datorrena; fatxa. Kontua da, bat-batean dena faxismoan eta frankismoan bilakatzen badugu, nekez bereiziko dugula benetako faxismoa itxurazkoaz. Hots, dena faxismoa bada ezer ez da. Mantra berberak behin eta berriz errepikatzea eta alderdiaren ideologiak esandakoa agindu moral gisa hartzea baino portaera faxistagorik ez dago. Ezkerrak ez badu iraintzen eta mespretxatzen duen eskuinean bihurtu nahi, lanean gogor hasi beharra dauka. Benetako kritika exijitu behar zaio; hitzen erabilera zuzena, kontzeptuen adierazpen zehatza eta auzien trataera soziala eta sakona, demagogiara eta moralismora jo gabe. Bien bitartean, ez dezagun fatxa hitza gehiago erabili edo, behintzat, erabili dezagun ganoraz, fundamentuz eta soilik merezi duenari zuzenduta.

Joanes Tovar Torres, Filosofia, Ekonomia eta Politikako ikaslea Deustoko Unibertsitatean.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.


Eguneraketa berriak daude