“Ez gara errefuxiatuak salbatzera joan, salaketa egitera baizik”

  • Arabako 28 lagun egon berri dira Grezian, bertako errefuxiatuen egoera ezagutu eta konponbideak aldarrikatzeko. Espero zutena baino "egoera gogorragoa" aurkitu dute.


2016ko abuztuaren 02an - 08:59
Eneko Diaz de la Barcena karabanatik bueltan. (Argazkia: Arabako Alea)

Ia sei mila kilometro egin berri dituzte 28 arabarrek, "Karabana Greziara" ekimenaren baitan. Eneko Diaz de la Barcena 23 urteko gaztea izan da horietako bat.  Autobusetik jaitsi eta zortzi ordura egin du ALEArekin hitzordua, Grezian bizitakoa oraindik haragi bizian duela. 

Hamaika eguneko karabanatik itzuli berri zarete. Ausartuko zinateke bidaia zer izan den kontatzeko bospasei hitz aukeratzera? 

Ez da erraza, baina... ilusioa, konpromisoa, elkarlana, aldarrikapena eta borrokan jarraitzeko grina. Errefuxiatuek azken hori transmititu digute, batez ere: borrokan jarraitzeko indarra. 

Hausnarketa pausatuago baten faltan, zer ekarri duzue Greziatik? 

Orokorrean, bagenuen errefuxiatuen inguruko ikuspuntu bat, eta gutako asko jada egonda zegoen halako kanpalekuetan, boluntario moduan-eta, baina asko ikasi dugu guk guztiok. Batez ere, komunikabideen bitartez bizi ezin ditugun gauzak bizi izan ditugu eta, finean, egoera gogor horretara maila pertsonalean gerturatzeak asko zabaldu du gure ikuspuntua. 

Gogorra izango zen esperientzia...

Imajinatzen genuena baino gogorragoa, bai errefuxiatuei dagokionez, baita Greziako egoerari dagokionez ere. Tesalonika da herrialdeko hiririk aberatsenetarikoa, eta hala ere oso egoera latzean ikusi dugu.

Karabanak zuei eman dizuenaz gain, zer eraman duzue zuek Greziako kanpalekuetara? Zer ekarpen egin duzue?

Gauza bat hasiera-hasieratik genuen argi: gu ez gara errefuxiatuen salbatzaile bezala aritzera joan. Egoera salatu eta errefuxiatuen eskubideak bermatu behar direla adierazi dugun pertsona talde bat besterik ez gara. Espainiako Gobernuak eta Europako Batasunak giza eskubideak berma ditzaten eta egoera konpondu dezaten nahi dugu, orain arte petatxuak jarri besterik ez dutelako egin.

 

Zertan ibili zarete zehazki?

Herri eta hiri ezberdinetan hainbat ekitaldi politiko egin ditugu: elkarretaratzeak, manifestazioak... Ondoren, behin Tesalonika hirian, No Borders nazioarteko kanpalekua bisitatu dugu, baita Etorkinen aldi baterako egonaldi zentroak ere. Ez dugu boluntario lana egin: hango egoera ikustaraztera eta salatzera joan gara.

Aurreikusten zenutena aurkitu duzue han, ala espero ez zenuten zerbaitekin egin al duzue topo?

Egoera gogorra espero genuen, eta burua horretarako prest izaten saiatu izan gara, baina, pertsonalki, ni asko harritu nau kanpalekuetan aurkitu dugun ume kopuruak: kanpamentu batzuetan errefuxiatuen erdia umeak dira, eta beste asko haurdun dauden andreak. Arretarik gabe daude haur asko, eta zenbaitek droga arazoak dituzte, itsasgarriarekin-eta. Begirada galduta dabiltza batzuk. Urteak emango dituzte han sartuta, eta zenbait bertan jaio dira: haurtzaro horrekin, oso zaila izango da haientzat gizartean integratzea.  

Zer helarazi dizuete errefuxiatuek? Zer eskakizun, zer aldarrikapen?

Galdera bat errepikatu digute behin eta berriro: Zergatik? Zergatik gaude gu hemen, guk ez badugu ezer egin? Azken finean, kartzela moduko batean dude, bai kanpalekuetan baita aldi baterako zentroetan ere: alanbrezko-hesiez inguratuta, leku erabat militarizatu batean, mugitzeko askatasunik gabe... Ez dute ulertzen zergatik egon behar diren hor, zergatik gobernuek ez dieten inolako irteerarik ematen. 

Harreman pertsonalak egingo zenituzten ere...

Pertsonalki, Abdul ezagutu nuen, ni bezalako gazte bat, 23 urtekoa: arabiar-filologia ikasten zuen Sirian, baina azkenengo maila utzi behar izan zuen, bere adinarekin bai gobernu siriarrak bai ISIS taldeak errekrutatuko zutelako. Ospa egin zuen. Oinez joan zen Turkiaraino eta gero bi patera hartu zituen. Paterako bideoak erakutsi zizkidan, eta irribarrez agertzen zen bertan; indar horrek asko harritu ninduen. Abdulek ikasteko eta lan egiteko gogoa du, baina Europako Batasuna eta Turkiaren arteko akordioak ez dio aurrera egiten uzten. Ez atzera ez aurrera dago. Eta berea bezalako egoerak, agerikoa denez, kaltegarriak dira errefuxiatuentzat, baina baita Europako ekonomia eta gizarte-egoerarentzat ere.

 

Arazorik izan al duzue zuen egonaldian?

Etorkinentzako zentro batean geundela, gas negar-eragilea bota zuen Poliziak, eta begiak garbitzen eta azalean krema ematen egon behar izan genuen. Bestalde, Espainiako enbaxadarekin pasarte desatsegina izan dugu. Guri harrera egitea espero genuen, baina iritsi ginenean enbaxadorea oporretan zegoela esan ziguten, eta kontsul bat atera zen gurekin hitz egitera, enbaxadara sartzen utzi gabe ere.

Eta kanpalekuan bertan, gatazkarik?

Arazorik ez. Diferentziak bai, argazkiekin adibidez: kanpalekuko koordinatzaile anarkistek argazkirik ez ateratzeko eskatu ziguten, eta horrek arreta deitu zigun, guk kamera guztiak prest eraman genituelako, komunikazio lana egiteko. Bestalde, kanpaleku horren leloa No borders, no nation da, eta gu ikurrina pilorekin sartu ginen bertara... pentsa! Ez jartzeko eskatu ziguten. Tira, ikuspuntu ezberdinen arteko talka normalak besterik ez dira izan.

Zein izan da bizi izan duzuen pasarterik gogorrena?

Pasarterik gogorrenak kanpalekuetara bisitak izan dira, dudarik gabe. Gauza bat da errefuxiatuen egoera  modu orokorrean ezagutzea, eta beste gauza bat aurpegia jarri eta modu pertsonalean haien istorioak entzutea. Gu modu pasibo batean sartzen ginen kanpalekuetara, hori ez delako zoologiko bat, baina berehala gonbidatzen gintuzten euren dendetara eta denetarik eskaintzen ziguten; euretako askok haien testigantzak grabatzea nahi zuten, bizi duten egoera plazaratu dezagun. Azken finean, gu itzuli egin gara, baina haiek han jarraitzen dute.

Eta gauzarik itxaropentsuena? Itxaropenerako lekurik egon baldin bada...

Errefuxiatuek eurek eskaintzen dizuten irribarrea da itxaropenerako arrazoi nagusia: euren bizitzaren alde borrokan jarraitzeko indarra dute. Beste alde batetik, itxaropentsua da ere No Borders kanpalekuan Europa osoko eta Hego Amerikako ekintzaileak ikustea, horrek erakusten duelako gizartean gutxieneko kontzientzia bat badugula.  

Ba al duzue beste karabanaren bat agendan?

Bai, badugu asmoa Ceuta eta Melillara joateko, eta Frantziako Calais hiriko kanpalekura ere. Bizitakoa bizi ondoren, gauzak egiten jarraitzeko indar handia dugu.

Nondik norakoak: 'Karabana greziara'

Hamaika egun: uztailaren 15ean abiatu ziren Gasteiztik, eta Santiago egunean itzuli ziren Arabara.

6.000 kilometro: joateko ia 3.000 kilometro eta itzultzeko beste horrenbeste egin dituzte, autobusez eta ferryz. 

28 arabar: Guztira, ia 30 arabarrek parte hartu dute Greziara antolatutako karabanan, 20-60 urte bitartekoak; gehienak, Gasteizkoak, baina baita Agurain eta Artziniega bezalako herrietakoak ere. Haiekin batera, beste 100 euskal herritar joan dira kanpalekuetara, Nafarroa eta Bizkaikoak batik bat. Estatutik beste hiru autobusek parte hartu dute.

Elkarlanean: Estatuko gizarte mugimendu ezberdinek parte hartu dute. Euskal Herritik, honakoak aritu dira karabana koordinatzen: Gasteiz Irekia, Lautada Bero (Arabako Lautada), Iruñea Harrera Hiria eta Ongi Etorri Errefuxiatuak (Bizkaia). 

Hurrengo karabanak: Ceuta eta Melillara; ondoren, Frantziako Calais hiriko kanpalekura. 

Harremanak: caravanagreciaaraba@gmail.com

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta egile eta komunikabideen baimenari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Itsaso zabalean migranteak ontzitik botata ito dituzte Greziako kostazainek, BBCren arabera

Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude