Euskal Hirigune Elkargoak eduki beharreko desafioa: departamendu propioaren sorrera


2022ko azaroaren 18an - 11:40

Aspaldiko kontua da, badakit, baina gaurkoan ostera ere erreibindikatu beharra daukat EHE-arentzako departamendu propioaren sorrera. Askotxo gara ekimen hori urteetan zehar defendatu izan dugunak baina, tamalez, Frantziak beti jarri ditu oztopo franko bidean, ez baitu Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak departamendu berria osa dezaten nahi.

Frantziako Iraultzaren ondoan, 1790eko martxoaren 4an lurralde-antolamendurako plana taxutzeari ekin zioten. Historikoki Ipar Euskal Herria osatu izan duten hiru lurralde historikoak eta Biarnoko Bizkonderri historikoa batzearen ondore izan zen garai hartan Pirinio Behereak izena hartu zuen departamendua. 1969ra arte itxaron behar izan genuen departamenduaren izena egungoa izateko, Pirinio Atlantikoak, alegia.

Hasiera batean, departamenduko hiriburua Nabarrengose izan zen, Zuberoatik oso hurren zegoen herria. Baina, geroago, hiriburua Pauek izan behar zuen deliberoa hartu zuten. Eta hala da egun, Paue baita departamenduko hiri nagusia eta departamendu kontseiluaren egoitza.

Kontua da Ipar Euskal Herria eta Biarno, berez, ase desberdinak direla, kulturan, berezko hizkuntzan eta orotan. Haatik, eta Ipar Euskal Herriko erakundeek eginiko proposamenen despit, Frantziako Estatuko instituzioek behin eta berriz ukatu izan dute Lapurdi, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren berezitasuna. Argi dago ez dutela kontuan eduki Ipar Euskal Herritarren % 66,6 departamendu bereizi baten osaketaren bando daudela. Halaber, 2006. urtean bertako hautetsiei eginiko itaunketa batek zera ondorioztatzera garamatza: hiru lurralde historikoetako auzapezen % 64 departamendu berriaren sorreraren alde daudela. Agidanean, egun zifra horren ingurukoa da banantzearen aldeko jarrera.

Baten batek pentsa lezake departamendu propioaren idea aldeztea ideologiaren araberakoa dela, baina, egiatan, ez da hala. Izan ere, Hautetsien Elkartea delakoak Ipar Euskal Herriko auzapez, kontseilari orokor eta kontseilari erregionalak biltzen dituen elkartea da, hala ezkertiarrak nola eskuindarrak, hots, ideologia orotakoak. Eta hala da, helburua komuna denean, ideologia albo batera utzi eta arras diferenteak diren alderdietako kideek ukondoz ukondo egin behar dutelako lan, euren jomuga bertsua baita.

Eta halatan ibili dira ordezkari politiko anitz galtoz, Frantziak beren eskariari jaramon egin diezaion. Baina debaldetan egin dutela dirudi. Jakina da Les Republicains eta Rassemblement National zeharo amorratzen dituela gaia entzute hutsak, eta ez dutela inongo asmorik etengabeko galtoei kasu egiteko.

Eta Alderdi Sozialista? Hor dago gakoa: PS alderdian kristoren zatiketa dago afera honi dagokionez. Badaude eskaera egitearen aldeko ordezkariak, eta baita horren aurka daudenak ere. Azken talde honetan badago ene interesa ernatzen duen pertsonaia bat: Jean Espilondo. Angeluko mera ohia, Espilondo PSk Ipar Euskal Herrian duen kiderik jakobinoena dela esan genezake. Bera beti azaldu izan da euskalduntasunaren onarpenaren kontra, eta gure hizkuntza ofiziala izatearen aurkako jarrera irmoa du. Angelunondo ezagutzen dute zer pentsatzen duen euskararen ofizialtasunaz eta, beharbada, horrexegatik galdu zituen 2014ko boz munizipalak.

Laburbilduz, aipatutako ekimenak gorabehera, gaitza da Ipar Euskal Herritarrek herri-kontsulta batean bozkatu ahal izango dutela pentsatzea, batik bat Frantziako instituzio zentralen eta botere nagusien borondate-faltagatik. Baina hemendik, egunen batean gure hizkuntza eta kulturari mesede egingo dien urrats ttipi bezain inportantea emango den peskizan, Ipar Euskal Herriarentzako behar-beharrezkoa den departamendua sortzeko bidean sekula ere amore eman behar ez dela aldarrikatu nahi dut. Zailak diruditen gauzak, maiz, ekinez erdiesten dira.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude