Euren etxeak eraisteko aginduaren aurka protesta-elkarretaratzea egin du Astika Herriak Erandion

  • Dozenaka lagun elkartu dira ostegun eguerdian Erandioko Udaletxearen aurrean, Astika Herriak deituta. Mobilizazioaren bidez, Udalak euren etxeak eraisteko agindua eman izana kritikatu gura izan dute, "guri jakinarazi barik sikiera". Hainbat baserri zaharrek osatzen dute Astika, azken hamazortzi urteetan okupatutako eta berreraikitako auzoa.


2020ko uztailaren 17an - 06:50
Elkarretaratzean egindako argazkietako bat. (Argazkia: Hodei Torres / Hiruka)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Deitzaileek azaldu dutenez, uztailaren 9an jakin zuten Erandioko Udalak euren etxeak eraisteko baimena eman diola Labartain SL enpresari, "gure bizi-proiektua garatzen dugun lekuan makro-azpiegitura bat eraikitzeko". Gogor kritikatu dute baimen hori eman izana bertan jendea bizi dela jakin arren.  

"Astikaren kontrako erasoak kutsu sinboliko nabaria du", adierazi dute gaurko elkarretaratzearen amaieran, "auzoa kapitalarentzako toki estrategikoan baitago, bi autobideren, merkataritza-gune baten eta industria-gune baten artean". Izan ere, Faoeta auzotik hurbil dago Astika, haren eta Carrefour merkataritza-gunearen artean.

"Kapitalaren eta Bizitzaren arteko talka"

"Astikako gatazkaren muinean aurkako bi jarreraren arteko talka dago", esan dute, "Kapitalaren eta Bizitzaren arteko talka. Alde batean gutxi batzuen interes ekonomikoak daude: Abiadura Handiko Trena eraikitzeko gure mendiak suntsitzen dituztenak, eraikuntzarekin espekulatzeko gaztetxeak desalojatzen dituztenak, turisten beharrizanei erantzuteko auzokideak haien auzoetatik botatzen dituztenak. Beste aldean erresistitzen dugunak gaude, mundu zuzenago eta solidarioago baten alde borroka jarraitzen dugunak".

Auzoko baserri batzuk XVI. mendekoak dira, Astika Herriaren esanetan. "Erortzear zeudela topatu genituen, eta azken hamazortzi urteetan berreraiki eta bizitzaz bete ditugu". Eraisketa-baimeneraino ailegatzeko prozesua, berriz, 2010ean hasi zela gogorarazi dute, Erandioko Udalak orduan birsailkatu baitzuen eremua, nekazaritzarako lurzoru izaera kendu eta industria-lurzoru izendatzeko. "Gure mezua zabalduz, okupazioaren eta etxebizitza izateko eskubidearen gaineko eztabaida mahai gainean ipintzeko itxaropena dugu", gaineratu du Astika Herriak.


Okupazioa kanalean gehiago
2026ko otsailaren 2
Libertà

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.