Etxegarai eta Iriarten arteko lehia "ekiditea" eskatu du abertzale ezkertiar talde batek

  • Mediabask-ei bidali diote gutuna hogei bat militante abertzale eta ezkertiarrek. Euskal Hirigune Elkargorako presidentetzarako buruz burukoaz eta Etxegarai eta Iriarten arteko kanpaina oso zatitzaile baten arriskuaz jakinean, ondokoa diote: “Ez zaigu iduri Euskal Herriaren onerako izan daitezkeenik”.


2020ko uztailaren 02an - 11:47

Herrietako hauteskundeak bururaturik, Euskal Hirigune Elkargorako presidentea hautatu beharko dute uztailaren 17an instituzio honetako kargudunek. Nahiz eta ez batak ez besteak ez duen ofizialki baieztatu hautagaitza, Alain Iriart Hiriburuko auzapez abertzaleak jakinarazi zuen aurkezteko gogo handia duela eta Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapeza izanki orain arteko presidentea, litekeena da berriro ere aurkeztea. Hori horrela, haien irakurketa publiko egiteko beharra sentitu dute hogei bat abertzale ezkertiarrek Mediabask-ei bidali gutunaren bidez. Tartean dira, besteak beste, Xabi Larralde, Grazi Etxebehere, Mixel Berhokoirigoin, Daniel Olzomendi zein Jasone Salaberria. Gutuna eta izenpetzaileen zerrenda osorik irakurri daitezke euskaraz Kazeta.info-n.

“Alde batetik, Jean Rene Etxegaraik badu Euskal Elkargoaren sortzaile nagusietarikoa izateak ematen dion legitimotasuna, urrun heldu nahi den erakunde berria baldintza zailetan eta makurrik gabe plantan ezartzea erdietsirik. Beraz, gure iduriko, ‘hiru urteko kargualdi erdi’ hori bururaino segitzeko legitimotasun osoa badu. Bestalde, ezkerreko ideia abertzale eta ekologistak Iparraldeko paisaia politikoaren errealitate garrantzitsu eta bazterrezin bilakatu dira. Ondorioz, zor zaien heinean ordezkatuak izan behar dira Euskal Elkargoaren instantzietan. Segur gara hori dela Historiaren zentzua eta jokabide arduratsuena, Euskal Herriak heldu diren urteetan agertuko diren alimaleko desafioei molde eraginkorrean buru egiteko ahala ukan dezan”. Horra hogei bat abertzale ezkertiarrek plazaratu duten mezua. Mediabask-ei bidalitako gutun bidea, Euskal Hirigune Elkargorako presidentetzarako lehiari buruzko iritzia palazaratu dute: Egindako bideaz eta oraindik egitekoa denaz arduratsu, bi hautagaien arteko adostasun batera heltzeko beharra ikusten dute gutunaren izenpetzaileek.

Bi hautagaiak BATERAn militante

Alain Iriart EH Bai-ko hautetsi abertzalea da, Jean-Rene Etxegarai haatik zentro-eskuinekoa da eta ez da abertzalea. Hala eta guztiz ere biak aritu dira urte luzeetan BATERA plataforman militatzen, tartean Ipar Euskal Herriarentzako instituzio propio bat lortzeko. Gutunaren izenpetzaileek ondokoa diote: “Nahiz eta aitzinamendu handiak egin diren azken urteetan, Euskal Herriarendako erabakigarriak diren obra anitz oraino sendotzekoak eta gauzatzekoak dira”. Horretarako BATERAko bi kideen arteko lehia saihestu eta “dinamika kolektibo positiboa segitzeko” deia luzatzen dute. Estatutu bereziko instituzio bat lortzeko Euskal Hirigune Elkargoaren oinarriak sendotu beharra; euskararen estatutu ofizialaren aldarria oraindik konpondu gabea; Laborantzaren eta Elikaduraren Erakunde Publikoaren gauzapena; bake prozesua… lan ardatz guzti horientzat “kohesio kolektiboarekin” segitzeko beharra ikusten dute izenpetzaileek. Are gehiago, larrialdi klimatikoan eta COVID-19ak ondorioztatu krisi sozial eta ekonomikoan kokatu dute eztabaida.

Eztabaida abertzaleen artean

Uztailaren 17an iraganen da Euskal Hirigune Elkargorako presidentearen bozketa. Anartean, bat eta besteak oraindik egin beharra dute haien hautagaitzaren plazaratzea. Gelditzen diren hamabost egunetan hauteskunde giroa nagusituko da oraindik ere Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Aurreikusi daiteke eztabaida egonen dela abertzaleen artean ere, bigarren itzuliko gauean Iker Elizalde hendaiarrak Euskal Komunikabideei zehaztera eman zuenaz, EH Bai koalizioak  gogoeta egin behar duelako gaiaren inguruan, eta oraindik ikusteko dagoelako "Iriarten eta EH Bairen gogoetek bat egiten duten".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Elkargoa bozkak 2020
Elkargoko instantzietan ordezkaritza azkarra nahi dute abertzaleek

Herrietako hauteskundeetan emaitza onak lorturik, Euskal Hirigune Elkargoan araberako ordezkaritza eskuratu nahian dabiltza abertzaleak. Uztailaren 31n bozkatuko den batzorde iraunkorrean sartzeko asmoarekin dira, ondotik hortik direlako izendatuko batzorde eragileko kargudunak... [+]


Etxegarai da berriz ere Euskal Elkargoko presidentea, botoen %63,8 bildurik

Euskal Hirigune Elkargorako presidente izaten segituko du ondoko sei urteetan. Hautagaitza bakarra izanda ere, hamasei boz bildu ditu Alain Iriart abertzaleak, bi Claude Olive Angeluko auzapezak eta bat Bernard Lougarot Gotaine-Irabarneko auzapezak. Zuri bozkatu dute 65... [+]


EH Bai-k erabaki du Etxegaraien aldeko apostua egitea, "ordezkaritza azkarra" eskuratuz gobernantzan

Euskal Hirigune Elkargorako presidentetzari dagokionez, gutxiengoa agertu da Alain Iriart Hiriburuko auzapezaren hautagaitzaren alde, uztailaren 9an Uztaritzen egin biltzar nagusian. Agiria bidali berri du EH Bai koalizioak bozka bidez harturiko erabakia zehazteko. Hautagaitza... [+]


Euskal Hirigune Elkargoko presidentetzarako aurkezteko gogoa du Alain Iriart abertzaleak

Euskal Hirigune Elkargoaren osaketari dagokionez, uztailaren 17an iraganen da bozketa. Oraingoz, Alain Iriart Hiriburuko auzapez abertzaleaz aparte, ez da ofizialki beste hautagairik aurkeztu. Jean Rene Etxegarai da egitura publiko honetako presidentea 2017ko sorreraz geroztik... [+]


Eguneraketa berriak daude