Elkargoko instantzietan ordezkaritza azkarra nahi dute abertzaleek

  • Herrietako hauteskundeetan emaitza onak lorturik, Euskal Hirigune Elkargoan araberako ordezkaritza eskuratu nahian dabiltza abertzaleak. Uztailaren 31n bozkatuko den batzorde iraunkorrean sartzeko asmoarekin dira, ondotik hortik direlako izendatuko batzorde eragileko kargudunak. Oraindik plenarioan bozkatua ez bada ere, lurraldeetako bilkuretako bozketei segi, minimoki hamar ordezkari ukan behar lituzkete batzorde iraunkorrean –hamar lurraldeetatik biren bozketa eskas da kopuru osoa jakiteko–.

2017-2020 urteetako Euskal Hirigune Elkargoaren lehen kargualdian 32 hautetsi ziren EH Bai koalizio abertzale ezkertiarreko kide ala hurbil kokatzen zirenak –EH Bai-k sostengaturiko zerrenda irekietako hautetsiak–. Aldi honetan gehiago dira: 40 eta 45 artean, hots, instituzioan aulkia duten hautetsien %18,5 inguru. Ondoko erronka argi dute: ahal bezain bat egotea elkargoko goi instantzietan –batzorde iraunkorrean zein batzorde eragilean–. Instituzio horren antolaketari segi, 232 hautetsiz osatua da batzarra eta hauetarik 72 dira batzorde iraunkorrean –bertan lantzen dituzte plenariora eramanen diren gaiak; batzorde orokorrak honen esku utzitako gaiei buruz ere erabakitzen dute– eta 72 hauetarik 34 dira izendatzen batzorde eragilean aritzeko –botere exekutiboa duen instantzia gorena, lehendakaritzaren ondotik–. Erreportaje hau ixterako orduan, Ipar Euskal Herriko hamar lurraldeetatik zortzitan hautatuak zituzten ordezkariak eta oraingoz abertzale ala hauetarik hurbil diren hamar ukanen dituzte batzorde iraunkorrean eta zortzi izendatuak izan dira batzorde eragilerako lehian parte hartzeko –Eneko Aldana, Filipe Aramendi, Solange Demarcq-Egiguren, Arño Gastambide, Alain Iriart, Gilbert Ocafrain, Daniel Olzomendi, Peio Quihillalt–. Hala ere zortziak batzorde exekutibora sartzea ez da segurra, horien ondoan beste hautagai batzuk ere badirelako eta elkargoko presidenteak dituelako guztien artean 24 hautatu beharko (beste hamarrak lurraldeetan izendatuak dira, lurraldeka bana; oraingoz Aldana, Gastambide, Iriart eta Ocafrain dira horrentzat izendatuak, horiek segurtaturik dute, beraz, aulkia).
Ordezkaritza hori inportantea zaie abertzaleei, are gehiago, EH Bai-k iragan uztailaren 9an Uztaritzen egin biltzar nagusian erabaki zuelako hautagaitza abertzalerik ez aurkeztea lehendakaritzarako, lehenetsiz “ahal bezain ordezkaritza handia” lortzea botere guneetan. 2017. eta 2020. urteen artean lau zituzten batzorde eragilean: Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, Bruno Carrere Uztaritzekoa, Daniel Olzomendi Izurakoa eta Peio Claverie Miarritzeko hautetsia. “Lehen kargualdian lau genituen, beraz aldi honetan lau baino gehiago nahi ditugu”, dio Nikolas Blain EH Bai-ko permanenteak. Zehazkiago, sei politika publiko dituzte lehenetsirik eta gutxienez hauetarik biren ardura eskatzen diote Jean-Rene Etxegarai presidenteari: Trantsizio ekologikoa, garapen ekonomikoa, hirigintza, etxebizitza, mugaz gaindiko harremanak eta euskara. “Sei gai horientzako bederen bi ordezkaritza nahi ditugu, jakinez orotara 24 ordezkari direla 21 politika publikoentzat, beraz beste gaietan ere ukan beharko ditugula”.
Uztailaren 17an burutu batzar orokorrean izendatu zuten berriz ere Etxegarai elkargoko lehendakari, botoen %63,8 bildurik. Ez zuen lehiakiderik ukan parean eta 232 hautetsietarik 148k harentzat bozkatu zuten, 65ek zuri, beste 16k Alain Iriart Hiriburuko auzapez abertzaleari bideratu zioten botoa –Mediabask-en irakurri daitekeenez, EH Bai-ren erabakiaz kexu, barne aldeko hautetsi ez-abertzale batek bere alde bozkatzeko deia luzatu zuen anonimoki Mediabask-en; hori horrela ezin jakin zehazki zein aldetatik lortu duen sostengua–, Claude Olive Angeluko auzapezak bi boto bildu zituen, eta Bernard Lougarot Gotaine-Irabarneko auzapezak bat.

Talde bat osatzeko asmoa

Hogei ordezkari baino gehiago ukanez gero, talde moduan antolatu daiteke alderdi politiko bat elkargoan. Bide hori irekitzeko asmoarekin da EH Bai koalizioa, iazko abenduko biltzar nagusian hori erabakirik. Abertzalez ere osatutako zerrenda zabal horietako beste hautetsiekin ere landu eta adostu behar du ideia, guztiak ez direlako EH Bai-n. “EH Bai kide eta hurbilekoen arteko talde bat? Ezkerreko progresistekin ere bai? Ideiaren alde bozkatu genuen, orain ideia babestu eta koadroa definitu behar ditugu”, Blainek dioenez. Talde gisa osatzeak hainbat tresna dakarzki: permanente baten enplegatzea, elkartu ahal izateko bulego baten lortzea eta abar.

"Lehen kargualdian lau hautetsi genituen batzorde eragilean, beraz aldi honetan lau baino gehiago nahi ditugu”
Nikolas Blain
EH Bai-ko permanentea


Talde modura osatu ala ez, harreman estua dute hautetsi abertzale eta hurbilekoek. Uztailaren 17ko elkargoaren batzarraren ondotik haien artean topatu ziren, elkar ezagutzeko eta talde dinamika elikatzeko. Funtsean, Euskal Hirigune Elkargoaren plenarioak diren aldi oro bilkura bat dute aitzin, elkarren artean gai-ordenaz solastatzeko, eztabaidatzeko eta ideiak adosteko.
Uztailaren 17ko bilera bukaturik, hainbat hautetsi abertzalerekin hitz egin zuen Argiak eta guztiek dituzte lehentasun berak ondoko sei urteentzat: Etxegarairekin negoziatzeko orduan “lehentasun” gisa kokatzen dituzten sei politika publikoak. Kostaldea eta barne aldearen arteko oreka ere ezinbestekotzat dute. Elkargoa ideia abertzaleak zabaltzen segitzeko bidea ere dela diote. “Abertzaleen pisua emendatu da eta espero dugu elkargoan ukan dezakegun ordezkaritza ere emendatzea, gure ideiak aurrera eramateko erraztasun gehiago emango digulako”, dio Eneko Aldana Ziburuko auzapezak. Pantxika Gallois Uztaritzeko hautetsiak dioenez, “kontsentsuaren izpiritua baldin bada ere, bidea luzea da oraindik eta gai batzuei buruzko desadostasunak daude eta hainbat kontu aitzina eraman behar ditugu abertzale gisa”. Euskarari buruz galdetuz gero, mezu bera luzatzen du Aldanak: “Ez dakit zer pasako den, baina guk abertzale gisa euskara zabaltzeko borondatea badugu eta hor izanen gara behin eta berriz gai hori mahai gainean ezarrarazteko”. Hizkuntza politikaren kargua abertzale baten esku gelditzea espero du Olzomendi Izurako auzapezak. Lehen hiru urteetan Beñat Arrabit Arrosako EAJ auzapezaren esku zen.

Euskara, ofizialki bertako hizkuntza

2018ko ekainaren 23an elkargoak “ofizialki” aitortu zituen euskara eta gaskoia Ipar Euskal Herriko hizkuntza gisa, frantsesaren ondoan. Nonbait, Frantziako Konstituzioarekin arazorik sortu gabe, bi hizkuntza gutxituei aitortza bat emateko urrats sinboliko baina garrantzitsua izan zen. Euskarari dagokionez ere kontsentsua bada. Adibide dugu uztailaren 17ko biltzarrean aho batez bozkatu izana Frantziako Hezkuntza Nazionalaren jarrera salatzen eta euskarazko murgiltzeko sistemaren alde doan mozioa. Alde izatetik alde egitera pasatzeko bideari lotu beharko dira ondoko sei urteetan, euskara ez delako osasuntsu ofizialtasunik ez duen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Demagun, batzar horietan itzulpen sistemaren aukera bideratzea litzateke keinu baikor bat edota elkargoaren komunikazioak euskaraz ere zabaltzea. EH Bai-ko permanenteak dio “presio eta bultzatze lana” egin beharko dutela eta horretarako dela inportantea hizkuntza politikaz arduratuko den lehendakariordea abertzalea izatea. Horrez gain, hizkuntza politikara bideratu aurrekontua araberakoa izan beharko dela dio, dirurik gabe nekez osatu daitekeelako hizkuntza politika ausart bat.
Uztailaren 31n batzorde iraunkorra bozkaturik, agorrilean zehar osatuko dute batzorde eragilea.

Anita Lopepe EH Bai-ko bozeramailea

Biltzar nagusi garrantzitsua burutu zuen EH Bai koalizio abertzale eta ezkertiarrak iragan uztailaren 9an, hor zutelako erabakitzen Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakaritzari buruz nola kokatu. Gaiaren garrantziaren eta interesaren seinale, 175 kidek parte hartu zuten bozketan. Harturiko erabakia xeheki azaldu digu koalizioko bozeramaileak, eta ondoko kargualdiari begira EH Bai-k dituen lehentasunei buruz ere aritu zaigu:

Elkargoko lehendakaritzari buruzko estrategiaz erabaki zenuten biltzar nagusian. Eztabaidaren kalitatea azpimarratu duzue.

Hori azpimarratu nahi izan dugu aitzineko egunak doi bat tentsiodunak izan zirelako. EH Bai-ren baitan finkaturiko barne-prozeduratik kanpo hainbat adierazpen egin ziren komunikabideetan, barne-mailako eztabaida pixka bat baldintzatu zutenak, eta formarengatik hainbat militantek sorpresaz hartu zituztenak. Bazen prozedura bat finkaturik: Elkargoaren baitan proiektu ezkertiar abertzale eta ekologista molde hoberenean defenditzeko hainbat hipotesia mahaigaineratuak ziren. Helburua hori genuen eta molde operatiboan, bi hipotesi atxiki ziren aztertzeko –lehendakarigai abertzale bat presentatzea eta sostengatzea, eta hautagai abertzalerik ez aurkeztea, baina egin ahalak egitea elkargoan pisatzeko–. Aitzineko biltzar nagusi batean bozkaturiko lan-talde bat zebilen bi bideen aztertzen. Eztabaida militanteen artean eraman nahi genuen eta tentsio eta desadostasunen gainetik pasaz, biziki molde eraikigarrian iragan da biltzar nagusia. Biltzar jendetsua izan da, 175 pertsonek parte hartu dute bozketan. Erronka eta erabaki politiko gotorra zen eta modu eraikitzailean burutu da, iritzi desberdinen errespetuan.

Ondorioztatu duzue hautagai abertzale bat aurkezteko baldintzak ez direla beterik.

Jakin behar da bi hipotesiak helburu berarekin planteatzen zirela, helburuari dagokionez ez delako batere desadostasunik. Gure proiektua aitzina eramateko eremuetarik bat da Euskal Hirigune Elkargoa; lan egin dugu elkargo hori sor zedin, eta gure proiektua eremu instituzionalean ere garatzekoa dugu. Egoera politikoaren azterketatik egin da ikuspuntuen diferentzia: hautagaitza abertzale baten aurkezteak ala ez aurkezteak lituzkeen arriskuak aztertu dira. Azken finean, irriskuen neurketa batetik etortzen da ikuspuntu desberdintasuna eta geroak digu erranen ea aukera ona hautatu dugun.

Zer dela eta baldintzak ez dira beteak?

Maila desberdinetan eman da eztabaida eta ikuspuntu hau da nagusitu: Ipar Euskal Herriko azken urteei begiratzen bazaie, mendeetan jasandako ukazioei dagokionez izan dira aitzinamendu ttipi batzuk eta lortu dira jendarte mailan gehiengo soziala eraiki delako –ezagupen instituzionala, gatazkaren ondorioen konponketa edo beste gai batzuk–. Pisatu duen argumentua izan da ea hautagaitza abertzale bat aurkezteak ez ote zituen gehiengo sozial hori eta kontsentsu posizioak ahulduko. Irriskuei buruzko eztabaida izan da eta lehenetsi da momentuko lehia elektoralean urrats bat gehiago ez ematea, Ipar Euskal Herriko prozesu politiko orokorraren mesedetan.

Momentuko.

Pertsonalki, ez dut dudarik egun batez Ipar Euskal Herriko instituzio nagusia abertzaleen esku izanen dela –momentuko elkargo bat baizik ez dena, baina badakigu gure helburua urrunago doala–. Noizko da hori? Gure lanaren arabera izanen da. Aldi honetako hartu postura ez da postura hetsi bat: gaurko egunean, genituen elementuekin, aukera eta irriskuen azterketaren bidetik lehenetsi da ez zela momentua. Baina denok ikusi dugu hauteskundeetan dugun gorakada; horrek erran nahi du abertzaleetatik haratago jende anitzek konfiantza egiten diola ekartzen dugun proiektuari. Baditugu ere hainbat pertsona gaitasun handikoak, Alain Iriart hauetarik da, maila horretako ardurak betetzeko arrunt kapable direnak. Beraz, ez da printzipiozko postura bat, egoeraren araberakoa baizik.

Abertzaleak azkarki ordezkatuak izan beharko direla diozue. Etxegarairekin harremanetan zarete?

Uztailaren 17an lehendakaria bozkatu zen eta hori eginik, 31n osatuko dira beste instantziak: lurraldeen kontseiluak eta batzorde iraunkorra. Hor presente izateko lana eramaten dugu, batzorde eragilearen osaketa batzorde iraunkorraren osaketaren arabera eginen delako. Panorama baikor bat badugu, hamar lurraldeetatik gehienetan abertzale batzuk hautatuak izanen direla pentsatzen dugu –gure gabeziak baditugu ere, Baiona-Angelu-Miarritze inguruan adibidez ez gara azkar–. Negoziaketa bat baino gehiago, ordezkaritza sistema mekanikoa dugu: batzorde eragilean izateko, edo gure lurraldearen ordezkari gara eta de facto exekutiboan gara, edo batzorde iraunkorrean gara eta batzorde eragilearen baitan politika publiko baten kudeatzeko hautatuak gara. Beraz, azken finean presidentea edozein izanik ere, ez da osoki eta guztiz batzorde eragilearen osaketaren jabe. Beraz “negoziaketa” aski erlatiboa da eta presidentea eta batzorde iraunkorra hautatu ondoren gara batez ere horretan ariko.

Elkargoaren funtzionamendu “demokratikoagoa” bultzatuko duzuela diozue.

Hori puntu gako bat da, eta agian horri buruz ukan ditzakegun kritikek dute parte handi batean bultzatu lehendakarigai propioa aurkezteko ideia. Hain zuzen, hainbat adibidek erakusten digutelako Etxegarai orain arteko lehendakariarekin ez dela desadostasun politiko sakonik izan. Baina bada ere ibilmoldearena. Duela urte bat pasa, 120 bat auzapezek deiadarra jo zuten ohartarazteko kontzentrazio handiegia bazela ibilmoldean eta boterearen ariketan. Elkargoaren bizia arrakastatsua izateko eta egituratze instituzionalak onerako balio duela sentiarazteko hautetsi zein herritarrei, uste dugu bermatu behar dugula hautetsiek haien tokia atzematen dutela tresnaren baitan. Lurraldeak urrun izanik ere –Baionan zentratzen dira hainbat bilkura eta zerbitzu gehienak, langile gehienak ere han dira–, ez badugu frogatzen egitura instituzionalak Zuberoarako, Amikuzerako ala Hego Lapurdirako balio duela, orduan ez dugu bermatzen tresnaren arrakasta. Gure iduriko ibilmoldearen deskontzentrazioa eta politika eta inbestitzeen deszentralizazioa gakoak dira eta ondoko mandatuan arreta handia jarriko dugu horretan.

Ondoko kargualdiarentzat zein da zuen lan ildoa?

Politika publiko guztiak inportanteak dira, baina guk abertzale gisa batzuk lehenesten ditugu. Bata da trantsizio ekologikoarena, hari gorria dugu hau, hainbat arlotan eraman beharrekoa –laborantza, hirigintza...–. Era berean, elkargoaren alde eginda ere, eskumen eta ahal gehiago dituen instituzio baterantz joateko urratsa da, hori guztia gure herria eraikitzeko –Ipar Euskal Herria baita zazpi lurraldeen artekoa ere–. Beraz “mugaz gaindiko harremanak” izendatzen den politika publikoan ere arreta berezia jarri nahi dugu. Lurraldeen politika, hizkuntza politika, baita garapen ekonomikoa ere. Azken horri dagokionez, Laborantza eta Elikadurarako Egitura Publikoaren sorrera gakoa izanen da. Hirigintzarako dokumentua ere osatuko da ondoko sei urteetan, arlo biziki inportantea.

Ondoko egituratze fasea nola aurreikusten duzu?

Anitz gauza dira eremu horretan zehaztekoak, Batera plataforma ere ari da gogoeta hauekin. Azken urteetan elkargoaren lehen urratsak ahal bezain ongi pasatzean zentratu gara denak. Orain elkargotik lurralde kolektibitatera pasatzeko urratsari lotu beharko gara –horrek duelako Ipar Euskal Herrian gehiengoaren atxikimendua–. Deszentralizazio Erreformarekin elkargoaren aukera etorri baino lehen, Ipar Euskal Herriko jendartearen gehiengo batek eskatzen zion Parisi lurralde kolektibitatea eta ezezko borobila erantzuten zion. Gaur egun anbizio handiko elkargoa dugu eta lurralde kolektibitatearen nahia beti hor da. Egoera aldatu da eta beharbada behar dugu pentsatu nola egiten den batetik besterako urratsa, baliatuz deszentralizazio erreformak ireki aukerak. Adibidez diferentziazio eskubidea hor da, gai jakin batzuen inguruan salbuespeneko lanketa batzuk egiteko aukera ematen diguna. Ondokoa dugu ariketa: estatuak emandako erantzuna baino, hemendik bertatik, hemen osatzen den gehiengotik dugun tresnari bilakaera bat ematea. Hori printzipio bat da, eta ondoko kargualdian lanketa zehatzagoa eraman beharko dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Elkargoa bozkak 2020
Etxegarai da berriz ere Euskal Elkargoko presidentea, botoen %63,8 bildurik

Euskal Hirigune Elkargorako presidente izaten segituko du ondoko sei urteetan. Hautagaitza bakarra izanda ere, hamasei boz bildu ditu Alain Iriart abertzaleak, bi Claude Olive Angeluko auzapezak eta bat Bernard Lougarot Gotaine-Irabarneko auzapezak. Zuri bozkatu dute 65... [+]


EH Bai-k erabaki du Etxegaraien aldeko apostua egitea, "ordezkaritza azkarra" eskuratuz gobernantzan

Euskal Hirigune Elkargorako presidentetzari dagokionez, gutxiengoa agertu da Alain Iriart Hiriburuko auzapezaren hautagaitzaren alde, uztailaren 9an Uztaritzen egin biltzar nagusian. Agiria bidali berri du EH Bai koalizioak bozka bidez harturiko erabakia zehazteko. Hautagaitza... [+]


2020-07-02 | ARGIA
Etxegarai eta Iriarten arteko lehia "ekiditea" eskatu du abertzale ezkertiar talde batek

Mediabask-ei bidali diote gutuna hogei bat militante abertzale eta ezkertiarrek. Euskal Hirigune Elkargorako presidentetzarako buruz burukoaz eta Etxegarai eta Iriarten arteko kanpaina oso zatitzaile baten arriskuaz jakinean, ondokoa diote: “Ez zaigu iduri Euskal Herriaren... [+]


Euskal Hirigune Elkargoko presidentetzarako aurkezteko gogoa du Alain Iriart abertzaleak

Euskal Hirigune Elkargoaren osaketari dagokionez, uztailaren 17an iraganen da bozketa. Oraingoz, Alain Iriart Hiriburuko auzapez abertzaleaz aparte, ez da ofizialki beste hautagairik aurkeztu. Jean Rene Etxegarai da egitura publiko honetako presidentea 2017ko sorreraz geroztik... [+]


Eguneraketa berriak daude