Plantouneko okupazioak Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren problema bistaratu nahi du

  • Prezioen inflazioa, etxebizitza duinen falta, alokairuen prezioa eta baldintzak gogortzea…  gero eta nabarmenagoa da Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren problematika. Bien bitartean, 300.000 biztanle hartzen dituen eremu horretako etxebizitza hutsen kopurua asaldagarria da: 43.000 etxebizitza huts.


2013ko urriaren 28an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Baionako Plantoun auzoa Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren arazoa salatzeko ekintza gune bilakatu da.

Baionako Plantoun auzoko kasua

Baionako Plantoun auzoan (“Baionako favela” izenez ere ezaguna) diru publikoarekin finantzatutako 39 etxe ekologiko eraiki eta gutxira, horietako hainbatek makurgune itsusiak zituztela ohartu ziren. Baionako herriko etxeak eta etxebizitza sozialak kudeatzeaz arduratzen den Habitat Sud Atlantic (HSA) sozietateak etxeak hustea erabaki zuten.

Etxebizitzaren aferarekin kezkatutako lagun talde batek hutsik geratutako bizitzak okupatzeari ekin zion maiatzean. Hastapenean, Habitat Sud Atlantiquek ateetan sarrailak sendotu eta alarma sistemak ezarri zituen; baina okupazioak aurrera jarraitzen zuela ikusita auzitara eraman zuten kasua. Baionako Auzitegiak urriaren 21erako jendea kanporatzea erabaki zuen baina, sustengu batzordeak epea azaroaren 15a arte luzatzea lortu du.

Baionako bestetan, auzo festa antolatu zuten okupatzaileek, etxea ofizialki inauguratu eta bertaratutako orori haien proiektua ezagutarazteko. Kanaldude herri telebistak bildutako bideo honetan ikus daiteke Plantoun auzoan uztailaren 27an ospatu zuten eguna.

Ekintza horren bidez, jendea teilaturik gabe dagoen bitartean, inguruan etxe huts anitz dagoela salatu nahi du Plantouneko okupatzaileen kolektiboak. Jendartean kontzientzia piztu nahi dute, hutsik dauden etxebizitzak beharra duen jendeak balia ditzala eskatzearekin batera.

Behin eta berriz saiatu ostean okupek lortu dute HSA Plantouneko etxeen jabetza duen sozietatearen arduradunekin hitz egitea. Horiek etxebizitzak berehala uzteko eskatu diete, baina kolektiboak jakinarazi du beharra duten familiei bertan bizitzeko aukera ematen ez dieten bitartean ez dutela auzoa utziko.

Etxebizitza sozialez arduratzen diren egiturek ez dutela behar bezala funtzionatzen erakusten du Plantounko kasuak.

Manifestazioa, etxebizitza eskubidearen alde

Horren harira, iragan urriaren 26an 150 lagun inguru bildu ziren Baionako herriko etxearen aurrean etxebizitza guztion eskubidea dela aldarrikatzeko. Lurra eta Etxebizitza kolektiboak eta Bethi Aintzina elkarteak egin zuten manifestaziorako deialdia Euskal Herriko Alderdi Antikapitalista Berria (NPA), LAB, Bizi Toki, Baiona 2014 eta Oldartu eragileekin batera.

Manifestariek Ipar Euskal Herrian dauden etxe huts eta bigarren bizileku andana salatu zuten. 300.000 biztanleko eremuan 43.000 etxebizitza huts daude, horietatik 1.700 Baionan bertan.

Hartzea Lopez Arana Plantouneko okupen bozeramaileak “Ipar Euskal Herrian hainbeste etxe huts dagoen bitartean, autoan lo egiten duten langileak” daudela gogorarazi zuen.

Kazeta.info-k bildu duenez, kolektiboaren helburua ez da Plantounera mugatzen; Euskal Herriko eta bereziki kostaldeko etxebizitzaren arazoa salatzea ere beraien xedeen artean dago. Haien ustez konponbidea hutsik dauden bizitzak baliatzean datza, eta ez, orain artean egin den bezala, eraikuntza berriak sortzean.

Manifestazioaren deitzaileak beldur dira horrela jarraituz gero, prezioak gehiago igo eta laborantzarako lurrak desagertu direla. Hori dela eta, Plantouneko kasua irtenbide errealen erakusle gisa har daitekeela adierazi dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


2024-04-05 | Uriola.eus
Alokairuen laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortu direla salatu du Berri-Otxoak plataformak

Lanbideren Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrieldietarako Laguntzak desagerrarazi ditu Etxebizitzaren Lege berria garatu duen Dekretuak.


Eguneraketa berriak daude