Marcel Mateu Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko konstituzio zuzenbideko irakaslea da eta bere ustez badira argudioak pentsatzeko azaroaren 9ko kontsulta inpugnatua izan litekeela; baina baita kontrakoa pentsatzeko ere. Vilawebekin egindako elkarrizketan, alabaina, kritikatu egiten du tresna juridikoak erabiltzen ari direla arazoa bideratzeko, problema funtsean politikoa denean.
Lege iruzurra. “Mas lehendakariak parte-hartze prozesuarekin abiarazitako estrategiak oinarri juridikorik izan dezakeela uste dut (…) Hala ere, Estatu Kontseiluaren irizpenak eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia zati batekin, A9a inpugnatzeko oinarri nahikoa izango dute”.
Funtzionarioak arriskuan? “Ez dut ikusten oinarri juridikorik dagoenik boluntario gisa arituko diren funtzionarioen aurka. Ahalmen mugatua duten norbanakoak dira. Horri ezin zaio eraso egin juridikoki”.
Hautetsontziak eta errolda. “Ez luke zentzurik hautetsontzien eta erroldaren aurka egitea. Aurreko kontsulta bertan behera uzten zuen probidentziak, gero konponezina litzatekeen edozein ekintza egitea debekatu zen. Adibidez, ezin zitekeen egin diru gastua ekarriko zukeen kanpaina bat”.
Udalak. “Prebarikazioa? Hori delitu larria eta muturrekoa da. A9a inpugnatua balitz eta Konstituzio Auzitegiak berehalakoan bertan behera utziko balu, udalek egin ditzaketen aktak delitu direla ondorioztatzea urruti joatea litzateke. (…) Edozein modutan izanda ere, ezingo litzateke automatikoki udalen aurka jo. Bide hori gaitza eta geldoa da”.
Inpugnatu daiteke A9a dekretuz deitzen ez bada edo deialdirako agiri ofizialik ez bada? “Gertaera zehatzak ere inpugnatu daitezke, ez bakarrik bide juridikotik datozen arau eta gertaerak, hau da, Estatuko Buletin Ofizialean agertzen ez diren gobernuaren jardunak edo ekintzak. Justiziak beti egin dezake egitezko-bideen aurka”.
Poliziak jaso dezake partehartzaileen erregistroak bahitzeko agindurik? “Datuen babesean ez naiz aditua. Baina, bat-batean esango nuke ezetz. Boto-guneak itxiz, poliziak jaso dezake bozketa fisikoki galarazteko aginduak. Baina datu baseak bahitzea legez kontrakoa izan daiteke”.