“Errefuxiatuak esku-hartze inperialistek sortutako gerren ondorio zuzena dira”

  • Iparra gazte mugimenduak antolaturik, ostiralean Asier Blas politologo eta EHUko Politika eta Administrazio Zientzien saileko irakasleak errefuxiatuen krisiaz hitzaldia eman zuen Zumaiako Torreberri Gaztetxian. Berrogei pertsona inguru gerturatu ziren bertara eta errefuxiatuen krisiaz gain, gerrak, geopolitika eta eskuin muturraren gorakada ere izan zituzten mintzagai, besteak beste.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko abuztuaren 08an - 09:52
Argazkia: Iparra.

“Errefuxiatuak ez dira fenomeno meteorologiko bat”, honela hasi zuen Asier Blasek bere hitzartzea. Gogoratuz, errefuxiatuez asko hitz egiten dela, baina oso gutxitan hauen atzean dauden, eta Europar Batasunak eragin zuzena duen, esku-hartze eta gerra inperialistez. Irakasleak errefuxiatuez ditugun hainbat topiko hautsi nahi izan zituen entzuleak “probokatzeko”, horretarako, Belgraden errefuxiatuekin kontaktu zuzenean berak ikusitakoa azaldu zien bertaratuei: “Belgraden ikusten ziren errefuxiatu gehienak ez ziren pobreak, gerratik ihesi zetozen bai, baina klase ertain altuko errefuxiatuak ziren, pobreenek Jordania eta Turkian geratzea besterik ez dute”.

Geopolitikari helduz, Siriako gerraren arrazoiez mintzatu zen jarraian irakaslea. Blasen ustez, Siriako barne arazoak erabili dira kanpo esku-hartze bat zuritzeko. “Hau inperialismoaren klasiko bat da, Sirian giza eskubideak urratzen edota erregimen despotiko bat dela erakusten digute, ondoren iritzi publikoak gerra hau onartzeko”, azaldu zuen. Hala ere, Sirian protestarako arrazoiak badaudela gogoratu zuen, gainerako beste herrialde askotan bezala, “gurean barne”. Blasek normaltzat jo ez zuena da, protesta batzuk hasi eta asteetara, “guztiz armatuta eta entrenatutako” oposizio bat hutsetik agertzea izan zen. “Sirian, edo ustezko diktadura ez da hain gogorra edota kanpoko norbait ari da oposizio hau armatzen”, baieztatu zuen.

Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko azken gerrak Estatu Batuen hegemonia inperiala kolokan jartzearen ondorio zuzena direla argudiatu zuen politologoak: “Egun AEBk eta bere aliatu diren Europa, Japonia eta Hego Koreak, euren hegemonia ekonomikoa kolokan ikusten dute eta zauritutako animali batek eraso egiten du bere burua babesteko”.

Hedabideek errefuxiatuen krisiaz dugun ikusmoldea nola moldatzen duten ere izan zuen mintzagai. Blasentzat errefuxiatuen aurkako eraso arrazistak ez dira berdin tratatzen mendebaldearen “lagun” diren herrialdeetan edota “etsai” direnetan. Suediako erasoak jarri zituen adibide gisa, idealizatutako Eskandinaviako “herrialde garatu eta progrean” 2015ean bakarrik errefuxiatuen guneen aurkako 21 eraso erregistratu zirela gogoratu zuen. Galdera bat luzatu zien orduan entzuleei: “Zein izango zen hedabideen erantzuna eraso hauek Errusian eman balira?”.

Azkenik, ezkerrak errefuxiatuen krisiari emandako erantzuna ere aztertu zuen Blasek. Gai honen inguruan, ezkerreko mugimendu eta alderdiek erantzun “humanitario” eta “dramatiko” soil bat ematera mugatu direla gogoratu zuen. “Egun, ezkerrak XXI. mendeko Caritas gisa jokatzen du, errefuxiatuei harrera ona egin behar zaiela gogoratuz, baina hauen sorrera ezbaian jarri gabe”, kritikatu zien. 2003an ezkerrak Irakeko gerraren aurka zuzen egin zuela gogoratu zuen: “Gerrari ez lelotik, refugees welcome lelo hutsera igaro gara”. Ezkerraren egungo jarrera honek eskuin muturra indartzen duela gogoratu zuen irakasleak. “Antzina ezkerraren aldarrikapen izan ziren bizi baldintza materialen aldarrikapena egun eskuin muturrak egiten du, ezkerrak gutxiengoen babes kulturala baino ez du babesten egun”, ebatzi zuen.

Ordu bete pasako hitzaldi mamitsuaren ondoren, bertaratutako gazte eta ez hain gazteek, irakasleari euren zalantzak eta galderak adierazteko tartea izan zuten. Hala, herri kurduaren egoeraz, gerren etorkizunaz edota Gara egunkariaren nazioarteko saileko ildoaren inguruko galderak erantzun zituen politologoak.

Albiste hau Jose Castillok idatzi eta Baleikek argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Itsaso zabalean migranteak ontzitik botata ito dituzte Greziako kostazainek, BBCren arabera

Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude