Ekainaren 1ean Ziburun euskal liburu eta disko azoka Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatua

  • Euskal Herriko hamazazpi argitaletxek jarriko dituzte beren lanak salgai larunbat honetan. Ziburutar musikariek beren mahaia izango dute eta herriko hiru idazleei aipamen berezia egin die Baltsan elkarteak. Euskara plazara ateratzeko eta Euskal Herri osoko kulturzaleek beste bilgune bat izateko antolatu dute Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean.


2019ko maiatzaren 29an - 09:37
Afixa Adur Larreak egina da.

Goizeko 11:00etan zabalduko da Ziburuko plaza hartuko duen azoka. Euskal Herri osoko argitaletxe hauek jarriko dituzte euskarazko liburu, komiki, disko eta materialak salgai: Alberdania, Agorila, ARGIA, Begiraleak, Belarri, Elkar, Erein, Erroa, Harriet, Hatsa, Ikas, Maiatz, Nabarralde, Pamiela, Susa, Xabiroi eta Zortziko. 13:00etatik 14:30era itxita izango da bazkaltzeko, eta 14:30etik 20:00etara egongo da berriz ere zabalik arratsaldean.

Egileen elkarrizketak entzuteko aukera

Megafoniatik euskal kantak eta liburu eta diskoen egileei eginiko elkarrizketak entzungo dira. Besteren artean, egile hauei egingo zaie elkarrizketa: Asisko Urmeneta, Dani Fano, Mikel Dalbret, Maddi Zubeldia, Garbine Ubeda, Ainara Maia, Kepa Altonaga eta Kepa Larrea.

Ziburuko idazle eta musikariak

Baltsan elkarteko kide Ladix Arrosagarayk prentsaurrekoan nabarmendu zuen "Ravelen herriak baduela segidarik", izan ere, asko dira ziburutuar bat gutxienik kide duten taldeak: Bob Xatar, Ezin-eta, Fusible, H-Eden, Iluma, Izate, Kartsuki, Lehoia ta Porato, Lookers, Lumi, Ni Banna, Polygorn, Torii, Unama, Ze Closh eta Zortziburu. Bertako musikariek bere mahaia izango dute larunbateko azokan.

Ziburuko literatur tradizioa ere ekarri zuen gogora Baltsan elkarteko kide Adur Larreak: Joanes Etxeberri Ziburukoa (1580-1665) da lehen erreferentzia, eta geroztik segida luzea izan du: XVII. mendean Piarres Detcheberry, Pierre Argaiñaratz eta Bernard Gazteluzar (1619-1701) ziburutarrek idatzi zuten; mende bete geroago Jan Battista Kamusarri Murgi-k (1815-1842), iragan mendean Piarres Larzabal-ek (1915-1988) eta oraindik ere "euskal literaturari ekarpena egiten jarraitzen du Ziburuko herriak" azpimarratu zuen, gogora ekarriz hiru idazle garaikideak: Jan Battit Dirassar, Mikel Dalbret eta Maddi Zubeldia Arozena.

Euskal liburu eta disko azokaren aurkezpena: Ziburuko Baltsan Elkartearen atean ARGIAko Estitxu Eizagirre, Baltsan Elkarteko Ladix Arrosagaray eta Adur Larrearen irudimenean zebilen antxeta.

Baltsan elkartearen ekimenez, ARGIArekin baltsan

Baltsan elkartea duela zazpi urte sortu zuten Ziburun euskarazko elkargune bat sortzeko eta herriko ekimenetan euskara sustatzeko. Egun 55 kide biltzen ditu, hainbat belaunalditakoak, eta 60 inguru ekitaldi antolatuak ditu. Euskaraldiaren ondoren sortu zitzaien azoka hau antolatzeko ideia, euskara kalera ateratzen jarraitu nahi zutela erabakita. ARGIAri egin zion Baltsan Elkarteak elkarrekin antolatzeko proposamena, balore berak partekatzen dituztela ikusita: "batek Ziburuko txokotik amesten duen Euskal Herria, astero ari baita bestea euskaratik eta euskaraz gauzatzen, tipitik eraginez, kazetaritzaren independentzia jorratuz. Euskalduna, solidarioa eta burujabea: baltsan dituzten baloreak dira". ARGIAk opari modura hartu du, bere mendeurrena ospatzeko ekitaldi biribila baita: Nafarroa-Gipuzkoa-Lapurdi elkartzen dituen ingurune euskaltzalean euskarazko argitalpenak ezagutzera emateko plaza ederra.

Hona hemen Itsaso Zubiriak Ladix Arrosagarayri azokari buruz eta ARGIArekiko elkarlanaz eginiko elkarrizketa.

Eguna biribiltzeko aukerak

Baltsan elkarteko Ladix Arrosagarayk Ziburuko azoka aurkezteko prentsaurrekoan gogorarazi zuen egun berean sardinada antolatu duela Donibaneko ikastolak, 12:00etatik 21:00etara. "Egun biribila izan liteke, goizean azokan buelta bat eman eta eguerdian Donibaneko sardin jatera joatea, edo alderantziz, goiza Donibanen eman eta arratsaldean azokara etortzea...". Eguraldi zoragarria dago aurreikusia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude