EH Bilduk eta EAJk 27na eserleku lortuko lituzkete, Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera

  • Egungo 31 legebiltzarkidetik 27ra jaitsiko lirateke jeltzaleak. Subiranistak, berriz, 21etik 27ra igo. Egungo koalizio gobernuak ozta-ozta eutsiko lioke gehiengoari. Abstentzioa, hiru lurraldetan, %39aren bueltan kokatuko litzateke.


2024ko otsailaren 09an - 11:30
Azken eguneraketa: 12:32
EAJren jaitsiera iragartzen du Soziometroak. Dena den, PSE-EErekin elkartuta, 38ko gehiengora helduko lirateke. (Argazkia: EAJ)

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzak enkargatutako Soziometroa argitara eman dute ostiral goizean, eta aurreikusten den lehia iragarri du txostenak: berdinketa legoke EAJren eta EH Bilduren artean. Koalizio subiranista lehen indarra litzateke Araban eta Gipuzkoan, eta jeltzaleek Bizkaian irabaziko lukete.

Eusko Legebiltzarraren argazkia

Egungo banaketak EAJren nagusitasuna erakusten du: EAJk 31 ditu; EH Bilduk 21; PSE-EEk 10; Elkarrekin Podemos-IUk 6; PP-C'sk 6; eta Voxek 1.

Soziometroaren txostenak, baina, lehia estua iragartzen du EAJren eta EH Bilduren artean. Hain zuzen ere, fokua 27nako berdinketan ipini da. Beraz, betiere inkestaren arabera, EAJk lau galduko lituzke eta EH Bilduk sei irabazi. PSE-EEk ere igoera izango luke –eserleku bat, Araban–; Podemos, berriz, desagertzeko zorian legoke –eserleku bakarra lortuko luke, Bizkaian–, izan ere, Sumarri ematen zaizkio bi eserleku –Araban eta Gipuzkoan–. PPk haienak mantenduko lituzke, C's desagerrarazita, eta Voxek eutsiko lioke bereari.

2020ko uztaileko hauteskundeen emaitzak; egungo banaketa.

Araban, EAJtik EH Bildura

Boto mugimendua aurreikusi du Soziometroak Arabako lurraldean. EAJk bederatzi eserleku eskuratu zituen 2020an –botoen %32–, eta orain, aldiz, zazpi eman dizkio txostenak –botoen %25–.

EH Bilduk eskuratuko lituzke jeltzaleen bi eserleku horiek –zortzi–, eta alderdi bozkatuena izatera pasatuko litzateke –ia %30–.

Elkarrekin Podemosek dituen bi eserlekuak gal ditzakeela dio Soziometroak, eta bata PSE-EEra eta bestea Sumarrera aldatuko litzateke. PPk eta Vox-ek mantenduko lituzkete haien legebiltzarkideak.

Bizkaian, EAJ nagusi oraindik ere

EH Bilduk sei legebiltzarkide eskuratu zituen 2020an –botoen %24–, eta EAJk hamabi –%42–. Soziometroak dioenez, eserleku bat galduko lukete jeltzaleek, eta bi irabazi subiranistek; EAJren galdutakoa bata, eta Podemosena bestea. Gainontzekoek eurenak mantenduko lituzkete.

Gipuzkoa, EH Bilduren garaipena

2020an EAJk bi mila boto baino ez zizkion atera EH Bilduri; orain, ordea, EH Bilduren garaipen zabala iragarri du Soziometroak. Koalizio subiranistak hamaika legebiltzarkide eskuratzea aurreikusi du txostenak –egun baino hiru gehiago, eta botoen –%39–, eta EAJk, berriz, botoetan lau puntu galduta, eserleku bat behera –bederatzi–.

Elkarrekin Podemosek egun dituen bi eserleku galduko lituzke, bata Sumarrek irabazteko eta bestea EH Bilduk. PPk mantenduko luke bere eserlekua.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude