EH Bilduk Bilboko Udala salatu du Metropoli Fundazioarekin egindako hitzarmenagatik

  • EH Bilduk jakinarazi du Bilboko Udalaren aurkako salaketa jarri duela Lehiaren Euskal Agintaritzan, 2012an Metropoli Fundazioarekin sinatutako hitzarmenean irregulartasun larriak egiteagatik. Udalak 664.000 ordaindu zizkion Metropoliri, Auzo Bihotzak izeneko proiektua diseinatzearen truke.


2014ko abenduaren 18an - 13:18
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko udal bozeramaleak eman du salaketaren berri. (Arg.: EH Bildu).
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Polemika luze baten ostean iritsi da EH Bilduren adierazpena. Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak esan duenez, Udal Gobernuak ez du behar bezala argitu zergatik egin zuen hitzarmena Metropolirekin; Ibaibarriagaren esanetan, Auzo Bihotzak egitasmoa gauzatzeko proiektuaren diseinua lehiaketa publiko bidez esleitu behar zen, eta ez hitzarmen baten bitartez.

Esleipena zuzenean Metropoliri emanez, Bilboko Udalak konkurrentziari buruzko legedia urratu zuela uste du EH Bilduk. Prentsaurrekoan emandako azalpenez gain, Lehiaren Euskal Agintaritzari emandako txosten zabala banatu dute. Bertan salatzen dira xehe salaketaren arrazoiak Txostena Bilboko EH Bilduren webgunean dago ikusgai (gaztelania hutsez).

Gai honekiko ika-mika handia izan zen azaroaren 14an. Jose Luis Sabas, Bilboko Obra eta Zerbitzu zinegotziak, agerraldia egin zuen egun hartan, baina EH Bilduren iritziz ez zuen behar bezala argitu Metropolirekiko hitzarmenaren zergatia. Lehiaren Agintaritzari aurkeztutako txostenak dioenez, lehiaketa publikoaren ordez hitzarmena sinatzea ondo justifikatutako salbuespena izan behar da, eta kasu honetan justifikazio hori ez da inondik inora ageri.

Ezkutukeria salaketak izan dira, gainera, afera honen inguruan. Sabasen agerraldia baino lehentxeago, bai EH Bilduk berak bai El Correo egunkariak salatu zuten Udalak ukatu egin ziela Metropolirekiko hitzarmenaren espedientea ikustea, horretarako eskubidea eduki arren. Egun haietan jakin zen, halaber, Metropoli Fundazioa Noós Institutuarekin elkarlanean aritutakoa zela.

 


Bilbo kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.