Eguneko sei pertsona hil dira Afrikatik Espainiara doazen migrazio-bide nagusietan 2018tik

  • Caminando Fronteras kolektiboak argitaratu berri duen txosten baten arabera, 11.286 pertsona hil dira azken bost urteetan Europako Mendebaldeko muga gurutzatzeko ahaleginetan.


2022ko abenduaren 20an - 08:16
Argazkia: Espainiako Guardia Zibila

Azken urteetako etengabeko tragediari zifrak jarri dizkio gaur Espainiako Caminando Fronteras kolektiboak osatu duen Vícitmas de la necrofrontera 2018-2022 txostenak (hemen PDFan): azken bost urteetan, 11.286 pertsona hil dira Afrikaren eta Europaren arteko mendebaldeko muga gurutzatzen duten migrazio-bide nagusietan; hau da, sei heriotza egun bakoitzeko.

Ikerketa lana Kanarietako, Gibraltarko itsasarteko, Alborango eta Aljeriako itsasbideak eta Ceuta eta Melillako hesiak monitorizatuz egin dute, eta egileek nabarmendu dute bide horietatik hilkorrena Kanarietakoa izan dela, 7.692 heriotzarekin. Halaber, zehaztu dute hildako pertsonen artean 31 jatorri ezberdin daudela, baita haien artetik 1.272 emakumeak eta 377 haurrak direla ere.

Txostenaren aurkezpenean, datu lazgarriak egoeraren irakurketa gogorrarekin lagundu dituzte Caminando Fronteraseko kideek, Espainiako Estatuaren eta Europako Batasunaren migrazio politikak zuzenean seinalatuz:

“Txosten honetan aurkezten diren datuek erakusten dute 11.286 pertsona horien bizitzak ez direla kasualitatearen ondorioz galdu, XXI. mendeko migrazio sistema globalen eraikuntzaren oinarria den nekropolitika egituratu eta sostengatu baten ondorioz baizik”.

Migrazio politika horien bitartez, muga gurutzatu nahi duten pertsonak “zaurgarritasun estrukturalean” kokatzen dituztela salatu dute txostenean, jatorrizko herrialdetik kanporatuak direnetik eta trantsizio prozesu osoan zehar ezartzen zaizkien baldintzek “bizitza galdu dezatela eragiten” duela argudiatuz.

“Bost urte hauetan, Espainiako Estatuak migrazio politiken aldebiko sistemak ezarri ditu modu arbitrarioan Maroko, Aljeria, Mauritania eta Senegal bezalako herrialdeekin lankidetzan, mugitzen ari diren pertsonen eskubideen babesa nabarmen murriztuz”, azaldu dute.

Gainera, Europaren Mendebaldeko muga horretan hildako pertsonen gehiengoa desagerturik dagoela gogoratu dute txostenaren egileek (azterturiko epean 241 ontzi desagertu dira, horietatik inor bizirik atera gabe). “Heriotza sistema horrek biktimen existentzia nahita ukatzea ahalbidetzen du”, azpimarratu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


2023-08-21 | Hiruka .eus
Pertsona guztien erroldatzea bermatuko duen protokoloa eskatu du Marea Horiak

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urteroko Marea Horia izeneko mobilizazioa egin du zapatuan, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan. Horietan bildutako lagunek salatu dute mundu osoko milioika pertsonak, euren jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara iritsi nahian,... [+]


Eguneraketa berriak daude