EAJk eta PSOEk Mozal Legearen aurka egindako lege proposamenak onartu ditu Espainiako Kongresuak

  • Mozal Legea aldatzeko EAJk eta PSOEk aurkeztutako lege proposamenak onartu ditu Espainiako Kongresuak. Testuak orain Barne Batzordean aztertuko dituzte, legearen aldaketa martxan jartzeko. Jeltzaleek legearen erreforma proposatu dute eta sozialistek, berriz, indargabetzea.


2017ko martxoaren 22an - 10:13
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

PSOEren proposamenak 176 aldeko boto, 130 aurkako eta 33 abstentzio eskuratu ditu. EAJrenak, berriz, 211 aldeko, 129 kontrako eta abstentziorik ez. Kongresuko 350 kideetatik 340k parte hartu dute bozketan.

Kongresuan bozkatutakoa batzordean eztabaidatu beharko dute orain, eta osoko bilkurara itzuli, behin betiko onartu edo baztertzeko. Mozal Legea lege organikoa da, hori dela eta, aldatu edo indargabetu ahal izateko Kongresuaren gehiengo absolutua behar du; alegia, 176 baiezko boto. Hortaz, asteartean jarrera ezberdinak hartu zituzten alderdiak ados jarri beharko dira.

PSOEren proposamenak kritika ugari jaso ditu. Talde parlamentarioek leporatu diote Mozal Legearen indargabetzearen bitartez 90. hamarkadako Corcuera legeara itzuli nahi izatea. Alderdi Popularrak “itxurakeria” leporatu die sozialistei.

Mikel Legarda jeltzaleak defendatutako proposamena begi onez ikusi du PPk, PSOEk esandakotik baino "askoz gertuago” daudela adierazi dute popularrek.

EAJk arau-hauste larrienak mantenduko ditu

PSOEk Mozal Legearen neurri polemiko batzuk kentzea proposatu du: 30.000 eta 600.000 euro arteko isunak eta bide publikoa okupatzeagatik zein polizia-agenteei errespetua faltatzeagatik ezartzen diren isunak. EAJk, berriz, neurri horiek mantendu nahi ditu.

Puntu batzuetan bat egin dute alderdi biek. Besteak beste, Kongresuaren eta antzeko azpiegituren aurrean mobilizatzeagatik edo poliziaren irudiak zabaltzeagatik jartzen diren isunak indargabetzea.

No Somos Delito eta Eleak/LIbre mugimenduak oso kritiko azaldu dira bi aldedien proposamenen aurrean. Legea indargabetu baino jarrera alderdikoiak eta protagonismo nahiak gailentzen ari direla adierazi dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mozal legearen mehatxua
Eguneraketa berriak daude