EAEko herritarrek duela sei urte baino 124 euro gehiago ordaintzen dituzte alokairuagatik

  • Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2022ko azken hiruhilekoan sinatu ziren alokairu kontratuen batez bestekoa 745 eurokoa izan zen. 2016ko lehen hiruhilekoan 621 eurokoa izan zen. Datu hauek Espainiako Kongresuan Etxebizitza Lege proiektua onartu denean atera dira.


2023ko apirilaren 28an - 11:03
Azken eguneraketa: 12:10
Arabak ditu alokairu baxuenak, baina bertan hazi da gehien, %30 hain zuzen.

Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera, EAEn 2022ko azken hiruhilekoan sinatu ziren alokairu kontratuen batez bestekoa 745 eurokoa izan zen, eta 2016ko lehen hiruhilekoan 621 eurokoa. Kopuru hori 2016ko batez bestekoa baino %20 handiagoa da. Errentariek, batez beste, duela sei urte baino 124 euro gehiago ordaintzen dute alokairuan, Naizek jaso duenez.

Eustaten datuek ere erakutsi dute zenbat eta handiagoa izan herria, orduan eta garestiagoak direla alokairuak. Esaterako, 25.000 pertsona baino gutxiagoko udalerrietan, kontratuen batez bestekoa 547 eurokoa da, eta 100.000tik gorako hirietan 834 eurokoa. Ia 300 euroko aldea litzateke.

Arabak alokairu baxuenak ditu, baina 2016. urtean baino 163 euro gehiago ordaintzen dute, hau da, %30eko igoera izan du. Bizkaiak, batez beste, alokairu garestienak ditu, 772 euro, duela sei urte baino %21,7 gehiago. Gipuzkoan alokairua batez beste 742 eurokoa da, %17 gehiago.

EAJren babesik gabe Etxebizitza Legea onartu dute

Espainiako Diputatuen Kongresuaren gehiengoak onartu du ostegunean Etxebizitza Lege proiektua. Hala, alokairu kontratuen urteko berritzetan %3ko muga jarriko du 2024an, eta jabe handitzat hartuko ditu bost higiezin edo gehiago dituztenak. EH Bilduk eta ERCk aurkeztutako hainbat zuzenketa gehituta onartu dute. EAJk, aldiz, arauaren aurka bozkatu du.

Aitor Esteban EAJko bozeramaileak esan du arauak autogobernua auzitan jartzen duela "era nabarmenean", eta "eskumenetan eginiko inbasioaren adibide paradigmatikoa" dela.

Bestalde, Oskar Matute EH Bilduko diputatuak aitortu du legea onartu izana ez dela nahikoa, baina "beharrezko pausua" dela. Era berean, Matutek esan du legeak errespetatzen dituela autonomia erkidegoek eta udalek etxebizitzaren arloan dituzten eskumenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


2024-04-05 | Uriola.eus
Alokairuen laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortu direla salatu du Berri-Otxoak plataformak

Lanbideren Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrieldietarako Laguntzak desagerrarazi ditu Etxebizitzaren Lege berria garatu duen Dekretuak.


Eguneraketa berriak daude