EAEko aurrekontuak babesteko lehen urratsa eman du Elkarrekin Podemosek

  • EAEko aurrekontuak onartzeko bidean direla dirudi, Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzarekin asteartean aurreakordioa lortu duela iragarri ostean. Espainiako Gobernu berria osatzeko negoziazioek izan dute eraginik koalizio moreak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hartu duen jarrera berriarekin.


2019ko abenduaren 04an - 09:28
Jaurlaritzako eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak azaroko bilera baten aurretik (argazkia: Irekia).

Elkarrekin Podemosek asteartean baieztatu du aurre-akordioa lortu duela Jaurlaritzarekin, legealdiko azken aurrekontuak onartu ahal izateko. Aurrekaririk mugimendua da, ezkerreko koalizioak ez baitzuen Eusko Legebiltzarrean presentzia eduki duen urteetan EAJrekin eta PSErekin honelako adostasunik lortu.

Lander Martinezek eta Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak buru dituzten ordezkaritzek asteartean egin zuten ia bi orduko bileraren ostean, Elkarrekin Podemosek berretsi du ez duela osoko zuzenketarik erregistratuko, eta, horri esker, Urkulluren gobernuak hilaren 16ko lehen bozketa gainditu ahal izango duela. Horren ondorioz, hilaren 27an proiektuaren azken eztabaida egiten denean nahikoa litzateke Elkarrekin Podemosen abstentzioa, proiektuak aurrera egin dezan PP eta EH Bildu aurka agertu arren.

Aipatutako bilera horren ostean, akordioa bideratuta geratu dela dirudi, baina babes sozialaren eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren kapitulua airean dago oraindik. Deia-ren arabera, Elkarrekin Podemosek asteazken honetan aurkeztuko ditu zenbait zuzenketa. Lander Martinezen arabera, asteartean iragarritako adostatsunak aukera ematen du "negoziatzen jarraitzeko gizarte-zerbitzuen arloan", besteak beste hezkuntza publikoa, enplegua edo osasunaren bezalako arloak aipatuz. Ostegunean amaituko da zuzenketak erregistratzeko epea, baina aurrekontuetan hortik harago eragiteko asmoa du Elkarrekin Podemosek, elkarrizketa hilaren 16ra arte luzatuz. Zuzenketa ez aurkezteak aukera ematen du "negoziazioak konfiantzazko esparru baten barruan jarraitzeko", Martinezen arabera.

EAJk eta PSEk osatzen duten Jaurlaritzak aurrekontu proiektua aurkeztu zuenetik hainbat keinu egin ditu koalizio morea hurbilarazteko: 1.236 milioi euro jarri ditu hasierako proiektuan genero-ikuspegia txertatzeko eta 540 milioi euro, klima-aldaketari aurre egiteko.

Horrez gain, Madrilgo faktoreak ere garrantzia izan du: EAJk Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesiasen etorkizuneko gobernuarekin Madrilen izango duen lankidetzak ere izan du zerikusia Elkarrekin Podemosen jarrera aldaketan, zaildu egiten ziolako Lander Martinezi EAEn oposizio gogorragoa egitea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko aurrekontuak 2020
Biluzik, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu "murriztaileen" kontra eta greba orokorraren alde

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean pixoihalak besterik ez dituztela jarri dira hainbat lagun Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, 2020ko EAEko aurrekontuek izango dituzten "murrizketa sozialak" salatu eta urtarrilaren 30ean greba egiteko beste... [+]


2019-12-09 | ARGIA
88,9 milioi euroko diru-sorta adostu dute Elkarrekin-Podemosek eta Jaurlaritzak 2020rako

2020koak eta hurrengo urteetarakoak kontuan hartuta 200 milioi euroko diru-saila adostu dute Elkarrekin Podemosek eta Eusko Jaurlaritzak.


Eguneraketa berriak daude