Lo inmediato
Cabrón dandy
Autoekoizpena, 2025
--------------------------------
Egin beharrekoa da eta laster gainera, gehiago itxaron gabe. Bada ordua gizonok gizartea aldatzeko daukagun arduraz jabetzeko eta horren alde gure maskulinitatea ezbaian jarri eta aztertzeko. Ezin diegu gure pribilegioei eutsi eta ez-ikusia egiteagatik gizartearen erdia baldintzatuta utzi. Badaukagu lana egiteko eta bada ordua deseraikitzeko.
Amurrioko Luis Vil zinemagile, musikari eta fabrikako langile nekaezinaren ibilbideak ere badu hortik, izateko eta sortzeko deseraikitzetik.
1990eko hamarkada hasieran gurean garaian inork gutxik bezala rock australiarra eta iluna erreibindikatu zituen freskotasun handiz Ironic Cancer Phobia, Triturbo eta bestelako taldeekin. Eta ordutik ez du atsedenik hartu: Luis Vil & La Mala Crianza, & La Brigada Politico-Social eta abar. Antza Melbourne-Amurrio senidetasunak luze dirau eta orain gutxi arte Tex Perkins eta Bad Seeds-en aintziratan ere aurkitu izan dugu.
Orain, baina, beste buelta berri eta espontaneo batean aspaldiko lagunak dituen zakur zaharrak batu (Drellas, Flying Pigs…) eta Cabrón Dandy sortu dute. Zertarako? Kokoteraino jartzen dituzten horiek guztiak iraintzeko eta artifiziorik gabeko rock potentea egiteko. Izan ere, diskoa entsegu lokalean grabatuta dago, bere horretan, oinarrizkoarekin. Eta horrelakoa da emaitza.
La señal punk-rock pisutsu eta rockeroa da, parekorik ez daukan ahots sarkor eta sendoarekin. Juez y parte kantutzarrak, melodikoa bada ere, badauka The Stooges-en arrisku hori. El asco tempo erdiko rocka da. Adiestramiento encubierto-k 1980ko hamarkadako esentzia gordetzen du. Anacrónicos beste hit! bat da, 1977ko punketik gogoz edaten duena. Lo inmediato-k badu abiadura handiko pub-rock-etik eta oso gitarreroa da. Algo turbio ere azalean gelditzen da, riff gogoangarriak dituen eztanda. Norma vaticana da rock-and-rollaren eta kaleko rock-aren bidegurutzea. Andróginos Z, intentsitatea daukan rock melodikoa; eta, azkenik, Matar al padre, asmo adierazpen argia.