Munduko beste txoko batzuetan bezala –Milan, Paris, Berlin, Londres…– Gasteizen ere CDR bat (Errepublikaren Defentsarako Batzordea) jarri dute martxan. Kataluniako preso politikoen askatasuna eskatzeko ekimen bat eginez hasi dute euren ibilbidea. Euskal Herriko hirugarren CDRa litzateke, beraz, Tolosaldean eta Goierrin ere badira bana eta.
Sortzaileek adierazi dutenez, urriaren 1ean Kataluniako erreferendumean lortutako emaitza eta urriaren 27an deklaratutako Errepublika babesteko sortu da CDR Gasteiz.
“Espainiako Estatuaren neurri errepresiboak gaitzestea” ere taldearen helburuetakoa da. Horien artean, zehazki Katalunian aplikatutako 155.artikulua eta ordezkari politikoak eta gizarte zibileko bozeramaileak espetxean daudela salatu nahi dute.
“Transbertsal” gisa definitu dute euren burua: “Bakoitzak izan ditzakeen lotura pertsonalez kanpo, ez dugu alderdi politikoekin edo elkarte jakinekin loturarik”. Zentzun honetan, erabakiak modu asanblearioan hartuko dituztela iragarri dute eta nahi duenari parte hartzeko deia luzatu diote.
Kolore horia preso politikoen askatasuna eskatzeko kolorea bihurtu da Katalunian. Are gehiago, hauteskunde-batzordeak kolore hau momentu eta leku konkretu batzuetan erabiltzea debekatu du. Hori dela eta, munduko CDR ezberdinek kolore horia erabili dute azken asteburuan, leku ezagun ezberdinak kolore horrekin apainduz.
Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra