Bi egun, ikuspegiak zabaltzeko eta pausoak gozamenetik emateko

  • Ekainaren 26 eta 27an Igeldoko hotel dotorean egingo dute II. Hezkidetza eta Pedagogia Feministen Jardunaldia. Itsasoa etengabe bistan izanik eta goizetik arratsalderako denbora osoa eskifaia berarekin emanaz, buru-belarri murgilduko dira gaian. Euskarak lehentasuna izango du kongresuan eta gaztelerara eta zeinu hizkuntzara itzulpen zerbitzua egongo da. Bazatoz? Zabalik da izena emateko aukera.

Maider Sagredo eta Leire de Miguel Martinez, kongresua egingo den Igeldoko hotelean, egitaraua eskutan dutela. Argazkia: Dani Blanco.

2023ko maiatzaren 04an - 07:25
Azken eguneraketa: 12:45

Egun bakoitzari hitzaldi indartsu batek emango dio hasiera: lehen egunean Pastora Filigrana Andaluziako abokatuak intersekzionalitatearen gaia kokatuko du ijitu feminista antikapitalista ikuspegitik; eta bigarren egunean Mireia Delgado pedagogo feministak heteroaraua plazerez lehertzeko gakoak emango ditu.

Hitzaldi nagusien ondoren, lau gai nagusi jorratuko dituzte, eta partaide bakoitzak hautatu beharko du zein formatotan landu nahi duen gaia: mahai-inguruek gogoetak partekatzeko bide emango dute; tailerren bidez gaia esperimentatu eta gorputzera eramango dute; eta esperientzia atalean jakintza praktikoak eta martxan diren adibide positiboak eskuratzeko aukera egongo da.

Antolakuntza taldeko Maider Sagredo eta Leire de Miguel Martinezekin elkartu gara, kongresuaren mamiaz gehiago jakiteko.

Zein beharretatik sortu da kongresu hau?

Leire de Miguel Martinez: Feminismoak egin duen lanketari esker hezkidetzan aurrera pausoak ematen ari dira, gaia lantzeko beharra ikusten da ikastetxeetan eta horretan ari dira... Baina lanketa horretan lorpenak egoteaz gain, hutsuneak eta erronkak ere ageri dira.

Maider Sagredo: Eremu honetan lanean ari garen hamalau eragile elkartu gara kongresu hau antolatzeko, eta bakoitzaren izaera eta egunerokotasuna oso ezberdinak dira. Bakoitzaren beharretatik abiatu gara kongresuan jorratuko diren gaiak aukeratzen.

L. de Miguel Martinez: Bai, bakoitzak egunerokotasunean duen esperientziatik abiatu ginen eta bakoitzak ikusten dituen hutsune eta kezketatik gai mordoa atera dugu. Baina ohartu gara funtsean, gai hauek denak elkarrekin harremanetan daudela.

M. Sagredo: Lehentasun gisa jarri genituen intersekzionalitatea, ez-bitartasuna, plazera eta gorputza. Lau ardatz hauek presente egongo dira jorratuko ditugun gai guztietan. Eta bestalde, jardunaldietan bi ikuspegiak uztartzen saiatu gara: batetik, errealitatea gordina da eta badugu horrekiko ardura, eta bestetik, ematen diren pauso txikiak plazaratzea eta gozatzea garrantzitsua da.

Lau bloke edo gai nagusi hautatu dituzue. Lehena, “Sexuen hezkuntza integrala”. Zer falta da sexuen hezkuntza integrala izan dadin?

M. Sagredo: Erotikaren ikuspegia zabaltzea, auto-ezagutza, sarketan oinarritutako sexu-hezkuntza alde batera uztea... Eskoletan bidea egiten ari da ikuspegi hauek lantzeko, baina sarritan ikasgai edo lanketa berezien barruan, hau da, biologia lantzen denean, betikoa ikasten jarraitzen dugu.

L. de Migel Martinez: Erotikan tradizionalki gauza batzuk egon dira zentroan eta ikuspegi hori zabaltzea da asmoa. Oso hezkuntza koitozentristatik gatoz. Hori apurtzea da erronka eta emozioen lanketa ere sexuen hezkuntza dela ulertzea.

M. Sagredo: Eta sexuen hezkuntzan sartzen direla baita ere estereotipoak, rolak, boterea... “Bazterreko erotika” mahai-inguruan, Eider Goiburu eskoletan egiten den pedagogiaz arituko da, Mentxu Arrietak aniztasun funtzionala eta erotika gaiari buruzko antzerkia  egin zuen eta bere errealitateaz ere arituko da eta Elena/Urkok pornografia lantzen du hezkuntzan eta hortik egingo ditu ekarpenak.

Bigarren gai nagusia “Indarkeria(k) eta harreman osasuntsuak” dira. Indarkeria(k), pluralean.

M. Sagredo: Bai, edo kaleko hizkeran esanda, “gizonek zer?”. Galdera ireki hori dago airean eta erantzunen bila abiatuko gara. Horregatik, arduratik erantzuteko, mahai-ingurua gizonez* osatuta egongo da: Josetxu Riviere Aranda Gizonduzeko kideak datuak ekarriko ditu gaia kokatzeko; Hiruki Larroxak mutil gazteen lanketa feminista egiteko martxan jarri duen prozesuan atera dituen ondorioak partekatuko ditu; eta Miguel Angel Arconadak irakasle gisa egoera hauei aurre nola egin azalduko du, zein rol dauden, espazioaren okupazioa, arreta...

Egingo den tailerra emakumeentzat* izango da, eta ahizpatasuna eta autodefentsa feminista tresnen erabilerak landuko dira.

Eta esperientzien atalean, lodifobiari helduko diogu, izan ere, indarkeriaren gaiaren barruan, “lodifobia” indar handiz agertu da; gainera gai honi askotan ez zaio hezkidetzaren ikuspegitik heltzen, eta beharrezko ikusten genuen.

L. de Miguel Martinez: Bai, arreta ipini behar zaion gaia dela iruditzen zaigu, hortik indarkeria asko sortzen delako.

M. Sagredo: Gainera normalizatuta dagoen indarkeria da, eta ez da indarkeria gisa identifikatzen.

Kongresuko partaideek egun osoa emango dute elkarrekin. Gaian murgiltzeko aukera emango die horrek. Argazkia: Dani Blanco.

Hirugarren gaia “Herri hezkidetzaileak” dira. Hezkidetza ez baita eskolaren gaia bakarrik.

L. de Miguel Martinez: Hezkuntza ez da eskoletan soilik ematen, beraz, zein litzateke helburua? Gure herriak hezkidetzaileak izatea.

M. Sagredo: Herri osoaren ardura da eta herri mailako ekimen txikiei indarra eman nahi diegu, bestela badirudi “dena edo ezer ez” horretan jausten garela. Ekimen txiki bakoitza ere herri hezkidetzailerantz doa. Esperientzia horiek ikusarazteko, mahai-inguruan parte hartuko du, batetik, Hernaniko Udalak auzo zaintzan egiten ari den esperientzia azaltzeko; 12 nubes-ek Gasteizko El Pilar auzoan gazteak zaintza komunitarioaren bidez ahalduntzeko martxan duen proiektua azalduko du; eta Marina Sagastizabalek eta Emilio-Yusek zaintzari buruz egiten ari diren ikerketaren ondorioak plazaratuko dituzte.

L. de Miguel Martinez: Tailerra Juntura kooperatibak dinamizatuko du eta honen bidez “zaintza” hitzaren adiera ere zabaldu nahi dugu. Espazioaren erabilerak duen indarra landuko da bertan, izan ere, herriko espazioak diseinatzeko moduari buelta bat eman behar zaio zaintza ardatzean egon dadin.

Azken gaia “Hezkidetza mapa” da, eta honek formato ezberdina izango du, “saretze txokotan” antolatuko baita.

M. Sagredo: Gaika hamar txoko sortuko ditugu, parte hartzen duen jendeak ere jakinduria handia duelako eta beraiei espazio bat eman nahi diegu, sinergiak sortu daitezen eta elkar ezagutu eta saretu daitezen. Egunerokoan ikusten dugu, agian eskola batek sekulako material lanketa egiten du, eta hor gelditzen da, eta hurrengo eskola berriz zerotik hasten da. Material hauek partekatzeko Online egitura oso indartsu bat dago denon eskura, baina ez da erabiltzen.

L. de Miguel Martinez: Hiru hitz nabarmentzen ditugu kongresuan: begiradak, esperientziak eta saretzeak. Lehen kongresua 2020an egin genuen eta pandemia tarteko, online izan zen eta saretze kontua eskas geratu zitzaigun. Horregatik, bigarren kongresua lantzen hasi ginenean argi geneukan horri dagokion momentua eta espazioa eman nahi geniola. Bigarren eguneko arratsaldea horri zuzenduko diogu.

M. Sagredo: Teoriak eta praktikak bat egingo duten espazioa da, jendeak trukea egin dezan zerk funtzionatu duen eta zerk ez...

Tailerren atalean erabiliko diren arte metodologia ezberdinek arreta pizten dute.

L. de Miguel Martinez: Eguneroko esperientzian ikusten dugu bai gazteek eta bai helduek denok dakigula politikoki zuzenak izaten. Baina hortik aldaketak sortzea ez da hain erraza. Aldiz, lanketa gorputzera eramaten badugu eta esperimentatzen badugu, bizipen horretatik errazago egiten da aurrera. Artearekin lotutako metodologiek horretan laguntzen digute. Hainbat metodologia ezagutuko ditugu, alor bakoitzeko eragileak gidatuta: Xanti Agirrezabalak antzerkia gerturatuko digu, Artaziak-ek arte garaikidea, Imaginá-ko Orianak arte terapia...

Bat-bateko sormenari ere leku egin diozue.

M. Sagredo: Mahai-inguruetan laburpen bisualak egingo dira, ideia garrantzitsuenak marrazki bidez islatzeko. Bertso ondorioak ere botako dituzte Saioa Alkaiza eta Maddi Ane Txoperenak, rap ondorioak Oskar Estangak eta klownklusioak Beatriz Egizabalek. Horiek guztiek lagunduko dute partekatzen eta plazer momentu izaten, gai batean egon denak beste gaietan zer landu den jaso ahal izan dezan.

 

14 eragileren elkarlanetik sortutako kongresua

Hamalau eragileren artean antolatu dute bigarren kongresua: talde eragileak proposatu ditu gaiak eta aholkularitza taldean hartu dira erabakiak. Maider Sagredok azaldu duenez, “aholkularitza taldea osatzerakoan, saiatu gara mota ezberdineko eragileak bertan partaide izan daitezen, adibidez, gaian lanean ari diren elkarteak, erakunde publikoetako arduradunak, baita adituak ere: lehen kongresuan hizlari aritu zirenetako batzuk oraingoan aholkularitza taldean aritu dira erabakiak hartzen. Aholkularitza taldean oso eragile askotarikoak gaudenez, polita izan da ikustea batzuentzat erreferente indartsuak ziren izenak besteentzat ezezagunak zirela. Aniztasun handia egon da erreferenteetan ere”.

Hauek dira kongresua antolatzen buru-belarri ari diren eragileak: Sorginlore, Ikertze, Emagin, Arremanitz, Costa Rica-ko Imaginá, Alboan, Donostiako Udala (Lankidetza, Gazteria, Hezkuntza eta Berditasuna), Biltzen, Hiruki Larroxa, Tabakalera Hezkuntza -Artaziak, Hezkuntza EJ- Iruneko Berritzegunea, EHU-HEFA, Gandere EHU Ikerketa taldea eta Eskura.

Babesleak: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Donostiako Udala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkidetza plana
"Eskolako patioa aldatzeak ekarri du neskek zentralitatea irabaztea"

Ikastetxeko kanpo espazioa aldatzeak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleengan zein eragin izan duen aztertu du Haizea Egiartek; ikasleen arteko harreman, gatazka eta jarrerei nola eragin dien jaso du ikerketan, Asier Huegun zuzendari duela. Eta jaso du, baita ere, zein neurritan... [+]


2019-07-01 |
"Berdintasunean hezi daitekeenaren adibide garbia da Skolae"

Skolae izeneko Nafarroako hezkidetza programaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren II. Hezkidetza planaren diseinuan parte hartu du  Marian Moreno (Leon, 1964) irakasle, idazle eta hezkidetzan adituak. Orain, Skolae hezkidetza programa prestatu izanagatik... [+]


II. Hezkidetza Plana
101 ikastetxe betaurreko moreak janzteko prest

Euskal Autonomia Erkidegoko II. Hezkidetza Plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. 2023. urtera arte “berdintasunaren eta tratu onen” bidean egin beharreko bide orria markatu dute. Planak ikastetxeko komunitate guztiari eragin nahi dio, langileei,... [+]


2018-08-21 | Nahia Ibarzabal
"Berdintasunean bizi gara gaur egun baieztapena, zoritxarrez, ez da errealitatearen isla"

Gizarte parekidea lortzeko prozesu hezitzailean, zenbait elementuk duten garrantzia azpimarratu du Kalaka enpresako Ilazki Gainza formatzaile feministak Hik Hasin.


Genero berdintasuna ikasgaia emango dute Galiziako ikastetxeetan

Irailetik aurrera, eta hala eskatzen duten ikastetxeetan, genero berdintasunari buruzko ikasgaia izango dute 12-14 urteko ikasleek Galizian. Astean ordubeteko iraupena izango du eta erabaki aitzindaria da Espainiako Estatuan.


Eguneraketa berriak daude