Bertsolari gazteen lehen jauzia

  • Euskal Herriko 15 eta 18 urte arteko eskolarteko bertsolari txapelketako finala izanen da larunbatean, Sarako trinketean –Ipar Euskal Herritik bost gaztek parte hartuko dute–.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2019ko ekainaren 07an - 14:51
Argazkia: Isabelle Miquelastorena
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

  Albiste hau Ipar Euskal Herriko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Lapurditik Naia Etxeberri eta Irati Alcantarilla, Baxenabarretik Ekhi Perrier eta Unai Harluxet, eta Zuberoatik Leire Casamajou aurkeztuko dira Euskal Herriko Eskolarteko finalera, bihar. Herrialde desberdinetakoak izanagatik, denak eskola berean dira: Baionako Bernat Etxepare lizeoan. Alcantarillak Irungo bertso eskolan segitzea hautatu badu ere, denak Etxepareko bertso eskolan ibili eta ibiltzen dira, Aimar Karrika dutela irakasle.

Bertsolari gazteen gaur egungo harrobia Etxepare lizeoa denez eskatzean, hona zer dioen Karrikak: “Ezinbestean bai. Gure ateak zabaltzen dizkiegu bai eskola publikokoei, bai giristino elebidunetakoei, baina egia da bertso eskola gehienak Seaskan dauzkagula. Abantzu denak. %99an, Seaskako ikasleekin lan egiten dugu”. Bizkitartean, lekuka, herriko bertso eskolaren parada ere badutela dio. “Bai, badaukate. Geroz eta indar gehiago egiten ari gara herrietan txertatzeko bertso eskola, baina nola haien topalekua lizeoa den, iturburura joatea errazagoa zaigu. Bi aukera dauzkate: lizeoan, eta hortik kanpo ere bai herri batzuetan, hala nola Azkainen, Hendaian, Urruñan”.

Bat-batean bertsotan aritzea klaseetan nola lantzen duten esplikatu du auriztarrak, eta kolegiotik lizeora heldu direnean hautua argiago dute: “Lizeora iristen dira gehienak lauzpabost urte bertso eskolan ibilita. Orduan, bertsolaritzaren joan-etorrien berri badaukate. Neurri desberdinak ezagutzen dituzte, baita doinuak ere. Arituak dira bertsotan. Egia da kolegio garaiak urte zailak direla haientzat; ez dakite segitu edo ez segitu. Gehiago, motibazio lana izaten da. Lizeora iristen direnean pixka bat serioago zaie, eta araberan lantzen hasten gara”.

Bertsoa lantzeko zer ariketa egiten duten zehaztu du Karrikak, gazteek beren bertso egiteko moldea kausitzea helburu: “Ariketa oso sinpleetatik hasten gara: lau oinak ematetik, bertsoaren bukaera ematetik, ofizioetan barneratzera. Elkarrizketa bat edukitzera beste bertsolariarekin: zortziko handian, zortziko txikian, puntuka, bakarka. Eta horren baitan zer jarrera hartu ditzaketen… Jarreren arabera zer bertso kanta dezaketen… Bakoitzaren bertsoa identifikatzea, bakoitzari zer egitea gustatzen zaion, eta hortik tiratzen laguntzea da asmoa. Blokajeak nondik etor daitezkeen ikustea eta horiek askatzen saiatzea edo bideratzen asmatzea izaten da”.

Irakasleak nahi du beretik eta gehiegi bideratuak izan gabe ari daitezen: “Aski libreki sortzen dute, hala gustatzen zaigulako ideologikoki guri. Tresnak emango dizkiegu, baina euren ideietatik abiatu daitezen”. Jin dadin astia hartuz, beraz. “Prozesua luzeago izan daitekeela badakigu. Ez ditugu estrukturatzen haien buruak edo bertsoak; alderantziz izaten da. Gero, tresnak eurek bilatuko dituzte eurek forma emateko gisan. Guk tresnak ematen dizkiegu urtean zehar”.

Lehen txapelketa

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa gazteek ezagutu lehen plaza nagusia da, lehenbizikoa ez bada ere. “Ez da bakarra, baina egia da lehen salto handia hau izaten dela. Horregatik, zailtasunak aurkitzen ditugu batzuetan denak ildo horretan sartu daitezen, normala den bezala. Ikastoletara eramaten ditugu kantatzera eta horiek dituzte lehen plazak, baina haurren aitzinean dira”. Ez baita gauza bera Saran Euskal Herri guzitik jin buraso, lagun eta ikus-entzule zabalagoaren aitzinean kantatzea. “Kontuan hartuta 15 urtetan dena dela duda, kezka, ezjakintasun. Era berean, dena da gogo, esperimentatu nahia. Eta horren barruan sartzen zaie txapelketa bat bertsotan. Epaituak izanen dira, baina lagunartekoaren konfiantzaz egiten dute. Lehia da, baina lagunekin doaz; hi-hi ha-ha, baina hau gauza serioa da. Dena batzen zaie hor, eta, era berean, oso salto politak ikusten dira garai horretan, zeren eta konpromiso bat hatzera eramaten ditu”.

Maddi Sarasua itsasuarrak 2012an irabaziz geroztik, ez da Ipar Euskal Herrira itzuli eskolarteko txapela, eta gipuzkoarrak edo bizkaitarrak izan dira nagusi. Bizkitartean, egoerak ez daitezke konpara ez hizkuntza, ez bertsogintzaren testuinguruan. Karrika: “Diferentzia kultural eta historikoa izan daiteke, eta kuantitatiboa, baina ez dut uste askoz arituago iristen direnik. Kontua da beharbada barneratuagoak dauzkatela beste segurtasun batzuk hemen oraindik errotuak ez dauzkagunak. Gipuzkoatik, ezinbestean, kopuru handiagoarekin aritzeak, bertsolaritza errotuagoa izateak eta abar horrek egiten du plaza horretara iristen diren biek molde markatuagoak dauzkatela”. Horiek hola, jeinuz beteak ikusten ditu bere ikasleak, eta aukerak zabalik finalerako: “Gero, edozer gerta daiteke, bertso kopuru txikia delako, eta talentua bai Araban, bai Xilaban, bai Nafarroan ere badagoelako”.

Belaunaldia arras ongi ikusten du. “Ilusio izugarriz. Txiki-txikitatik ikusi ditugu, nondik hasiak eta noraino helduak diren. Eboluzio izugarria ikusten diegu”. Lizeotik landa segitzea da arrangura. “Kontua da, gure gabezietan handiena, landu beharrekoa, eta oso kontziente gara: 18 urte betetzen dituztelarik, zer? Hor dugu indar handi bat egin beharra”. Baxoa ukan ondoan barreiatzen baitira ikasketak direla kausa, izan Bordelera, izan Parisera ala beste leku batzuetara. “24 urte arte segituko balute lanketa honekin, bertsotarako oso gai izan daitezke. Kontua da gaitze horretan ahaleginik handiena lizeoa izaten dela, bi urtekoa gutxi gorabehera; zeren lizeoan sartzen zarela ohartzerako lehenean, terminalean zara. Hor gelditzen bada saiatze hori, aski hankamotz gera daiteke”.

Taldekako Xilaba doi bat horretarako pentsatu dutela dio Karrikak —Hernandorena sariketaz eta bertsolari topaketez gain—, berriz kantatzeko parada izan dezaten eta lagunekin bertsotarako biltzeko. Iaz egin zena lehentze, errepikatzekoa dute heldu den larrazkenean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa
2022-06-21 | Estitxu Eizagirre
Irantzu Idoate Funosasek irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko txapela

Ekainaren 18an Iurretan jokatu zen aurtengo Eskolarteko Txapelketa. 180 entzule inguru elkartu ziren Euskal Herri osoko 14-18 urte arteko hamabi bertsolari gazteak entzutera. Hazparneko Irantzu Idoate Funosas izan da txapelduna eta Maddi Agirre gasteiztarra txapeldunordea.


2021-10-26 | ARGIA
Haira Aizpuruak jantzi du Euskal Herriko Eskolarteko txapela

Ekainaren 24an Abadiñoko probalekuan jokatu da 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoa. Bakoitza bere lurraldeko txapelketan nabamendu ostean, hamaika bertsolarik hartu dute parte Euskal Herrikoan. Euskalki anitzetan animoak emanaz, 230 entzule izan dituzte aurrean.


2019-06-10 | Bertsozale.eus
Hirugarrenez hartu du Sarak Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Euskal Herri osoko 13 parte-hartzaile elkartu dira Sarako trinketean. Irati Alcantarilla Urdanpilleta da 2019ko Eskolartekoaren txapelduna eta Aner Peritz Manterola "Euzkitze" txapeldunordea. Aitor Sarasuaren sendiaren izenean Maddi Sarasuak jantzi dio txapela... [+]


2017-06-22 | Estitxu Eizagirre
Arabako bertsolaritza
Txapela janzteko modukoa

Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) izan da bertsotan Euskal Herriko txapela jantzi duen lehen arabarra. Saran jantzi zuen Eskolarteko txapela ekainaren 10ean, Amets Arzallus txapeldun nagusiaren eskutik. Arrizubietarekin eta bertso eskolako irakasle Oier Arbina... [+]


2017-06-12 | Estitxu Eizagirre
Lehen aldiz arabar bat Euskal Herriko txapeldun

Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001) nagusitu zen ekainaren 10ean Saran jokatu zen Euskal Herriko Eskolarteko 34. Txapelketan. Joanes Illarregi leitzarra izan da txapeldunorde. 200 lagun inguru hurbildu ziren finala jarraitzera.


Eguneraketa berriak daude