Saltoki handiek bertako produktuei gehiegizko prezioak jartzen dizkietela salatu dute nekazariek

  • EAEko nekazarien ENBA sindikatuak txosten batean jaso ditu euren produktuak zer preziotan merkaturatzen dituzten saltokiek, eta ondorioztatu "askoz" garestiagoak saltzen dituztela erosten dutenarekin alderatuta. Adibidez, saltokiek behi esnea %45-55 garestitzen dute eta oilaskoa %70-80, besteak beste. Kontsumitzaileentzat "amu gisa" erabiltzea arbuiatu dute, ondoren marka zurira bideratuz, hau merkeago jarriz. Saltokiei eta Eusko Jaurlaritzari neurriak eskatu dizkiete.


2022ko abenduaren 20an - 11:50
Azken eguneraketa: 13:39
Bertako produktuen salmenta %10-12 jaitsi da azken urtean, ENBAren ustez familien "eros-ahalmenen" gainetik saltzen dituztelako. / Argazkia: Mondraberri

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien ENBA sindikatuak salatu du saltokiek bertako produktuak "asko eta artifizialki" garestitzen dituztela, haien salmentak murriztuz. Astelehenean Donostian aurkeztu dute euren produktuen azken prezioen ikerketaren txostena, eta gehienek %50eko garestitzea baino gehiago erakusten dute. Gaitzetsi dute bertako elikagaiak kontsumitzaileak erakartzeko erabiltzea, baina gero marka zurikoak erostera bideratzea, prezio baxuen bidez.

Bertako produktuen prezioei ondorengo marjinak aplikatzen dizkiete saltokiek: behi okelan %33, behi esnean %45-55, supermerkatuko tomatean %45, denda tradizionaleko tomatean %75-85, gaztan %45-55, jogurtetan %55, sagardoan %68, eztian %70, oilaskoan %70-80, Gernikako piperrean  %73, sagarrean %87 eta uraza %118.

ENBAko Xabier Iraolak eta Iñaki Goenagak –sindikatuko koordinatzailea eta Gipuzkoako presidentea, hurrenez hurren– azaldu dute marjina horiek gehituta nekazarien produktuen prezioak “familien eros-ahalmenaren gainetik” gelditzen direla; azken urtean bertako elikagaien salmenta %10-12 jaitsi da, eta batzuetan nekazariek ez dituzte kostuak estaltzen ere.

Jakitera eman dute “ezkutuan” komisio mota batzuk ezartzen dizkietela, eta ezabatzeko exijitu diete saltoki eta banatzaileei, “modu bidegabean” eskatzen dizkietelako.

Nekazariek exijitu dute “gehiegizko” marjinak apaltzeko eta bertako produktuen salmenta sustatzeko, “ez daitezen soilik publizitaterako amua izan”.

Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaio sindikatua: “Elikaduraren Kateko Behatokiak martxa azkartu dezala; argitaratu ditzala ekoizpen kostuen txostenak eta kontrolatu banaketa eta salmenta enpresak”. Jaurlaritzak martxoan jarri zuen abian Behatokia, ekoizpen kostuak kalkulatzeko eta elikagai katearen oreka eta lehia bermatzeko helburuz.

Astelehenean Donostian aurkeztu du ENBAk bertako produktuen garestitzeen txostena. /Argazkia: ENBA

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ENBA
2022-01-20 | ARGIA
Bizkaiko baserritarrek elkarretaratzea egingo dute Bilbon, euren jarduera ezinbestekoa dela aldarrikatzeko

EHNE Bizkaia eta ENBA Bizkaia nekazal sindikatuek, Bilboko Arriaga antzoki parean ostiralean egingo den elkarretaratzera deitu dituzte nekazaritza elkarte eta koperatibak, Nekazaritzak badu etorkizuna, arduraz joka dezagun lelopean.


2021-12-30 | ARGIA
Esnearen sektorea
"Ezin dugu jarraitu kostuen azpitik ekoizten"

"Larria da esne-sektorearen egoera eta, oro har, nekazaritza-sektorearena", salatu dute EHNE, EHNE Bizkaia, UAGN, UAGA eta ENBA sindikatuek. Asteartean Iruñean egin zuten elkarretaratzea, Mercadona supermerkatu baten aurrean; atzo Gasteizen bildu ziren, Gobernu... [+]


Gipuzkoako abeltzainek esne litroaren merkatu prezioa hamar zentimo igotzeko eskatu dute Esne Martxaren bidez

EHNE eta ENBA sindikatuek deituta, Usurbil eta Hernani artean martxa egin dute abeltzainek asteazken honetan. Supermerkatu kateek ahalik eta prezio baxuenak jartzen dituztela salatu dute, merkatuan lehiatu eta irabazi gehiago lortzeko asmoz. Abeltzainek galerak dituzte, eta esne... [+]


2021-06-15 | ARGIA
EHNEk eta ENBAk pentsu prezioen igoera salatu dute eta Elikagai Katearen Legea eskatu

"Abeltzaintza sektoreak ezin du jasan animalien elikaduraren eta, bereziki, pentsuaren kostuaren igoera neurrigabea, mundu mailan funtzionatzen duen merkatu erabat espekulatiboan zerealen balioa handitu delako" salatu dute bi sindikatuek.


Eguneraketa berriak daude