Beñat Gaztelumendik lortu du Gipuzkoako txapela

  • Xabier Gaztelumendik jantzi dio entzuleen txalo artean, Agin Labururekin buruz-burukoa jokatuta. 6.000 lagun elkartu dira abenduaren 14 arratsaldean Donostia Arenan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean.


2019ko abenduaren 16an - 05:11

Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran aritu dira zozketak agindutako hurrenkeran, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean.

Hainbat ariketa egin dituzte bertsolariek lehenengo atalean, eta zati hori bukatuta Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi sailkatu dira bigarren atalera, buruz-burukoa jokatzera. Azkenean, Gaztelumendik jantzi du txapela. Irabazitako bigarren Gipuzkoako Txapelketa du hau, aurreko txapela ere berak etxeratu baitzuen, 2015ean.

Puntuazio taula: Alaia Martin buruz-burukotik puntu bakarrera geratu da

Horrela geratu da sailkapena:

  1. Beñat Gaztelumendi Arandia.............. 940,5
  2. Agin Laburu Rezola.......................... 916
  3. Alaia Martin Etxebeste...................... 576
  4. Nerea Elustondo Plazaola.................. 565,5
  5. Oihana Iguaran Barandiaran.............. 560
  6. Ane Labaka Mayoz........................... 552
  7. Beñat Lizaso Alberdi......................... 541
  8. Jon Maia Soria................................ 533

Bertsozale.eus webgunearen atal honetan ikus daiteke epaileek bertsolari bakoitzari finaleko ariketa bakoitzean eman dioten puntuaketa.

 

 

 

Xabier Gaztelumendik jantzi dio txapela Beñat Gaztelumendi semeari. Honek amari eskaini dio, Pili Arandiari.

 

 

 

Txapeldunaren agurra

Txapeldunari Xabier Gaztelumendik jantzi dio txapela. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak urte luzetan Bertsozale Elkartean egindako borondatezko lan isila aitortu eta eskertu nahi izan dio Xabierri keinu honekin.

Eitb.eus webgunearen albiste honetan ikus daiteke txapeldunaren agurra. Hemen osorik transkribatuta:

 

Bertso eskola bukatzean

nor egoten zen gure zain?

Gaixo geundenean nor zen

min denak goxatzeko gai?

Guk festa egin genezan

nork ez zuen egiten jai?

Ta nork eraman gintuen

sabel barruan bi anai?

Nahiz ta igual ez zenuen

gaur protagonismorik nahi

ama, hau zuri eskaini

gabe ez nengoke lasai

Xabierren semea naiz

ta Pilirena ere bai.

 

Bestalde, Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrak omendu ditu aurten txapelketak, eta Mikaela Kortajarenak, Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarraren bilobak, eman ditu banatu diren sarietako bi. Bertsozale Elkartetik zuzendaritzako kide diren Saroi Jauregik eta Xabi Igoak eman dituzte sariak, eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen Karidadeko Benta taldeko Unai Mendizabalek eta Igotz Alkortak ere bai.

Gai emaile eta aurkezle lanetan Ion Zaldua Brit eta Itziar Etxezarreta Arakistain aritu dira. Epaimahaia, aldiz, hurrengoek osatu dute: Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi eta Gorka Segurola Dorronsoro aritu dira.

Hemen albistea, bertsoa.eus webgunean.

Hemen finaleko argazki gehiago, bertsozale.eus webgunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2019
2019-12-04 | Estitxu Eizagirre
Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren irabazleari

"Urte luzetan egindako lan isila" aitortu eta eskertzeko hautatu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Xabier Gaztelumendi, irabazleari txapela jantzi diezaion. Bertsoa.eus webgunean egin dioten elkarrizketan "ohorea eta harrotasuna" sentitu dituela adierazi du:... [+]


2019-12-02 | Estitxu Eizagirre
Lehen aldiz final parekidea Gipuzkoako Txapelketan

Abenduaren 14an Donostia Arenan (Ilunben) jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Abenduaren 1ean Tolosan jokatu da hirugarren finalaurrekoa, eta bertan erabaki da zein zortzi bertsolari arituko diren finalean. Lehen aldiz launa gizon eta emakume arituko dira Gipuzkoako... [+]


2019-11-25 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendik irabazi du Oiartzungo finalaurrekoa

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoa jokatu da azaroaren 24an Oiartzungo Elorsoro kiroldegian; finalean izango da Gaztelumendi abenduaren 14an.


Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bost final laurdenak aztergai

Ekialdera begira jarri ditugu gaurkoan POTTO saioaren mikroak. Gipuzkoako Bertsolari txapelketa abian da aspaldian eta, azken fasean sartuta dugun honetan, 5 final laurdenak aztertu ditugu.


Eguneraketa berriak daude