Hauek dira euskarazko komunikazioaren 2024ko Argia Sariak

  • Bost sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria Bizkarsoro filmari eman zaio, prentsa saria Sahara. Herri bat erresistentzian liburuari, entzunezko saria Ez gatoz Paristik podcastari, internet saria gordegia.eus artxibategi grafikoari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Guggenheim Urdaibai Stop plataformari. Ehundik gora lagun bildu dira Usurbilgo Atxega Jauregiko ekitaldian.

Behean, ezkerretik eskuinera: Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo, Kristina Berasain, Josu Martinez, Hibai Castro eta Amagoia Gurrutxaga. Goian, ezkerretik eskuinera: Fernando Olalde, Katti Pochelu, Harkaitz Cano, Itsaso Zaldunbide, Eider Gotxi eta Zuriñe Gandarias. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2024ko urtarrilaren 26an - 15:05
Azken eguneraketa: 20:35

35. edizioa izan da aurtengoa eta Usurbilgo Atxega Jauregian banatu dira sariak. Ehun pertsona baino gehiago bildu dira otordu eder baten bueltan; euskal hedabideetako jendea, euskalgintzako eragileak, euskaltzaleak, eta euskal kulturako beste hainbat ordezkari. Mahai baten inguruan, berriz, 1975etik ARGIAko harpidedun diren zortzi lagun izan ditugu gonbidatuen artean.

Bazkalostean egin dute sari banaketa, eta Antton Mendizabal eskultoreak sortutako garaikurra jaso dute sarituek. Hauek dira aurtengoak –informazio gehiago gainean klikatuta–:

Ikus-entzunezko saria: Bizkarsoro, euskal nortasunaren eta euskararen zapalkuntzaz Josu Martinezek zuzendutako filma.

Prentsa saria: Sahara. Herri bat erresistentzian, Mendebaldeko Saharako gatazkari buruz Kristina Berasain Tristanek idatzitako liburua.

Entzunezko saria: Ez gatoz Paristik, Lanartean elkarteak kulturaz egindako podcasta.

Internet saria: gordegia.eus, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoaren egitasmo herrikoia.

Kanpaina onenaren saria: Guggenheim Urdaibai Stop, Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim museoaren aurka egindako lanagatik plataformari emandako saria.

ARGIAko komunitatea hurbil

Iazko ekitaldian abiada hartuta, aurten Haizea eta Oihana Arana ahizpek aurkeztu dute sari banaketa. Saria nortzuk jasoko duten argitu bezain laster, elkarrizketak egin dizkiete bost protagonistei.

Bigarren aldiz gonbidatu dira urte askoan ARGIA babesten ari diren harpidedunak. 2023ko ekitaldian, mende erdiz harpidedun izan diren zortzi harpidedun izan ziren Atxega Jauregian. Aurten, berriz, 1975etik ARGIA komunitateko kide diren beste zortzi gonbidatu izan dira Lasarte-Orian: Maria Pilar Aizpurua, Ana Barandiaran, Pake Garzia, Alberto Agirreazaldegi, Gregorio Jauregi, Mila Etxeberria, Andoni Sarriegi, eta Arantxa Galparsoro.

Erresistitu eta erein

Urtero bezala, ARGIAko lantaldeak diskurtsoa eskaini du egun berezi honetan, eta denen izenean hitz egin du Urko Apaolaza Avilak. ARGIAko komunitatearen sostengua azpimarratu du: zortzigarren urtez jarraian harpidetzek gora egin dutela azaldu du eta ARGIA proiektuaren aurrekontuaren %40 ARGIAko kideek egindako ekarpen ekonomikotik datorrela.

Apaolaza nazioartera begira ere jarri da eta Gaza ekarri du mahai gainera. Israelek 25.000 palestinar baino gehiago hil dituela gogorarazi du. Adierazi du ARGIAn hasieratik garbi izan dugula Palestinan gertatzen ari dena kontatu eta Israelen konplizeak zein diren salatu behar genuela.

Kazetarien jazarpena ere salatu du ARGIAko langileak: Pablo Gonzalez eta Jesús Rodriguez izan ditu gogoan, baita Gazan hil dituzten 112 kazetariak eta Guatemalako Prensa Comunitariako kideak ere.

Mehatxuei eustetik harago, ARGIA lantzen ari den alternatibak azaldu ditu. Sortu berri den Doinuele sarea, Amillubi proiektua eta ARGIAko liburu ekoeditatuak izan ditu hizpide.

Irakurri hemen hitzaldi osoa.

Eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldi honen babesle diren ondorengo erakundeei:

Bizkaiko Foru Aldundia

Emakunde

Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gipuzkoako Foru Aldundia

Kutxabank

Laboral Kutxa

Nafarroako Gobernua. Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutua


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2024
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude