Banatu ditugu aurtengo ARGIA Sariak

  • Hiru Damatxo kolektiboa (Ikus-entzunezkoak), Gora Gasteiz! ekimena (Sustapen ekintza), Joxerra Senar (Prentsa idatzia), Azpitituluak.com (Internet), Goiz Berri saioa (Irratia) eta Loreak filma (Merezimenduzkoa) izan dira aurtengo edizioko saridunak.


2016ko urtarrilaren 29an - 13:06
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

ARGIA Sarien 27. emanaldia egin dugu ostiral honetan, azken urteetan bezala, Usurbilgo Atxega jatetxean izan da ekitaldia, bazkalostean. Komunikazio arloko bost esparrutako sariak banatu ditugu bertan, baita merezimenduzko saria ere, aurten Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak filmak jaso du sari berezi hori.

Prentsa idatziko saria Joxerra Senar Berria egunkariko kazetariak jaso du, bereziki CANen espoliazioaz egindako kazetaritza ikerketagatik. Hiru Damatxo kolektiboak ikus-etzunezko baliabideak erabiliz egindako Gure Bazka elkarrizketa sorta ere errekonozitu nahi izan du ARGIAk, baita gora Gasteiz! ekimenak prekarietate eta xenofobiaren kontra egindako lana.

Azpitituluak.com-ek euskarari egindako ekarpenagatik –urteotan 700 film luze euskaratu dituzte–, eta Euskal Irratiak-eko Goiz Berri saioak aktualitateari emandako ikuspegi saretuagatik, osatu dute aurtengo saridunen argazkia.

Agortu dira “iraupen hutsezko agertokiak”

Sariak eman aurretik, hitz batzuk esan ditu Estitxu Eizagirre Argiako zuzendariak. Lehenik, aldizkariak 2015ean egindako berrikuntzez mintzatu da Eizagirre; itxura berritua, sail berriak (Beranduegiren paperezko bertsioa barne), orrialde gehiago, goi mailako kolaboratzaileak… Horrez gain, 1984tik iaz arte ARGIAk argitaratutako Euskal Kulturaren Urtekariaren lekua hartu duen produktu berria aurkeztu du: Aktualitatearen Gakoak, gaurkotasunari egindako begirada sakona eskaintzen duen argitalpena.

Hirugarrenik, ARGIAk argitaratutako Bizi Baratzea liburuaren arrakasta aipatu du Eizagirrek. Jakoba Errekondoren liburua dagoeneko liburua baino gehiago dela azpimarratu du: ARGIAren balioekin bat datorren epe luzeko proiektu bilakatu da honezkero.

“Iraupen hutsezko agertokia” agortutzat eman du Eizagirrek, eta ARGIAn jauzia egiteko beharra sumatu dugula adierazi du. Herritar guztientzat euskarazko hedabide indartsuak, erreferentziazkoak, behar direla nabarmendu du.

Hitzaldiaren bigarren zatia erakunde publikoei zuzendutakoa izan da. Eta euskarazko hedabideak bultzatzeko, erreferente bihurtzen laguntzeko, haien laguntza eskatu du.

Amaitzeko, ARGIA ekonomia sozialeko enpresa dela gogorarazi du Estitxu Eizagirrek; langileok gara proiektuaren jabeak. Horrek ahalbidetzen du eguneroko jardunean balore batzuk praktikara eramatea, egungo prekarietate korronteari aurre eginez.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude