“Badaude zakila duten neskak eta bulba duten mutilak”

  • Aingeru Mayor sexologoa, transexualitate egoeran dagoen neska baten aita eta Chrysallis Euskal Herria Elkarteko lehendakaria: "Haurrari lagunartean jolastea dagokio, eta ez borrokan aritzea".


2015eko ekainaren 08an - 12:03

Udaleko Sexologia Zerbitzuak antolatuta, gaur arratsaldean [ekainak 3] “Zakila duten neskak, bulba duten mutilak. Ulertu, senti zaitzaten gertu” hitzaldia izan da. Hizlari-lanetan Aingeru Mayor aritu da, sexologoa, transexualitate egoeran dagoen neska baten aita eta Chrysallis Euskal Herria Elkarteko lehendakaria.

Badira barrabilak eta zakila duten emakumeak eta baita bulba duten gizonezkoak ere. Ikerketa desberdinen arabera, 15.000 pertsonatik edo 1.500 pertsonatik batek ditu ezaugarri horiek. “Oso txikitatik oso argi daukate neskatila edo mutikoa direla”, eta neskatila sentitzen den haurrak “ez du esaten niri mutila izatea gustatuko litzaidake”, argiki esaten du “ni neska naiz”. “Gurasoek edo jendeak identitate hori ukatzen badiote, edo berataz barre egiten badute, haurrarentzat egoera oso latza da, bera ukatzen ari baitira”. “Bera dena ukatzeko, gainera, bere genitalak seinalatzen dira: 'Zuk zakila duzu, beraz mutila zara; zuk bulba duzu, beraz neska zara'. Eta horrek eraman dezake haurrak bere genitalak gorrotatzera”. Bera dena izaten ukatzen bazaio “gerta liteke bere burua ezin definitzea, eta jokabidea itxiagoa izatea. Eta haur guztiei bezala lagunartean jolastea dagokio, eta ez borrokan aritzea”.

Gurasoek bizitutako faseak

Aingeru Mayor aitak hitzaldian konpartitu bezala, fase ezberdinetatik igaro zituzten guraso bezala. “Hasieran harritzen gintuen bera neska zela adierazten zuenean. Pentsatzen genuen (pentsatu nahi genuen) haurrak aurrerago bere burua argituko zuela, definitzen joango zela. Beldurra ere sentitu genuen (haurrak etorkizunean sufritu beharko lituzkeenen beldur). Baina berak hasieratik zuen dena argi, hasiera-hasieratik definitu zen, gu ginen definitu behar ginenak”. “Bere arrebaren soinekoak janzten zituen, eta kalera horrela jantzita atera nahi zuen. Guk uzten genion eta inguruko jende baten begiradak, epaiketak, galdera zorrotzak ('baina nola uzten diozue zuen semeari kalera horrela irtetea?') jasaten genituen”.

Teoria psikologiko batzuk baieztatzen dute 7-8 urte bete arte ez dela sexu-identitatea finkatzen. Aingeru Mayor sexologoak azaldu du hori ez dela egia, baieztapen horiek ez dutela inongo oinarririk, eta haurren sexu-identitatea hitz egiten hasten direnerako finkatuta dagoela. “Gure haurrak bi urterekin 'guapo ez, guapa' esaten zigun argi eta garbi”. “6 urte zituenean, goizetan negar egiten zuen: Janzteko orduan ispiluan begiratu eta kontuan hartzen zuen besteen aurrean ikastetxean, kalean,… zein itxura izango zuen, zer esango zioten besteek. Eta ez zuenean arropa egokia aurkitzen negar egiten zuen”. Egun batean ikastetxean “mutil handiago batek esan zion 'zu mutila zara zakila daukazulako' eta orduan nire beste alaba defendatu zion esanez 'zuk uste baduzu mutila dela bale, baina ez esan berari zer den edo zer ez den, utziozu bakean'. Egun hura guretzat detonantea izan zen”. Izan ere, “gurasook argi posizionatzeko ordua iritsia zela ikusi genuen. Zorionez Chrysallis elkartearekin kontaktuan jarri ginen, eta hori guretzat oso lagungarria izan zen”. Orduan gurasoek haurrari galdetu zioten: “Nahi duzu jendeari esatea argi eta garbi zu neska zarela?”. Haurraren erantzuna ere argia eta garbia izan zen: “Bai, noski”. Gurasoek hala egin zuten, eta “oro har jendearen erantzuna oso positiboa izan zen”. Egoera berrian “gure alaba askoz lasaiago bizitzen hasi zen, besteek bera dena onartzeko borrokatzeari utzi ziolako”. Espero dezagun gauzek bide horretan jarraitzea.

Oharrak

Artikulu hau Mondraberri.com -etik hartua izan da. Ekainaren 5ean argitaratu genuenetik hainbat zuzenketa jaso ditu jatorrizko bertsioak. Berauek inor mindu badute, asko sentitzen dugu hedapenean parte hartu izana.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transexualitatea
Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Trans legearen erreformaren harira, Ekai Lersundiren aitak: "Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko"

Lege honek oztopoak kendu eta aitortza legala izatea “berebizikoa” dela adierazi du Naizen elkarteko Bea Severrek. 


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


Eguneraketa berriak daude