Larunbatean “Eusko Label armak gerrarako” kanpainak bere egun garrantzitsuena du deituta. Azoka eguna prestatu dute Gasteizko erdigunean, armagintzak, gerrak eta migrazioak duten lotura ikustarazi eta salatzeko. Albaro Anta Sanz gasteiztarrarekin hitz egin dugu ekimenaren nondik norakoak ezagutzeko. Anta Gasteizkoak talde antimilitaristako kide da, ekimena antolatu duten taldeetako bat.
Eusko Label produktuen azoka antolatu duzue hainbat kolektibok ekainaren 1erako. Zer produktu aurkituko ditugu zuen postuetan?
Larunbaterako azoka antolatu dugu, oso girotua hemengo azoka tradizionalen erara, eta bertako produktuak salduko ditugu. Gehienak Eusko Label produktuak izango dira, eta tartean, barazkiez gain, armak egongo dira.
Armen erreprodukzioak egin dituzue propio azokarako.
Bai. Hemen egiten diren piezak soilik jarriko bagenitu, inork ez lituzke identifikatuko. Baina hegazkin bat edo tanke bat ikusten badu, jendeak ulertuko du. Arma horien maketa batzuk egin ditugu eskalan. Maketen prestaketarekin konturatu gara hemen era guztietako armentzako piezak egiten direla. Europa mailan zenbait armagintza programa daude, eta hemengo enpresek ia denetan hartzen dute parte, itsasontzietakoetan izan ezik. Hegazkinak, helikopteroak, misilak edo bonbak daude. Eta jarriko ez ditugunak ere bai, sateliteak eta beste hainbat produktu. Horrez gain panelak eta bestelako euskarri informatiboak ere prestatu ditugu. Antzerkia izango dugu, eta musika emanaldia ere bai.
Euskal Herrian arma asko produzitzen dela diozue.
Guk dakigula behintzat ehun enpresa daude armagintzara bideratutako osagai ezberdinak produzitzen dituztenak. Hegoaldeko lau handiak SAPA, Sener, ITP eta Aernnova dira. ITPk eta Aernovak arlo aeronautikoan egiten dute lan, Senerrek ingeniaritzan, misiletan eta aeroespazialean, eta SAPAk gehiago kanoietan eta blindatuen arloan. Ez dituzte produktuak bere osotasunean egiten, zatiak baizik. ITPk, esaterako, Eurofighter ehiza-hegazkinaren motorrak ekoizten ditu. Piezak beste toki batzuetan muntatzen dira. Europako arma programetan parte hartzen duen enpresa sarearen parte dira. Lau handi horiek, aldi berean, enpresa sarea dute antolatua Euskal Herrian, pieza txikiagoak egiten dizkiena. Iparraldean TURBOMECA eta DASSAULT dira garrantzitsuenak.
Armagintzaren industria kate luze baten katebegi bat gehiago da. Zeintzuk dira gainontzeko katebegiak?
Enpresa horiek ezingo lukete horrelakorik egin atzean beste sustengu batzuk izango ez balituzte. Erakunde publikoek diru laguntzak ematen dizkiete, laguntzak esportaziorako, sariak. Lana errazten diete. Hezkuntza mailan, unibertsitateek edo FPko institutuek enpresa horientzako baliagarriak diren I+D+I proiektuak garatzen dituzte. Ez soilik hori. ITPk, esaterako, Bizkaiko ingeniaritza eskolan “Aueronautika gela” izenekoa du, berak erabakitzen du programa horretan ze ikasgai ematen diren. Edo EHUk Defentsa Ministerioarekin eta TEDAErekin (armagintzan aritzen den Espainiako Estatuko patronala) akordioak ditu. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektorea Defentsa Ministerioaren aholkularia da NATOn. Hemengo bankuak ere, neurri ezberdinetan, baina erabat sartuta daude armagintzaren negozioan. BBVA Europa mailan armagintzan inbertsio handiena duen bankuetako bat da.
Euskal Herriko armagintza mundu mailako gerrekin eta migrazioekin erlazionatuko duzue azokan. Zein da lotura?
Kanpaina hau Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak sustatu zuen hasiera batean. Ikuspegi asistentziala gainditu eta arazoen erroetara jo behar zutela pentsatu zuten. Ikusi zuten hona etortzen diren edo etortzen saiatzen diren errefuxiatuak gerretatik alde egiten ari zirela, eta gerra horietan gure parte hartzea dagoela. Zirkulu bat da: guk armak saltzen dizkiegu kanpoko gobernu batzuei, “demokratikoak” ez direnei ere bai; haiek gerretan erabiltzen dituzte herriak bonbardatzeko; jendeak ihes egiten du eta hona etortzen saiatzen direnean, harrera ez da batere ona.
Hausnarketa horretatik sortu da “Eusko Label armak gerrarako” kanpaina. Internazionalismoan eta antimilitarismoan aritzen garen taldeak sartu gara bertan.
Deigarria da antolatzaileen aniztasuna: Askapena, Bardenas Libres, Emakumeok Gerraren Aurka, Gasteizkoak, Greenpeace, Ongi Etorri Errefuxiatuak, OXFAM Intermon...
Gasteizen sortu zen, baina Euskal Herri mailako dimentsioa eman nahi genion. Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek talde gehiago ditu Euskal Herrian, eta horien barnean beste talde batzuk ere badira. Kontaktu berriak ere egin dira. Emaitza talde nahiko zabala eta anitza da. Egia da gaiarekin interesa dagoela sumatzen dela, horrek elkartu gaitu.
Euskal herritar bezala dugun ardura ere aipatzen duzue.
Ardura handiena dutenak aipatu ditugu lehen, armagileak eta erakunde publikoak. Baina guztiok dugu dirua banketxeren batean sartuta, armagintzaren enpresetan lan egiten duten pertsonak ezagutzen ditugu, erakunde publikoak guk aukeratutakoak dira maila batean... nahiko gertu daukagu dena. Alde horretatik, kanpainaren helburu nagusia informazioa zabaltzea da: gure errealitatea ezagutu dezagun, baina baita kanpoko hainbat gatazka eta gerretan dugun parte hartzea ere. Hortik aurrera, gaia sakonago lantzeko aukera zabaldu nahi da.
Euskal herritar jakin batzuen ardura berezia azpimarratu duzue, nolanahi ere.
Zaila da armagintzaren atzean ze pertsona dauden jakitea, nahiko ezkutuan aritzen dira. Baina pertsonak egon badaude, ardura eta dirutza handia dutenak. Jokin Aperribay, Real Sociedad futbol taldeko presidentea dena, SAPAren presidente izan zen eta egun juntan dago. Zaila da ulertzen nola inork ez dion txisturik jotzen, gutxienez, partidak ikustera doanean. Sendagorta familia Sener enpresaren jabea da, Neguriko familia aberatsa; aberatsa hein handi batean armaren negozioari esker. Pedro Morenes getxotarraren kasua oso argia da. Zaragozako Instalaza enpresaren buruetako bat zen. Minak egiten zituzten han, debekatu zituzten arte. Orduan, kalte ordainak eskatu zituen irabazten utzitako diruagatik. Aznarrekin Defentsa alorreko Estatu Idazkari bilakatu zen garai hartan, ondoren Instalazara bueltatzeko, eta gero berriz ere Defentsa Ministro izateko Rajoyrekin. Azkenean ez zioten enpresari dirurik eman, baina salaketa bat egon zelako tartean eta epaile batek aurkako epaia eman zuelako. Orain SAPAn dago. Adibide batzuk baino ez dira.
Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]
Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".
“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]
Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]
Europako Batzordeak aurkeztu duen plana ustezko gerra edo hondamendi baten aurrean “bizirauteko” kit batetik harago doa: hogeita hamar neurri proposatu ditu eskoletan, enpresetan eta herritarren artean militarismoa eta beldurra sustatuko dutenak.
“Ez dugu gerraren aurrean etsi nahi, ez dugulako hilerrietako bakea nahi”, dio manifestuak, eta agintariei irtenbide politiko baten alde lanean jartzeko eskatu diete. Sinatzaileen artean daude Delàs institutua, Gernika Gogoratuz edo Ongi Etorri Errefuxiatuak... [+]
Defentsarako gastua handitzeko Europako herrialdeen apustuaren atzean, asko dago propagandatik, eta askoz gehiago interes ekonomikotik. Kontrakoa sinetsarazi diguten arren, XVIII. mendean Ingalaterran Industria Iraultza jaio zenean, armak eta gerra izan zituen oinarri, eta ez... [+]
Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, munduan zehar milioika emakumeontzat berdintasuna, eskubideak eta justizia eskatzeko borroka eguna da. Hala ere, gerrek, gatazkek eta politika militaristen hazkundeak markatutako testuinguru global batean, inoiz baino premiazkoagoa da... [+]
Zerrenda honetan, 2016az geroztik armagintza programaren batean parte hartu duten enpresak sartu ditu Gasteizkoak taldeak, edo militarrentzako produktu espezifikoak garatu dituztenak (ibilgailuak, pinturak, bateriak…). Hego Euskal Herrian sortuak, edo Hego Euskal... [+]
Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki... [+]
Armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamena publiko egin berri du mugimendu antimilitaristak. Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez... [+]
"Ez gaude prest lauzpabost urte barru datorkigunerako. Arriskua ziztu bizian dator guregana. Aurre egin behar diogu: Ukrainan gertatzen ari dena hemen ere gerta liteke” (...) “Errusia, Txina, baina baita Ipar Korea eta Iran ere, gogor ari dira lanean Ipar... [+]
Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]
Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]