Ekainaren 5, 6 eta 7rako iragartzen da Bioterra azoka Irungo Ficoba gunean. 12. edizio honek 140 erakusketari bilduko ditu, antolatzaileek aurreratu dutenez eta beste hainbat ekitaldiren artean gonbidatu berezi bat edukiko: Satish Kumar bakearen eta ekologiaren aldeko ekintzaile indiarra. Bakearen aldeko Ibilaldiak famatu egin eta Resurgence & Ecologist aldizkariaren sortzailea den Kumar larunbatean mintzatuko da Ficoban, arratsaldeko 17:30ean.
Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka den Bioterra hiru mundutan multzokaturik dago. Bioterra gunean nekazaritza ekologiko ziurtatutako elikagai-enpresek erakusten dute, %100 organiko ziurtatua den ehungintzakoek, kosmetika ekologiko ziurtatukoek...
Naturall gunea osasun eta ongizate proposamenei: kosmetika eta higiene naturaleko produktuak, ehungintza eta osagarri naturalak, habitat osasungarria, terapia naturaletarako osagarriak, eko-turismoa, erremedio naturalak, prentsa espezializatua eta abar.
Geobat guneak biltzen ditu geobiologia, bioeraikuntza eta energia berriztagarriei buruzko erakusketariak.
Estand eta postuez gain, hitzaldi, erakustaldi, tailer eta dastaketak txandakatuko dira feriaren hiru egunetan zehar. Jakoba Errekondo izango da hizlarietako bat; usurbildar paisajistak ARGIArekin argitaratutako Bizi Baratzea liburuaren aurkezpen hitzaldia eskainiko du ekainaren 6an (larunbata), 1+2 aretoan, 16:00etatik aurrera.