Astebetez euskara hutsean bai?

  • Egiatarrak horretan saiatuko dira, goizetik gauera euskaraz bizitzen. Astebeteko konpromisoa hartuko dute eta koadernotxoan idatziko dituzte bizipen pozgarriak, frustrazioak eta edonolako gogoetak. Donostiako Egia auzoko 18 elkarte eta taldek ontzat jo dute ekimena.


2015eko abenduaren 02an - 10:01
‘Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako’ ekimena aurkeztu zuten azaroaren 28an Donostiako Egia auzoan. Argazkian ekimena babestu duten norbanakoak eta elkarteak ageri dira. Argazkia: Egiako Euskara Batzordea.

Egia Euskaraz Batzordea da ekimenaren bultzatzaile, eta haien ustez, ekimenaren nolakotasunaren “errudun” Lutxo Egia da. Bilbotar idazleak hilabete osoa igaro zuen euskaraz soilik hitz egiten eta Berria egunkarian egunero hausnarketak idatzi zituen.

Egiatarrek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dute urtero, baita bi urtez behin (Korrika ez denean) Egia Euskaraz Eguna ere. Haratago joan nahi zuen ordea Egia Euskaraz Batzordeak. Hala, zazpi astez txandaka eragileak (auzoko talde eta elkarteak) jo eta su euskaraz arituko dira, harik eta komunikazioa oztopatu arte. Dendaria izan daiteke, senidea edo dantza taldekoa, euskaraz egiten ez duena baina dena ulertzen duena. Hala ere, halakoetan gaztelaniaz egiteko joera dago. Astebete horretan halako inertziak apurtzeko aukera asko izango dira. Euskaraz ez dutela ulertzen diotenak ere parean izango dira. Haiek motibatzea ederra litzatekeela uste dute Batzordekoek. Ez jakin auzotarrek, dendariek eta bestelakoek zein jarrera hartuko duten astebetez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu duten horien aurrean.

Bizipen onak, txarrak, edo hausnarketak idazteko koadernotxoak utziko dituzte auzoko hainbat tokitan, nahi duenak erabil ditzan. Batzordearen asmoa idatzi horiek denak jasotzea eta ondorioak ateratzea da. Koadernoaz gain Euskaraz Bizi Nahi Dugulako pina ere banatuko dute. Horrela, ekimenean parte hartzen ari dela jakina izango da.

38 dendetan euskaraz egin daiteke

Urtarrilaren 8an abiatuko den ekimenaren berri auzotar askok izango du ordurako. 18 talde eta elkartek horren berri izateaz gain atxikimendua adierazi dute. Dendariak ere jakitun dira, eta Egia Euskaraz Batzordeak Egiako Establezimenduetan Euskaraz gida atera du. Euskaraz zerbitzua eskaintzeko gai diren 38 dendaren zerrenda da gida, behin-behinekoa. Martxoa bitartean, osatzen joango dela uste dute. Izan ere, urtarrilaren 8tik otsailaren 26ra 18 eragileek eta otsailaren 26tik martxoaren 4ra norbanakoek astebeteko Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimena egingo dute eta haiek zerrenda osatzen lagunduko dutela uste da.

Konpromisoa hartu dutenek ez dute sarerik gabe jauzi egingo. Prestaketarako aukera izango dute abenduaren 12an Aitor Ikastolan. TELP tailer moduko bat egin ahal izango du hara gerturatzen den edonork. Euskaraz egin ahal izateko oztopoak sortzen direnean, zein jarrera hartu eta nola jokatu ikasten arituko dira. Egiazko ikasketa astebeteko jardunean izango da, eguneroko hizkuntza harremanetan sortutakoetatik. Ikasitakoa konpartitu eta ondorioak ateratzen hasteko garaia berriz, martxoaren 12an, Egia Euskaraz Egunean, denek biltzeko aukera izango baitute.

Azaroaren 28an aurkeztu zuten ekimena Egia auzoan eta bideoan grabatu:

 

 

 

 

Marixol Agirre Begiristain, otsailaren 26tik martxoaren 4ra, bizi den auzoan, Egian, egun osoz euskaraz egiten saiatuko da. Halako ariketak aurrera begira euskaraz aritzeko indarra emango diola uste du, eta jakin-minez dago otsaila iritsi zain.

Zer dela-eta animatu zara Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimenean parte hartzera?

Batzuetan euskaldunok aukera gutxi dugu euskaraz aritzeko eta horrelako ekimen bat baliatu egin behar dudala iruditzen zait. Erdarak tokiak hartzen segitzen du. Euskara dakigunok giro deserosoa ez sortzearren errazera jotzen dugu, eta erdaraz egin.

Gutxi dakitenei laguntzeko aukera izango duzu.

Gutxi dakitenei esan behar diegu egiteko euskaraz, lasai hartzeko eta erabiltzeko. Beldurrak uxatu behar dituzte eta dakitena erabili. Guk uste baino jende gehiagok daki eta dakigunok erabili egin behar dugu.

Hasi al zara errepasatzen senideekin, lagunekin, lantokian… zein oztopo izango dituzun?

Familia euskalduna dut, eta beraz, alde horretatik ez dut arazorik izango. Lantokiari dagokionez, irakaslea naiz eta lankide eta haurrekin euskaraz egiten dut, baina guraso guztiekin ez. Kontua da ez naizela Egia auzoan irakasle, eta orduan saiakera ez dut neurri berean egingo. Lagunartean, asteburuan, poteoan, ez da hain erraza izango, ikusi behar nola moldatzen naizen, batzuengandik ihes egin beharko dut, lagunak aukeratu beharko ditut… (kar kar kar).

Euskarari buruz hitz egiten al duzue lagunartean?

Hitz egiten dugu, baina ez da gai erraza. Batzuen ustea da beti aldarrikapenean ari garela, beste batzuen ustez biktimarena egiten aritzen gara. Inor ez mintzeagatik erdaraz egiten dugu askotan. Pasa-errazak gara, harremana ez okertzeko erdaraz egiten dugu. Modu apalean, baina bi aldeak ulertzeko ahalegina egin behar dugu, eta besteak euskara erabiltzera bultzatu. Astebeteko saioa erronka izango da niretzat.

Paparrean identifikazio pina eramango al duzu?

Bai, jartzeko asmoa daukat. Jendearengana hurbiltzerakoan errazago izango dela iruditzen zait haiek jakitea zertan ari garen. Bestalde, egunerokoan eguna nola joan den jasoko dut, oztopoak eta beste. Nik uste dut horrek denak gero balioko digula euskaraz bizi nahi horretan hobeto moldatzeko.

 
 

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
‘Bertatik Bertara’ kanpaina abiatu du UEMAk, turismo garaian euskara areagotu asmoz zerbitzu sektorean

Udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu du mankomunitateak eta bisitariek zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradun eta langileen konpromisoa eskatu du. Kanpaina ekainaren 8tik irailaren erdialdera arte egingo da.


Erramun Baxok hizkuntzalaria eta ohorezko euskaltzaina zendu da

Euskararen egoera soziolinguistikoa aztertu, eta Kultur Erakundeko lehendakaria eta Eusko Batasuna alderdiko kide izan zen. Astelehenean zendu zen 96 urterekin.


Amurrioko Udalak dirulaguntza kendu dio Aiaraldea Komunikabideari

Aiara eskualdeko euskarazko komunikabide bakarra da Aiaraldea, eta Amurrioko Udalarekin 2012. urtetik izenpetua eta indarrean zuten euskara sustatzeko hitzarmena "alde bakarrez" eta "inolako jakinarazpenik eman gabe" eten du udalak. Erabakia "oso... [+]


Hizkuntza politika “sendoak” eskatu dizkie euskalgintzak instituzioei

Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.


2024-05-10 | Antxeta Irratia
Udalerri euskaldunen eguna ospatuko dute Lesakan maiatzaren 18an

"Zubiak zeharka” lemapean, egun osoko egitaraua prestatu dute UEMA eguna ospatzeko. Herriko eragile guztiek hartu dute parte programaren prestaketan eta ekimen herrikoi eta partehartzailea izatea lortu dute horrela.


Eguneraketa berriak daude