Argindarraren prezioa jaisten bada, zentral nuklearrak ixtearekin mehatxatu du Espainiako energiaren lobbyak

  • Espainiako Gobernuak asteartean onartu zuen argindarraren prezioaren hazkundea gelditzeko neurri multzoa. Energia enpresek kobratu dezaketen gehienezko prezioa kilowatt orduko 20 euroan jarri dute. Foro Nuklearra kexu da: gutxienekoa 57-60 euroan ez badago, zentralak itxi beharko dituztela.


2021eko irailaren 15an - 10:43
Azken eguneraketa: 12:49
Cofrenteseko (Valentzia, Herrialde Katalanak) zentral nuklearra 2011n. Argazkia: DnTrotaMundos

Espainiako Gobernuak atzo onartu zuen argindarraren prezioa mugatzeko neurri multzoa. Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak proposatutako lege proiektuan, herritarren faktura elektrikoa %30 jaitsiko duten neurriak hartuko dira. Baina 32 energia enpresaz osatutako Foro Nuklearra kexu agertu da, proposatutako aldaketa fiskalek beren irabaziak %25 mugatuko dituztelako.

Sánchezek asteartean onartutako proiektuarekin, zentral nuklearrek eta hidroelektrikoek jasotzen duten gainsariaren zati bat itzuli beharko dute. Egun, batez bestean, elektrizitatearen prezioa 55 eurokoa da orduko erabiltzen den kilowatt bakoitzeko; neurrien multzoak 20 eurora jaitsiko du orduko kilowattagatik enpresek kobratu dezaketen gehienezko balioa. Hortik gora irabazten duten zenbatekoa bueltatu egin beharko dute konpainia elektrikoek. Neurria sei hilabetez izango da indarrean, 2022ko martxora arte.

Energia nuklearraren lobbya-k salatu egin du hartutako erabakia, behin behineko neurria den arren, energia elektrikoaren bidez lortutako argindarrari “penalizazioa” ezartzen diolako. Sektoreko enpresek —Iberdrola, Endesa, Naturgy (lehen Gas Natural Fenosa zena) EDP eta Repsol tartean— legea aplikatuko den sei hilabeteetan 2.600 milioi euroko galerak izango dituztela kalkulatu dute. 

Proiektuak, egungo presio fiskalarekin batera, “parke nuklear osoaren jarduera etetea” ekarriko lukeela esan dute enpresek, eta Espainiako Estatuko zazpi zentralak itxi egin beharko lituzketela “errentagarritasun faltagatik”. Ribera ministroak, TVEri eskainitako elkarrizketa batean, halere, oroitarazi die ez dutela horrelako erabaki bat gauzatzeko eskumenik, administrazioaren baimena beharko luketelako ekoizpena gelditzeko.

Enpresek ikusten duten beste irtenbidea, elektrizitatearen prezioari muga hain baxurik ez ezartzea da. Beren ustez, orduko kilowattaren gutxieneko prezioa 57-60 euro artekoa izan beharko litzateke, etekinak ziurtatzeko. Egungo prezioak, halere, elektrizitate enpresek aurreikusten duten minimotik oso urrun daude. Azken hilabeteetan, kiolwatt orduko 150 euroko fakturak ari dira aplikatzen, eta prezioek etengabe jotzen dute gailurra: gaur, 188 euroko prezioak aurreikusi dituzte. Igoera hori, Europa osoan ari da gertatzen, lehengaien kotizazioaren eta gas naturalaren zein karbono dioxidoaren prezioen igoeraren ondorioz. 

Baina energiaren ekoizpen kostuek nazioartean gora egin arren, Espainiako elektrizitate sektorean biderkatu egiten dira merkatuak ezarritako prezio horiek. Teresa Ribera ministroak horrela azaldu du asteartean egindako agerraldian: “Nazioarteko merkatuan gasaren prezioa euro bat igotzen den bakoitzeko, Espainiako elektrizitatearen handizkako merkatuan bi euro egiten du gora, eta bukaerako prezio hori da elektrizitate ekoizle guztiek ezartzen dutena, beren kostu operatiboak edozein izanda ere”. 

Hori horrela, Riberak zehaztu du, orain arteko “ezohiko irabaziekin” laguntza ematea egokitzen zaiela enpresei. Gutxienez, elektrizitatearen prezioa herritar asko itotzen ari den “salbuespeneko” egoera honetan. Aurreikuspenen arabera, 2022ko martxoan handizkako merkatuaren prezioek behera egitea espero du gobernuak, eta behin horrela, elektrizitate enpresek legea aplikatu bitartean izango dituzten galerak itzuli egingo dizkietela zin egin diote elektrizitate sektoreari.

Baina lobbystak aldaketa guztien aurka agertu dira: orain arte bezala jarraitu nahi dute. Ignacio Araluce Foro Nuklearreko presidenteak azaldu du estatuko zentral nuklearrek aldian-aldian berritzen diren ustiapen baimenekin egiten dutela lan, eta orain indarrean daudenak onartzeko, enpresek kontuan izan zituztela garaiko lehengaien prezioak eta ekoizpen kostuak. Aldaketa berriek hasierako kontratuei nola eragingo liekeen jakin izan balute, lizentziak ez lituzketela berrituko esan du Aralucek. 

Bestalde, hainbat sektoreri eragingo dien albo ondorioez ere mintzatu da lobbyko presidentea. Batetik, lanpostuak eta industria azpiegitura galduko liratekeela esan du. Bestetik, handizkako merkatuan prezioen hegakortasuna areagotu egingo litzatekeela zehaztu du, eta horrek atzerriko energiarekiko menpekotasun eragingo lukeela lurraldean.

Gobernuaren neurriak, aurrera

Elektrizitatearen prezioen igoerari muga jartzeko, argindarraren gaineko BEZa %21etik %10era jaitsi zuen Espainiako Gobernuak ekainean. Asteartean hartutako neurriari gehituta, biztanleek duten argiaren faktura %30 jaitsi daitekeela aurreikusten dute. Horretaz gain, prezio jaitsierari eragingo dioten beste neurri batzuk ere hartuko dituztela iragarri dute gobernutik.

2021eko hirugarren lauhilekorako etenda egon den Ekoizpen Elektrikoaren Gaineko Zerga (%7) abenduaren 31ra arte kenduko da. Era berean, Elektrizitatearen Gaineko Zerga Berezia ere %5,1etik %0,5era jaitsiko dute (Europako Batasunak uzten duen gutxieneko ehunekoraino). 

Azkenik, elektrizitatearen prezioak finkatzeko eredu berria ezarriko dute, energia erosteko kontratuen enkanteen bidez. Enkante horietan, operadore nagusiek – Iberdrola, Endesa, Naturgy eta EDP– sortzeko gaitasunaren ehuneko bat eskaini beharko dute, eta merkaturatzaile txikiek edo kontsumitzaile eta industria handiek eskuratu ahal izango dute zenbateko hori. Horrela, handizkako merkatuarenak baino prezio baxuagoak ezarri ahal izango dira.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia nuklearra
Energia nuklearraren ekoizpena maximo historikoan: seguru al gaude?

Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]


Nuklearra energia garbitzat hartzea eskatu du Europako Legebiltzarrak

Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien... [+]


Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Microsoftek energia nuklearra erabili nahi du adimen artifiziala elikatzeko

Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da. Zehatzago esanda, beste norbaiten ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak dira hodeia, eta energia kopuru izugarriak behar dituzte. Microsoftek erreaktore nuklear txikien aldeko apustua egin nahi du energia behar horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude