Ibilbide ofiziala lurralde horietatik igarotzen ez dela eta, Korrika propioa antolatu dute hirugarrenez. Viana eta Bastidatik abiatuko dira zutabe bana, eta Guardian amaituko da ekimena jai batekin.
2013 eta 2017koen ostean, hirugarren aldia da lurralde horietako euskaltzaleek Arabako Errioxako eta Vianako Korrika antolatzen dutela. Aurrekoak ez bezala, aurtengoa AEKrekin eta Korrikarekin elkarlanean antolatu dute. Beren lurraldean euskararen alde egiten den lana aldarrikatu eta hauspotu nahi dute Vianako (Nafarroa) eta Arabako Errioxako euskaltzaleek.
Larunbat goizean zutabe bana abiatuko dira Vianatik eta Bastidatik, eta Guardian elkartuko dira arratsaldeko 17:30ak aldera. Aurretik, ostiralean, Korrika txikiak antolatu dituzte hainbat ikastetxek Bastidan, Guardian, Lapuebla de Labarcan, Lantziegon, Oionen eta Vianan.
Egitarau mardula osatu dute euskaltzaleeek Guardiako larunbat arratsaldeko ospakizunerako: Izango dira haurrentzako tailerrak eta eskulanak, kale animazioa trikitrilari eta txistulariekin, bertsolariak edo kontzertuak. Dupla, Astoratuak, Eh Mertxe! eta Azken Hatsa taldeek kontzertua emango dute.