Apunte batzuk atarikoan

  • Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk eta PPk gobernua osatu zuten. Gauzak dezente aldatu dira ordutik.

Eusko Legebiltzarra.

2024ko apirilaren 16an - 07:50

Agerikoa da bi alderdi abertzaleen gorakada, izan ere, bien artean ganberaren ia hiru laurdena kontrolatzen dute. Alderdi espainolistek behera egin dute: PP, 2001etik hona, 19 eserlekutik 6ra jaitsi da, eta PSE-EE, Patxi López lehendakari zenetik, 9-10 edukitzera igaro. Podemosen espektroa, berriz, Sumar ere kontutan hartuta, desagertzeko zorian dago inkesten arabera. Pasa den legegintzaldian, Elkarrekin Podemosek 6 ordezkari eduki ditu.

Hauteskunde-kanpaina eta inkesten demasa jarraitzen ari den irakurleak badaki titular guztiek gauza bertsua diotela, aspaldian ikusi gabeko lehia estua aurreikusten dela EAJren eta EH Bilduren artean. Lehen indarra izan daiteke koalizio subiranista estreinakoz, baina horrek, bistan da, ez du gobernagarritasuna blindatzen, ez badu behintzat EH Bilduk gehiengo osorik lortzen edo beste alderdiren batekin akordiorik egiten 38 eserlekuen mugara heltzeko. Gutxiengoan ere osa daiteke gobernua, baina probabilitate eskasa du formula horrek.

Beraz, aldaketa egon daitekeela bai, legebiltzarkide kopurutan edo akaso botoetan ere bai, baina beti ere alderdika hartuta. Izan ere, balizko paktuei begira, beste behin ere seguruenik hirugarren indar izango den PSE-EEk edukiko du giltza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat eta hainbat udalerrietan gertatzen den gisan. Aurreikustekoa da, ezustekorik ezean, bien baturak ematen badu, EAJren hautagaia lehendakari egingo duela, trukean EAJrekin gobernuan sartu eta hiruzpalau sail zuzentzearen truke.

Ofizialki apirilaren 5ean hasi da hauteskunde kanpaina, baina zikloa aspalditik dator; alderdi politikoak udazkenetik ari dira gurdiari tira eta tira. Azaroaren 24an jakin zen, filtrazio batez, Iñigo Urkulluk ez zuela jarraituko jeltzaleen buruzagitzan, ez zela hautagai aurkeztuko berriz, hala erabaki zutela Sabin Etxean, eta hautsak gehiago harrotu aurretik, ordu gutxiren buruan kateatu zuten Imanol Pradalesen hautagaitzaren notizia. Izan dute denbora Pradales apurtxo bat ezagunago egiteko, baina urrun geratu zaie apirilaren 21a, data hori ere urtarriletik zurrumurruka ezagutarazi baitzen. Legegintzaldia gehiago katramilatu ez zedin, otsailaren erdialdera arte isilean eduki zuten Urkulluk eta bere gabineteak apirilaren 21eko data. Jakinarazpen ofiziala prentsaurreko batez egin zuen, otsailaren 22an.

ALDAKETA. Irauli daiteke legebiltzarkide kopurutan, akaso botoetan ere bai, baina horrek ez du gobernagarritasuna blindatzen. PSE-EEk makina bat aldiz esana du ez duela EH Bilduren gobernurik babestuko

Promesa sektorialak: Osakidetza eta etxebizitza

Horrela ikusita, gai sozialetan jarri denez fokua, datozen hauteskundeek herritarrentzat interesgarriak izan beharko lukete. Ezinbestean ere, esan behar da, fokua horietan jartzea besterik ez zegoen, bataren zein bestearen ereduak eta politikak deriban eta kinka larrian daudelako, eta horiek gogotik ordaintzen ari direlako herritarrak egunero-egunero.

Gizarteko bi alor horiek badute beraien gizartea, publikoa, edo egin daiteke halako bereizketa bat, sikiera. Orokorrean esanda, jakina, Osakidetzara gehien joaten direnak 50 urtetik goragoko herritarrak dira, baita gaztexeagoak ere, 30-45 urte artekoak, haur txikiak baldin badituzte. Aldiz, gazteei gehiago eragiten diete etxebizitza berrien prezioen garestitzeak eta alokairu kontratuen disparateak. Komeni da adin eta gai horien arteko bereizketa horrela egitea, tentuz hartzekoa bada ere.

Erreparatu orain adin tarte horietako boto-emaileei. Inkesta guztietako datu txikiek zera diote, 50 urtetik beherako herritarren artean EH Bildu dela boto gehien jasotzen dituena eta, aldiz, EAJ dela garaile muga sinboliko horretatik goragokoetan. Historikoki ezker abertzaleak sostengua izan badu 30 urtez azpiko herritarrengan, muga hori igotzea lortu du urteen poderioz. Hala ere, 50 urtetik gorakoengan EAJk duen nagusitasuna oso handia da.

Gauzak horrela, beste begi batzuekin ikusten da kanpainaren panorama. Apirila heltzearekin batera eta makineria mediatikoa are gehiago indartu den testuinguruan, argigarria da norantz egin duten deia EAJk eta Pradalesek: hitzeman dute hiru urte arteko haur bakoitzeko jasotzen den hileroko laguntza, 200 eurokoa, zazpi urtera luzatuko duela.

Ukalondoa sartu eta tokia egiteko ariketa izan da jeltzaleen estrategia erdibideko adin-tarte horretan, 30 eta 45 urte artekoetan, dagoen bataila gogorrean. Ez da gauza berria, ordea: tiritatxoak jartze lan horiek lehenagotik hasiak ditu Sabin Etxeak, Jaurlaritzaren bitartez. Haur eskolak doan izateko laguntza sistema ere abian da gainera, eta, adinean beheraxeago jaitsita, berriki indartu ditu Jaurlaritzak emantzipaziorako programak.

Osakidetza da tiritarik handiena behar duena, baina konponbide errazik ez duena. Osasun integrala hedatu, itxaron-zerrendak arindu eta estilo bertsuko promesak egin dituzte alderdi politikoek. Milioika euro jarri ditu mahai gainean EAJk, berrikuntzak egiteko. EH Bilduren programaren berrikuntza, aldiz, osasun langileen arteko kooperazio eta komunikazioan oinarritu da. Dena den, abileziaz jokatu du EAJk, Osakidetzari buruzko kritikak heltzen hasi aurretik berak aurrea hartu eta proposamenak egiten.

Promesa abandonatuak: burujabetza eta naziotasuna

Autonomia estatutua indartzeaz harago, Katalunian ez bezala, independentzia goserik ez da sumatzen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Erabat kendu da ideia hori lehen lerrotik.

Euskara da, akaso, bi alderdi abertzaleen artean batasun gehien sorraraz dezakeen gaia. Bide horiek urratzea interesgarria litzateke gizartearentzat, gehiengoarentzat ere bai –alderdi abertzaleen nagusitasun parlamentarioa ikusita–, baina kanpainatik nahiko kanpo geratu da gaia. EH Bilduk eskatu dio EAJri subiranisten gobernua babestea, baldin eta subiranistek lortuko balituzte jeltzaleek baino eserleku gehiago. Euskararenean ez ezik, burujabetzan eta naziotasunean aurrerapausoak emateko aukera eman lezake gobernu horrek.

Inkestak: koalizio gobernua errepikatu daiteke

Martxoko EiTB Focusak berdinketa aurreikusi zuen EAJren eta EH Bilduren artean, nahiz eta boto kopurutan jeltzaleak gailendu. Jaurlaritzaren otsaileko Soziometroak ere gauza bera esan zuen: 27na eserleku bakoitzak. Aldiz, Aztikerren arabera, 29 eserleku eskuratuko lituzke EH Bilduk eta 27 EAJk. Kasu horretan, hala ere, EAJren eta PSE-EEren batuketak 38ko gehiengora heltzea ahalbidetuko luke. Argitaratu diren inkesta guztien titularra horixe da, koalizio gobernua errepikatzeko ahalbidea egongo litzatekeela.

Hauteskunde eguna gerturatzen joan ahala, baina, bai EiTB Focusak eta bai 40dB enpresak Prisa taldearentzat eginiko inkestek zera diote, EH Bilduk eskuratuko lituzkeela eserleku gehien; 30, hain zuzen.

Gainontzeko alderdiei dagokienean, ezustekorik ezean, PSE-EE izango da hirugarren bozkatuena eta egun dituen 10 eserlekuak mantentzea espero da, agian baita bat edo beste igotzea ere. PPk ere antzera, egungo 6 ordezkarirekin geratuko da edo bat gehiago irabaziko du; eta eskuin muturraz hitz eginda, Vox, egun duen ordezkari bakarra galtzear egon daiteke.

Azkenik, Podemosi eta Sumarri buruz, galdera ikur batekin ardazten da espektatiba: bizirauteko gai izango dira? Inkestek denetarik diote, baina bien emaitzak batuta bi ordezkaritara iristen badira, gaitz erdi.

Laburrean | Nola heldu da alderdi bakoitza?

EAJ. Berrogei urtez bere harribitxia izan den Osakidetza deriba betean dago eta eragina izango du. Auzi sozialak ere batu zaizkio koktelari, etxebizitzarena eta Ertzaintzarena kasu. Galduko ditu eserlekuak, baina ez dirudi gehiegi. Taldea gaztetu arren, konfiantza transmititu nahi dute. Indar berria.

EH Bildu. Olatuan doa eta abila izaten ari da surfean. Krispazio eta polemiketatik aldenduta dabil, foku horietatik kanpo, oinarria zainduta. EAJren higadura baliatuko du botoak eskuratzeko. Lehen indarra izatera hel daiteke. Aldaketa da orain.

PSE-EE. Hirugarren postuan sendo. Programa sendorik ez dauka eta burua zokotik ateratzen du krispazio bila, apenas funtsik izan gabe. Esana du EH Bildu ez duela inola ere babestuko. Aldatu gidoia zen hasierako leloa; apirilean, Erabakia zurea da jarri dute.

PP. Espainiako antzerki-politikari esker emaitza onak izan zituen foru hauteskundeetan, eta abailari eutsi nahiko dio PSE-EEri presio egiteko. Hautagai zaharrunoak berreskuratzen abila da. De Andrés-i euskal txapela jantzi diote kanpainan. Euskadi Ireki baten alde leloa darabil.

Elkarrekin Podemos. Deriba oso larrian. Galizian bezala, desagertzear leudeke EAEn. Aldez edo moldez egurtu nahi dituzte jeltzaleak, baina ez diete bueltan kasurik egiten. Proiektu eta sinesgarritasunik gabe geratzen ari dira. Baita aurrekonturik gabe ere. Aukeratu ezkerra.

Vox. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan tiradarik ez duen alderdi espainiar ultraeskuindarra. Araban zentratuko da eserlekua hala nola eskuratzen. Diskurtso xenofobo eta arrazistarekin abiatu du kanpaina; okerragoak ere entzungo zaizkio. Badakizu egia dela (gazteleraz).

Sumar. Ordezkaritza parlamentariorik ez izateko eta inkestek emaitza kaskarra emateko, ahotsa dute kanpainan. Oinarri sozial apala dute EAEn. Sustengu bakarrak Espainiako Gobernuko presentzia eta Yolanda Díazen fenomenoa ere bai, jakina. Aparra oso azkar ari zaio agortzen proiektuari. Euskadi berria.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Eguneraketa berriak daude