Antton Valverdek jasoko du Adarra saria

  • Ekainaren 21ean jasoko du saria artista donostiarrak, Viktoria Eugenia antzokian, eta kontzertua emango du jarraian.


2025eko apirilaren 30ean - 07:00
Azken eguneraketa: 08:48
Jon Insausti Kultura zinegotzia, Antton Valverde musikaria eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko programazio teknikaria, Adarra saria iragazteko prentsaurrekoan Xalba Ramirez
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2025eko Adarra sariak badu sariduna: Antton Valverde musikari donostiarra. Hala iragarri dute astearte goizean Viktoria Eugenia antzokian Jon Insausti Kultura zinegotziak, Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko programazio teknikariak eta Valverdek berak egindako prentsaurrekoan. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten hamabigarren Adarra saria da Valverderena.

Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko zuzendariak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osaturiko epaimahaiak nabarmendu du artista donostiarrak “euskal kantagintzan izandako eragina”, aintzat hartuta zer nolako eragina izan duen “herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik, euskal kanta modernoaren agertokietara (pilotalekuak barne) pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik estilo pertsonal, zaindu eta dotoreaz”.

Horrela, Valverdek ekainaren 21ean jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra Eneko Goia alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko du, Musikaren Europako Egunarekin bat eginez. Viktoria Eugenia antzokian izango da ekitaldia, eta Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garces (kontrabaxua) musikariak izango ditu bidelagun. Sarrerak asteazkenean, hilak 30, jarriko dituzte salgai, 11:30ean, 20 euroan, Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta webgunean.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!