Alferrik da Kissingerri tu egitea

Henry A. Kissinger, 2008an / Argazkia: World Economic Forum. Wikimedia

2023ko abenduaren 05an - 09:21

Hil da Henry Kissinger, eta argitaratu dira aspaldi samarretik, esango nuke, idatzita zeuden heriotza-oharrak. Ulergarria ere bada ehun urte baino gehiago zituen norbaiten kasuan. Baina oldozpen horietan haren azkenaldiko gogoetei (Ukraina, Txina, Gaza...; azken hatsa eman arte aritu baita hitza hartzen elementua) egin zaien jaramon eskasak aditzera ematen du birberotutako plater dezente irentsi dugula. 

Deigarriagoa izan da, hala ere, noraino nagusitu den arbuioa ez ezik herra plater horietan. Begirune pittin bat azaldu nahi ziotenak, “bai baina” batean gerizatu dira, hein handi batean. Eta adiskide aitortuek, antza, nahiago izan dute haren jardunbidea eta pentsamendua gogotik tuneatu, benetako Kissinger defendatu baino. Deigarriena, agian, ordea, protokoloz bederen zenduaren goresmena egitera behartuta zegoen egungo Biden administrazioarena litzateke; Etxe Zuriaren kasuan motz, eta hotz, geratu baita; eta Blinken, Estatu-idazkariari eskuetatik joan zaio koipea. Kasu bietan, erresumin gehiegitxo zegoelako tartean, nik uste. 

Ulergarria zatekeen amorrazio hori batik bat Amerika Latindarrean eta mundu-parte harekiko hurbiltasuna dugunon artean, Kissingerrek han egin/sustatu/baimendu zituenak ez baitziren ahuntzaren gauerdiko eztulak izan. Aldiz, haren heriotzak hauts gutxiago harrotu du Kissingerren desmasiak latzenak izan ziren Asia Hegoaldean (Vietnam, Kanbodia, Bangladesh), eta haien oihartzuna gehiago izan da Mendebaldeko epaiketa-gaia bertakoen sumindura baino. 

Aparteko kontua da, noski, Txinako aginteak eta hedabide ofizialek eskaini dioten agur abegitsua, gainerakoen areriotasunaren ifrentzua. Baina horrek ere ez du ezer harrigarririk: Txinako aginteak ondotxo jakin du beti zein bazter-nahasleak gertatzen ziren Kissingerren ikuspuntuak AEBko kanpo-harremanetako establishment-arentzat eta, orokorrean, egun Washingtonen Txinari buruzko aldebiko adostasuna den jarrera oldarkorrean. Eta horretaz baliatu da... Kissinger beraren lankidetza sutsuarekin, uztaileko bidaiak erakutsi zuen eran. Halakoxea izan baita beti. Eta horrek berak argitzen du haren heriotzak hain malko gutxi botaraztea. 

Baina listua ere alferrikakoa da. Bere burua zuritzen edo bere memoria txukuntzen minutu bat ere galdu ez duen pertsonaia izan da Kissinger. “Herrialdeek ez dute adiskiderik; interesak dituzte soilik” irmo sinetsita, bere adopziozko herrialdea, eta munduko potentzia nagusia, zenarentzat asmoz eta jakitez lan egin duena. Sentimendu izpirik ere gabe. 

Mertzenarioa deituko lioke norbaitek. Eta laudoriotzat hartuko zukeen berak, agian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Materialismo histerikoa
Isilean

Katalunian ere hauteskundeak izan dira. “Emozioak, pragmatismoa eta xenofobia: Kataluniako hauteskundeen klabeak” titulatu zuen Público egunkariak. Ezkerra dabil pragmatiko eta kudeatzaile han ere, eta emozioak Junts-i lotuta aipatu zituzten. Baina... [+]


Australiako aborigenen buztingintza

Australiako ipar ekialdean dagoen Jiigurru uhartean duela 2.000-3.000 urteko zeramika zatiak aurkitu dituzte James Cook unibertsitateko eta Australiako Ikerketa Kontseiluko kideek. Australian orain arte aurkitutako zeramika arrastorik zaharrenak dira. Arrastoen azterketa... [+]


Sionistak sabotajeak egiten ari dira Gazara laguntza humanitarioa daramaten kamioietan

Ehunka sionistek eserialdia egin dute Israel hegoaldean, bidea oztopatzeko Jordaniatik datozen kamioiei. Zisjordanian laguntza humanitarioa zeraman konboi bati eraso egin eta produktuak suntsitu dituzte.


2024-05-15 | Estitxu Eizagirre
Zer ikasi Kubako laborantza eta elikadura sistema (ezinbestean) agroekologikotik?

Amets Ladislao Kuban egon berri da bertako laborantza eredua eta elikadura sistema ezagutzen. Sobiet Batasuna (SESB) erori zenean eta jasaten duen mundu mailako blokeoa dela-eta, pestizida eta ongarri kimikorik gabe geratu zen Karibeko irla, eta kimiko horien ondorioz, lur oso... [+]


Eguneraketa berriak daude