Jeremy Corbyn bizirik aterako ote da Alderdi Laboristaren eskuinak antolatutako kolpetik?

  • Britainia Handiko politikarien eremuan eskuinetik bultzatu bazen Europar Batasunetik irteteko erreferenduma, emaitzak kalterik handiena ezkerrean eragin du orain artean. Alderdi Laboristaren kide neoliberalenek, Tony Blair eta Gordon Brownen ildoan hautatutako parlamentariak buru, estatu kolpea antolatu diote biharamunean bertan Jeremy Corbyni, azken kongresuan botoen %60rekin irabazi zuen lider zahar bezain berriari.

Jeremy Corbyn botoa eman ondoren erreferendumaren egunean. (Argazkia: The Independent)

2016ko ekainaren 29an - 10:59
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Brexitaren biharamunetik, aurrez ondo prestatutako partitura joaz bezala, Corbynen itzaleko gobernuko –oposizioak horrela funtzionatzen du Londresen– kideen erdiak baino gehiagok banan bana eman diote dimisioa, errenuntziazko gutun gordinak Interneten eskegiz, eta horren ostean parlamentari laboristek konfiantzazko bozkaketa ezarri diote liderrari. Corbynek lehendik ez zeukan konfiantza berriro galdu du, noski: laboristen azken kongresua aurretik hautatuta zetozen parlamentari gehienen iritziaren kontra irabazi zuen lider ezkertiar zaharrak. Astearte arratsaldean "Corbynek galdu du laborismoaren konfiantza" titulatu zen Interneten, ondoren ezagutu zen Corbynek dimititu ez baina aurrera tinko segitzeko daukan erabakiaren berri... eta asteazken goizeko paperetan ageri zen errealitatea pittin bat konplexuagoa dela. Zenbateraino konplexua?

Michael Chessumek idatzi du The New Statesmanen: "Corbynek petto bakarra egin du: estuago lotu behar zuen Alderdi Laborista". Eta barruan: "Brexita geldiarazteko argudio bakarra zen austeritatea eta neoliberalismoa direla benetan ekarri dituztenak etxerik eza, soldaten jaitsiera eta zerbitzu publikoen hondatzea, ez dela etorkin errumaniarren eta bulgariarren kontua. Corbynen akats nagusia izan da hasieratik zorrotzago ez hartu izana Alderdi Laboristaren kanpainaren kontrola eskuetan, nahiz eta hori egin izan balu ere berdin aurpegiratuko zioten. (...) Laborismoaren eskuinak egoera oso zaila antolatu zuen kanpainan eta orain probetxua atera nahi diote biharamunari. Nahiz eta basati eta axolakabeak izan, zakur jokatu dute".

Oraintxe bertan Alderdi Laboristaren zati handi bat mobilizatuta dago Jeremy Corbynen inguruan, eta aldi berean notable gehienek alde egin diote –Thomas Pikkety orain arte azkena– edo tiroka ari zaizkio kargu publikoetatik. Alderdi Laboristari haize berria ekarri dion Corbynek astearteko deklarazioan adierazi du ez dela etxera joango lanak erdi bidean utzita. Politika pasioz segitzen duen irakurleak orain du apostua egiteko aukera. Egoskorkeria hutsez eutsi dio karguari Corbynek eta laster kanporatuko dute? Ala une historikoaren irakurketa zuzena eginda kontserbadoreek eragindako Brexita ezkerretik kudeatuko duen lider moduan sendotuko da?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brexit
Eguneraketa berriak daude