Alderdi bakoitzak bere Aberri Eguna ospatu du, EAEko hauteskundeen atariko

  • EAJk Bilbon egin du ekitaldia, EH Bilduk Iruñean eta EH Baik eta Bagirak Uztaritzen.


2024ko apirilaren 02an - 10:30
EAJ/PNV

Boto-emaileak "topera" mobilizatzeko deia egin du EAJk, Bilbon eginiko Aberri Egunaren ekitaldian, martxoaren 30ean. Garaipen "argia" lor dezaten, jendeak bozkatzera joan behar duela adierazi dute. Jeltzaleen arabera, bada bigarren arrazoi bat ere: EH Bilduk "benetako asmoak ezkutatu" egiten dituela, eta horiek bistaratu eta praktikan jarriko direla koalizio subiranistak gobernatuko balu.

Diskurtso zentrala, zurruna, protagonismoa hartu duena, EBBko buru Andoni Ortuzarrek egin du. Aldiz, Imanol Pradales lehendakarigaiaren hitzaldia gehiago zentratu da gaur, asteartea, aurkeztuko duten programa politikoaren aurrerapena egiten. "Ongizatea", "agenda globala" eta "agenda humanista" nabarmendu ditu Pradalesek. Konpromisoa hartu du, era berean, hainbat alorretan hobekuntzak egiteko: Osakidetza, etxebizitza, segurtasuna eta hezkuntza, besteak beste.

EH Bildu: "Eskubide sozialak bermatuko dituen gobernu eta euskal estatu zintzoa behar dira"

Iruñeko kaleetan, manifestazio jendetsua egin ondoren, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak "euskal aberria" aldarrikatu du, eta euria ari zuela probestuta, zera esan: "Euria datorren bezala etorriko da ziklo politiko berria ere".

EAJri zuzendu beharrean, fokua herritarrengan jarrita, "gobernu alternatibo baten bokazioa duen proiektu nazionala gara" gisako esaldiak egin ditu Otegik. "Ez daukagu presarik, ez dugu antsietaterik", adierazi du, hauteskunde ziklo betean sartuta direnean. "Argi dugu helmuga, independentzia, eta bide horretan osatzen ari gara gehiengo sozialak, euskal jendartearekin, langileekin, euskal errepublika lortu arte; ez dezala inork zalantzan jarri".

Bagirak eskumen gehiago eskatu ditu Elkargoarentzat, euskara sustatzeko

Uztaritzen eginiko mobilizazioan, Elkargoari eskumen gehiago ematea eskatu du Bagirak, hala, euskarari sustapen handiagoa emateko. Horrez gain, ETAren armagabetzean parte hartu eta gaur hasi den Luhusuko auziaren inguruko auziperatuei elkartasuna erakutsi diete.

EH Batera: Aberri Egun bateratua, 2025ean

Aberri Egunaren bezperan, Euskal Herria Batera plataformak deitutako ekitaldian, euskal naziotasuna eta izaera aldarrikatu dituzte, baita promes egin ere, datorren urtean Aberri Egun bateratua ospatzeko. Sindikatu, gizarte eta kultura munduko pertsona ezagunek hartu dute parte ekitaldian, eta EAJko eta EH Bilduko ordezkariak ere izan dira bertan.

EAEko hauteskunde zikloko beste aldarrikapenak

Elkarrekin Podemosek ez du Aberri Eguna ospatu gainontzeko alderdien pare. Areago, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak zera esan du: "XXI. mendean, Aberri Eguna ez doa muga berriak sortzeari buruz, bizitza duinaz baizik". Haien esanetan, Ebro ibaian "harresi berriak" ez dira eraiki behar, baizik eta "bizitza duinak" lehenetsi.

Sumarrek, bestalde, –Espainia mailan dagoeneko alderdi gisa eratu da, eta beraz, jada ez da "mugimendua"–, "itun sozial eguneratua" aldarrikatu du, Euskadiren nazio aitortza ardatz izango duena. "Euskadiko identitate guztien alde" jardun behar dela esan dute.

Eta, azkenik, ekitaldirik egin gabe baina protagonismo puntu bereziki batekin, Euskadiko Alderdi Popularrak kanpaina beteko bideoa plazaratu du Aberri Egunean. Alderdiko hainbat kide ageri dira bideoan, kolore bateko zein besteko txapelak janzten. Txapela "inork behartu gabe" jarri behar dela aldarrikatu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aberri Eguna
2023-04-12 | Euskal Irratiak
Mikel Iribarren
"Duela 60 urte, sekulako kuraia behar zen plazetan euskaldun gisa agertzeko"

Aberri egun jendetsua izan da Itsasun igandean.1500 lagunek manifestaldian parte hartu zuten eguerditan, Bagira prozesuak deiturik. Itsasuko plazatik abiatu dira Atharriraino. Eta elizaren ondoko oroit harrian izan dira hitzaldiak.


2023-04-11 | Leire Artola Arin
Bagira prozesuak 2024ko Aberri Egunera arte abiatu du mugimendu abertzalearen estrategiaren gogoeta

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea Itsasun elkartu zen apirilaren 9an, 60. Aberri Eguna ospatzeko, eta Bagira prozesuak iragarri zuen “fase berri bat” zabaldu dutela. Parte hartzera eta elkartzera deitu dituzte herritarrak, Izan ginen, bagira, izanen gira... [+]


Eguneraketa berriak daude