Ahotsa.info-k jakinarazi duenez, EPPKko kideei buruz informatzeagatik "terrorismoa goratzea" leporatu die Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Kazetari bat Espainiako Poliziak Iruñean duen komisaldegira deitu dute deklaratzera. Bertan izan da, deklaratzeari uko egin dio eta aske geratu da.
2018ko urtarrilaren 5ean eta 13an zabaldutako bi albisterengatik deitu dute deklaratzera kazetaria. Albiste horietan EPPK-ko kideei erreferentzia egiteko "euskal preso politiko" izendapena erabiltzeagatik. "Hori da oraingo honetan Ahotsa.info komunikabidea erasotzeko erabili duten aitzakia", salatu dute kazetari nafarrek Topatuk jaso duenez.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak aztertuko du hemendik aurrera auziarekin jarraitu ala ez.
Enegarren aldiz Espainiako Auzitegi Nazionalaren jopuntuan
"Egin, Egin Irratia, Egunkaria, Ardi Beltza, Apurtu, Ateak Ireki… Egin egunkariaren itxieraren 20. urtemuga betetzen den honetan, adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna arriskuan jarraitzen dute Euskal Herrian. Baina bere garaian azpimarratzen zen bezala, gaur ere ozen esan nahi dugu: jarraitzen dugu, jarraituko dugu!", adierazi dute.
Ez da lehen aldia herri hedabide honen aurka egiten dutela Espainiako Estatuko egituretatik. Ahotsa.info-ren aurrekari izan diren Ateak Ireki itxi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta hau aldi berean, aurretik zegoen Apurtu.org zentsuratu ostean sortua zen.
Altsasuko gazteen auzia hasi zenean, El Mundo egunkariak Ahotsa.info-ri buruzko artikulu bat argitaratu zuen egunkariko azalean "El Gobierno navarro subenciona una web contra la Guardia Civil" izenburupean (Nafarroako gobernuak Guardia Zibilaren aurkako webgune bat diruz laguntzen du).
Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.
Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!