265 ekitaldi eta 950 nobedade, Durangoko Azokaren 58. edizioan

  • Fantasia DA!  lelopean, abenduaren 6tik 10era egingo dute aurten. “Aniztasuna eta gaztetasuna” nabarmenduko dira antolatzaileen esanetan eta azoka erabat presentzialaren aldeko apustua egingo dute.

Durangoko Azokako egitaraua aurkeztu dute. // Argazkia: Durangoko Azoka

2023ko azaroaren 23an - 10:45
Azken eguneraketa: 12:18

“Anitza eta gaztea” dator aurten Durangoko Azoka. 58. edizioa “mamitsua eta aktuala” izango dela eta bogan dauden joerak jasoko dituela adierazi du Gerediaga elkarteko kudeatzaile Beñat Gaztelurrutiak egitarauaren aurkezpenean. Abenduaren 6tik 10era bitartean bertaratutakoek aukera izango dute 265 ekitaldiz eta 950 nobedadez gozatzeko.

Landako gunean produktu-sorta zabala izango da eskura. 257 erakusmahaitan banatuko dira eta guztira 950 nobedade aurkeztuko dira, horien artean 689 liburu, 179 musika-ekoizpen, 44 aldizkari eta beste 40 sorkuntza. Musika-ekoizpenen “hazkundea” nabarmendu du Gaztelurrutiak: “Iaz baino 38 ale gehiago izan dira”. Gaineratu du “berrikuntza” gisa marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko dutela.

“Euskarak eta euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, azken boladan euskalgintzak ohartarazi bezala. Bultzada emateko norabidean lan egin dezagun denok, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin”, adierazi du ilusioz Gaztelurrutiak.

Aniztasuna eta gaztetasuna azpimarratu ditu Gaztelurrutiak aurtengo ezaugarri nagusi gisa. Azokan, batez ere, gazteek izango duten presentzia nabarmendu du: “Inoiz baino jarduera gehiago izango dira gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Hain zuzen ere, haiei eskainiko zaie abenduaren 8ko eguna, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin”.

Herritarrei bertaratzeko gonbidapena luzatu die Gerediagako koordinatzaileak: “Etor zaitezte euskal kulturari bultzada ematera, nobedadeak dastatzera, sortzaile berriak ezagutzera, zuzeneko emanaldiekin gozatzera, sormenaren magia sentitzera, eta gurekin batera, itzarrik amets egitera… Etor zaitezte Durangoko Azokaren fantasian murgiltzera!”.

Egitarauaren nondik norakoak

Egitaraua Durangoko Azokaren webgunean dago eskuragarri, produktuen katalogoarekin batera .

Hainbat zehaztapen eman ditu Gaztelurrutiak egitarauaren aurkezpenean. Esaterako, Azoka Telebistak egunero ekoitziko du Fantasia DA! magazina. Hainbat plataformatan egongo da ikusgai, hala nola tokiko telebistetan, azokaren webgunean eta YouTuben.

Edizio honetan ez da online salmentarik izango, eta “azoka presentzialaren” aldeko apustua egingo dute. Bestalde, azokara joatea errazteko, doako autobus zerbitzua eskainiko da Iurretako autobideko aparkalekuetatik Landako ingurura 30 minututik behin, abenduaren 10ean izan ezik.

Durangoko Azoka abenduaren 10ean itxiko da, 18:00etan.


Eguneraketa berriak daude