Txikiok handia uler dezakegu, asmoz eta jakitez

  • Zehazten gaitza den 2023ko egunen batean gogora ekarri beharrekoa izango litzateke; baina, itxura guztien arabera, oharkabean geratuko da. Baina gogoan izanda edo izan gabe, aurtengo urriaren 1ean 74 urte beteko ditu Txinako Alderdi Komunistak Herri Errepublikaren erabateko agintean, herrialde (ia-ia) osoan; eta ezbairik gabe gaindituko ditu hartara Sobiet Batasuneko Alderdi Komunistak, luzeen jota ere, gobernuan eman zituen urteak. Bide batez, agintean urte gehien egin dituen alderdi komunistaren marka onduko du.

Xi Jinping eta Joe Biden, 2022an. Trump-aldiko estrategiaren porrot argi samarrak akuilatuta, Biden-administrazioak estrategia landuagoa jarri du abian Txina zapuzteko.

2023ko abuztuaren 03an - 07:32

Txikikeria ote da? Bai eta ez. Urteurrenak, egun eta urte bakoitzak ditu bereak. Baina “komunismoa” (edo “sozialismo erreala”, edo…) egitate politiko behin-behinekoa eta iragankorra dela eta “gauzak bere onera” etorri arteko aldi anomaloetan ager litekeena baina iraunkortasunik gabea dela ziur daudenei zer pentsatua eman behar lieke. Txinako Alderdi Komunistak behintzat ez duelako etsitzeko tankerarik: haren gogoeta eta egitasmoak 2035ean jartzen ari dira epe motza, 2049an ertaina, eta “bigarren mendeurrenean”, hau da, 2121ean zerumuga estrategikoa.

'Zhóngguó Tèsè'

Autopertzepzio horren laburpenik argigarrienak izan daitezke 2021ean, Alderdiaren sorreraren ehungarren urteurreneko ekitaldi politiko nagusian, Xi Jinpingen hitzaldiaren hasierako esaldiak:

“Nazio handia da nazio txinatarra. 5.000 urte baino gehiagoko historia du, eta ekarpen ezabaezinak egin ditu Txinak giza zibilizazioaren aurrerabidean. 1840ko Opio Gerraren ondoren, ordea, gizarte erdi-kolonial eta erdi-feudal bihurtu zen Txina pixkanaka, eta inoiz baino triskantza latzagoak jasan zituen. Umiliazio makurra pairatu zuen herriak, oinaze latza jasan zuen jendeak, eta txinatar zibilizazioa ilunpetan murgildu zen. Ordutik, indarberritze nazionala Txinako jendearen eta nazio txinatarraren ametsik handiena izan da”.

“Borroka adoretsua egin zuen Txinako jendeak nazioa arriskutik salbatzeko. Abertzale zintzoek nazioa batu nahi zuten, eta bizkitartean, bata bestearen atzetik Taiping Zeruko Erreinuaren Mugimendua, 1898ko Erreforma Mugimendua, Yihetuan [“Boxer”] Mugimendua eta 1911ko Iraultza altxatu ziren, eta hainbat plan landu ziren biziraupen nazionala bermatzeko; baina guztiek porrot egin zuten azkenean. Ideia berrien premia larria zuen Txinak nazioa salbatuko zuen mugimendua gidatzeko, eta erakunde berri bat behar zuen indar iraultzaileak biltzeko”.

“1917ko urriko Errusiako iraultzaren danbatekoekin marxismo-leninismoa iritsi zen Txinara. Orduan sortu zen, 1921ean, Txinako Alderdi Komunista, Txinako jendea eta nazio txinatarra susperraldi handia bizitzen ari zirenean eta marxismo-leninismoa Txinako langile-mugimenduarekin estuki integratzen ari zenean. Txinan alderdi komunista bat sortzea aro-zedarria ezarri zuen gertaera izan zen, garai modernoetan Txinaren historiaren norabidea sakon aldarazi zuena, Txinako jendearen eta nazioaren etorkizuna eraldatu zuena, eta munduaren garabidearen paisaia aldatu zuena”.

Sistemaren azken xedea, agian, Konfuzioren “harmoniatik” gertuago legoke Mendebaldeko marxismoaren “klaserik gabeko gizartetik” eta “gizaki berritik” baino

Jaulkitako hitz bakoitza (eta absentzia bakoitza) neurtua izan ohi duen testuinguru batean, Alderdiaren aurrekariak eta funtzio historikoa horrela, nazio-ikuskera hertsi (norbaitek esango luke sinozentrista) horretan, laburbiltzea ez da, haatik, berria ez ustekabekoa: azkenaldiko dokumentu nagusietan berresaten da ia hitzez hitz, luzexeago edo laburrago. Urrutiago joan gabe, ehungarren urtemuga horren beraren harira XIX. Komite Zentralaren VI. Osoko Bilkurak onetsi zuen “Alderdiak ehun urteko borrokan erdietsi dituen arrakasta funtsezkoen eta ikaskizun historikoen inguruko ebazpen” luzean; garaian garaiko zuzendaritzak Alderdiaren historiari buruz 1945ean eta 1981ean onetsi zituen ebazpenen parean ipini dute dokumentu hori, baina gutxi esatea da: aurrekariek ez bezalako eduki programatikoa ere badarama oraingoak “tasun txinatarreko sozialismoa” zertan datzan zehazteko edo. Eta 20. Kongresuko dokumentu nagusiek eta etengabe argitara ematen ari diren idazki sektorialek berretsi besterik ez dute egiten haren edukia.

Zer geratzen den marxismotik eta leninismotik XXI. mendeko Zhóngguó tèsè, “tasun txinatarreko sozialismo” horretan? Tresna filosofiko batzuk; batik bat materialismo historikoa (dialektikak, marxismoa bera baino askoz aspaldiagoko erroak ditu Txinan eta, beraz, ezin zaio hari egotzi bere horretan). Baina, gero eta nabariago, bertako eskola filosofiko klasikoen (batik bat, bost nagusien: rujia, fajia, daojia, mojia, yingyangjia; baina badira gehiago ere) etorkiko zertzeladekin ehunduta, haien arteko nahasketa berritzaile samarra dirudiena eratuta.

Hala, sistemaren azken xedea, agian, Konfuziok hain kuttuna zuen “harmoniatik” gertuago legoke Mendebaldeko marxismoaren “klaserik gabeko gizartetik” eta “gizaki berritik” baino, etengabeko “autoerreforma” dela medio. Hartarako bidea, bestalde, fajia edo legalismoaren enborretik letozkeen “aginte gorenarekiko atxikimendua”, “kontuak eman beharra”, “ustelkeriaren pertsekuzio gupidagabea” eta horrelakoetan legoke, garapen ekonomikoko etapa jakin batzuk gainditzean baino gehiago. Seguruenera, Mozik ez luke txartzat joko “prozesu osoko demokrazia”, edo egungo Txinaren kanpo-politika; eta gogotik txalotuko luke pobrezia desagerrarazteko kanpaina edo “jendearen ongizatea” lehenestea. Eta esan gabe doa, sistemaren ekologismoak egungo zientzia eta pentsamenduarekin adinako zerikusia duela aspaldiko daoismoaren eraginekin.

Xi Jinping. 2021ean 100 urte bete zituen Alderdi Komunistak, eta ekitaldian presidenteak etorkizunera begiratu zuen, 2121era barne. / Argazkia: Ju Peng / Xinhua.

Sistema osoaren bizkarrezurra den Alderdiaren beraren izaeran ere leninismoaren kanonak hari esleitzen zion abangoardia tasuna gero eta eztabaidagarriagoa litzateke, biztanleria osoaren %6,7 –eta helduen %10 inguru– beretzen duen egitura batean, non lurraldeka eta jatorriaren, lanbidearen, dirubideen… arabera ebazten baitira aurretiaz kidegoen zenbatekoak, betiere Indar Armatuen gainordezkaritza nabarmenarekin. Aparatu profesional ikusgarri batek kudeatua, guztia.

Egungo Alderdiaren funtzioa gehiago da (eta 18. Kongresutik, Xi liderra denetik, biziro areagotu da hori) goitik behera aginduak, irizpideak eta helburuak barreiatzea, behetik gora ideiak, eskakizunak, iradokizunak eta gainerakoak helaraztea baino. Hau da, agintearen hitza izatea, herriaren ahotsa baino gehiago, bigarren hori estatutu-betebeharra duten arren alderdikideek.

'Close, down, far away'

Horregatik, III. Internazionalaren garaiko komunismoari haren etsai garaikideek egozten zizkioten maltzurkeria guztiak (despotismo hutsa izatea, mundu osoa menderatzeko agenda ezkutua edukitzea, isilpeko trikimailu gaiztoak erabiltzea) egungo Txinako Alderdi Komunistaren zuzendaritza gorenarentzat guztiz baliagarriak direla abiapuntutzat hartuta egiten diren “analisiak”, seriotasun-itxurakoak batzuk, barregarriak ere izango lirateke bestelako ondoriorik gabeak balira. Hau da, ideologien eta haien propagandaren eremu hutsean geratuko balira. Baina “azterlan” horiek, gero eta ugariagoak izateaz gain, AEBetako eta, bidenabar, Mendebaldeko herrialde askotako kanpo-politikaren gidalerro bihurtzen diren neurrian, mundu mailako harreman erabakigarrienen engranajeetan ipinitako leherkariak bihurtzen ari dira, azken hilabeteetan bi potentzia nagusien arteko tentsioetan garbi ikusi denez.

Urriaren 1ean 74 urte beteko ditu Txinako Alderdi Komunistak Herri Errepublikaren erabateko agintean

COVID-19aren krisiarena izango litzateke kasu-azterketa serio bat egiteko lehengai paregabea. Pandemia Txinatik abiatu izanak eta haren kudeaketan Mendebaldeko herrialde aurreratuen emaitzak oro har Asia Ekialdeko herrialdeen eta, bereziki, Txinakoen aldean dezente makurragoak izateak, agerian jarrarazi ditu sakoneko hainbat joera. Batzuetan ideologiko-sozialak eta nahiko espontaneok liratekeenak, baina beste batzuetan estatu-estrategien baitakoak ere bai. Eredugarria litzateke “birusa Wuhango laborategi batetik ihes egindako zerbait izango litzatekeela” dioena. Hasiera batean, saguzar-jaleen asmakeriarekin batera, eta iturri bertsuetatik, abian jarri zen ateraldia, eta zientzialariek aho batez baztertu zuten; baina gerora AEBetako administrazioek, nola Trumpenak hala Bidenenak, berreskuratu nahi izan dute eta sinesgarritasun-aire bat ere lortu du, eta erakutsi du Ockamen labanaz mozorrotuta Akinoko Tomasen idiak zein erraz egin dezakeen hegan.

“Geure” iragan historikoaz eta iaiotasun intelektualaz, egungo sasoi ekonomikoaz edo politiko-militarraz harroago egotea beste erremediorik ez dugun europarrok, bigarren planoan geratzen etsitzen ez dugulako edo, eta Von der Leyen, Borrell edo Barbock bezalako itsasargiak gidari ditugula, aurkitu omen dugu potentzia nagusien arteko gatazka gero eta oldartuago horretan onik ateratzeko formula magikoa: Keeping America close, Russia down, and China far away. Amerika alboan, Errusia azpiratuta eta Txina urruti. Hau da, XIX. mendearen bigarren zatiko europar potentziek zerabiltena bera, faktoreak aldatuta. “Errusia alboan, Txina azpiratuta eta Amerika urruti” baitzen orduan, isilka nahiz ozenki.

Ukrainako Gerra izan da Aliantza Santu mendebaldarraren pizgailua; baina Asia Ekialdeko NATO bat antolatzeko deiek eta bi auzien arteko zubia ezarri nahiak argi erakusten dute azken jomuga non legokeen. Tradizio europar zaharminduetatik aldenduxeago, eta agertoki hartan Europaren ekarpena hutsaren hurrengoa izango litzatekeela jakinik, AEBek oraingoz nahiago dute helburu berbererako “bertako” potentziak beregana erakartzea AUKUS eta Indo-Pazifikoko aliantzen bidez. Divide and rule estrategia hain ezaguna duen mundu-parte hartan, ordea, zailtasunak aurkitu behar ditu horrek ere, ezinbestez.

'The Yellow Peril'

Nahasmen-aldi hau aukerako abagunea izan zitekeen Suntzu zaharraren aburu ezagunenetako batzuk gogora ekartzeko: “Etsaia ezagutzen baduzu eta zeure burua ezagutzen baduzu, ez duzu ehun batailen emaitzen beldur izan behar. Zeure burua ezagutzen baduzu, baina ez etsaia, garaipen bakoitzeko porrot bat ere jasango duzu. Etsaia eta zeure burua ezagutzen ez badituzu, borroka bakoitzean eroriko zara”. Edo “zeure burua ezagutzea da menderaezina izatea”.

Ezagutza (nork bere buruarena nahiz aurkariarena) eta garaipena horren estu lotuta jartzen dituzten apotegmek, haatik, gaur egun noranzko bakarrean funtzionatzen dutela esan liteke. Batez beste, sekula baino hobeto ezagutzen dute egungo txinatarrek Mendebaldea. Gure artean aditzera eman ohi denaren kontrara, informazioaren helmena oso altua delako han ere eta, batik bat, Txinako elitearen zati handi batek harreman zuzen-zuzenak (ikasketak, egonaldiak, turismoa, familiartekoak) dituelako Mendebalde osoarekin. Ezagutza horretatik letorke, ordea, azken urteetan han indartzen ari den joera ere: Mendebaldeak bere burua saltzeko ipinitako prezioa ordaindu nahi ez izatea. Txina bertako errealitatearen ezagutza, bestalde, sistemaren hedabide ofizialek egunerokoan hura apaintzeko betidanik erabili ohi duten iruditegiaren gainetik, ez da txarra; sistemak gutxi mozorrotzen du errealitatea bere orokortasunean (eta mendebaldar askoren ustearen kontra, hango zifra ofizialak geureak bezain zuzenak izan ohi dira).

Aurkitu omen dugu potentzia nagusien arteko gatazkan onik ateratzeko formula magikoa: Amerika alboan, Errusia azpiratuta eta Txina urruti mantentzea

Mendebaldean, eta bereziki AEBetan, ordea, alderantzizko bidea egin dela dirudi. Informazioaren ugaritasuna egundokoa den garai hauetan, Txinari buruzko ezagutza inoiz baino kalitate eskasagokoa dela ematen du, misiolari fanatikoen eta E. Backhouse bezalako alprojen albiste fantastikoek agintzen zutenean baino okerragoa. Zerikusi handia du, nik uste, gai-jartzaileak aurretiaz emandako puntua jantzi behar izaten duten migrarien eta antzekoen “azterlan burutsuekin” betetzen diren ateraldiak, faltsatze-froga inoiz gainditzen ez dutenak. Insurgentzia uigurraren aurkako kontrainsurgentziaren harira Adrian Zenz “adituak” argitaratu ohi dituenak, nabarmenaren nabarmenaz, lirateke eredugarrienak; baina ez dira bakarrak. Jakinbideak nahiko erosoak direnean ere, bezeriari karikaturazko irudiak eskaini ahal izateko, Txinako benetako arazoen ezagutza antzutu egin da, ezer ezagutu beharrik ez dutela sinetsita daudenen erosotasunerako.

Sakoneko arazoa ez baitago han, baizik hemen. Eta izen bat eman behar balitzaio, arrazialismoa izango litzateke hori. Alegia, “arrazista ez, baina bai ordenazalea” izan behar dela oso argi duten eta esan ere esango dizuten mendebaldar asko eta askoren pentsamolde horretan datza giltza. Munduak, noski, europar jatorriko zurien agintepean egon behar duelako, behar bezala, ordenaz, funtzionatu behar badu. Gure “balioak” (demokrazia, giza eskubideak, harreman arautuak nazioartean, omen dira orain; merkatu libreak, kristautasuna predikatzeko askatasuna –egiazko jainko bakarraren fedea, alajaina–, potentzia nagusiak ezarritako arauak, ziren duela mende bat edo beste) direlako beti aginte-lekuan egon behar dutenak. Hori ontzat emanda, kooptatu litezke aginte-postuetarako bestelako aurpegiera batzuk ere, batez ere betazal-ertzak operatzen badituzte.

The Yellow Peril-aren ideologia bete-betean indarberritu da, AEBetan behintzat, China Initiative bezalakoek argi eta garbi erakusten dutenez. Inoiz desagertu ez delako, funtsean, ezta gutxieneko seriotasunez kritikatu ere XIX. mendearen hondarreko pogrom eta immigrazio-debekuen ondoren. Arrazialismoak eta supremazismo zuriak munduko lehen potentzian bizi duen goraldi orokorraren harira espero zitekeen horrelako zerbait gertatzea asiarrei eta, bereziki, txinatarrei buruz. Baina kasu honetan, sorpassoaren mamua kontuan hartu behar da.

Arrazakeriaren aurkako protesta San Frantziskon, 2021. / Argazkia: Liberation News.
'Sorpasso'a

Hori guztia ez baita kasualitatez geratzen ari. Gatazka-giro horren oinarri-oinarrian dago Txinak epe nahiko laburrean AEBei alor ekonomikoan aurrea hartuko dielako konbentzimendua. Hipotesia zen lehenik, progresioaren bilakaeraren pronostikoa ondoren, eta egitatea da gaur egun, zenbait ataletan eta erabiltzen den neurgailuaren arabera. Askorentzat profetikoa izan behar zuen G. Chang-en The coming collapse of China argitaratu zenetik 20 urte baino gehiago –eta hark aurreikusitako epeak huts egin zuenetik 10 baino gehiago– igaro direnean, Txinako ekonomiari buruzko “kolapsismoak” zeresana ematen jarraitzen du Mendebaldean, baina tonu minorrean: Txinaren hazkunde-tasak ahalik ezkorren interpretatzera mugatzen da orain.

AEBetako elite politikoek, Trumpen agintalditik gutxienez, sorpasso ekonomiko hori aktiboki zapuzteko oso delibero argia erakutsi dute. Lehen fasean, merkataritza-defizitaren munta ikusgarriaren aitzakian ezarritako muga-zergek AEBetako ekonomia Txinakoa baino gehiago kaltetu dutela dirudi, edo behintzat ez dutela nabariki ahuldu. Barne-kontsumoarekin eta ASEANeko herrialdeekiko merkataritza biderkatzeko ahalegin nabariekin erantzun du Txinak, errepresalia zuzenekin baino gehiago; eta 14. Bosturteko Planak eta 20. Kongresuaren inguruko ekimen ekonomiko nagusiek horixe lehenesten dute, sorpassoa bera inoiz helburutzat jarri gabe.

Txinari buruzko ezagutza inoiz baino kalitate eskasagokoa dela ematen du. Bezeriari karikaturazko irudiak eskaintzeko, Txinako benetako arazoen ezagutza antzutu egin da

Trump-aldiko estrategiaren porrot argi samarrak akuilatuta, Biden-administrazioak, kanpainan aditzera emandakoari uko egin eta aurreko lau urteetako ia neurri guztiei eutsi arren, estrategia landuagoa jarri du abian, helburu berberarekin. Alde batetik, ahalik aliatu gehien egitasmo berberean batzeko saioa egiten ari da, handienen kasuan (Japonia, Alemania eta Hego Korea) oso kontrako eztarrira joan behar zaien zerbaitetan. Eta bestetik, punta-puntako teknologia eta jakiteetarako atea itxi nahi dio Txinari, jakinik –iruditzen zait– ezindu baino gehiago atzeratu egin dezakeela horrek haren aurrerabidea. Eta espazioan jada gertatu bezala, hemendik urte gutxitara gainditua izango duela oztopo hori… eta epe ertainera munduak bi estandarrekin aritu beharko duela goi-teknologian eta ikerkuntzan.

Armagintzaren munduak, hala ere, distortsio erabakigarria ezartzen du bestela norgehiagoka, zakarra baina eramangarria, litzatekeen horretan. Teknologia aurreratuenarekin uztartuta dagoelako, alde batetik; eta, Ukrainako Gerra erakusten ari den bezala, ekoizpen industrialaren mugekin berehala egiten duelako topo, bestetik. Eta esan gabe doa, oraindik ere hegemonikoa den potentzia bakarraren ahalmena, azken buruan, bere nagusitasun militarrean oinarritzen dela. Baina AEBetako arduradun eta pentsalari militarrek (agian, elite politikoak eta iritzi publikoak ez bezalako kontuak ateratzen dituztelako) badakite nagusitasun orokor hori ezerezean gera daitekeela gerra mugatu batean, “Txinaren zelaian” (Taiwan, Korea…) jokatu behar izanez gero, hurbiltasunak hari emango liokeen abantaila estrategikoagatik. Eta horregatik daude asaldatuta Txinak, bere ahalmen industrial ikaragarriarekin, “hurbileko” itsas-gerrarako baliabideak (itsas-armada, hegazkinak, misileria) biderkatzen jartzen ari den grinarekin. Gerra atzeratzeak gerra galtzea esan nahi duela aldarrikatzeraino. Txinari “zangoak hautsi” behar zaizkiola gero eta ozenago entzuten da AEBetan. Eta Xiren azkenaldiko adierazpenek aditzera ematen dute Pekingo agintariek ez dituztela txantxetan hartzen horrelakoak. Ezta beldurrez ere, dirudienez.

Testuinguru horretan kokatu behar da Taiwango auziak duen ezegonkortze-ahalmena: Txina bere agendatik aterarazi eta bestela inondik ere sutu nahi ez duen gatazka armatu batean murgildu dezakeen faktore bakarra da, gaur gaurkoz. Aspaldiko ez ezik betidaniko kontua da Pekinentzat ezbairik gabeko marra gorria dela irlak independentzia ofizialtzeko eman lezakeen edozein pauso (erreferenduma, aldebakarreko deklarazioa). Kissingerek berak gogorarazi du hori bere azken obran, Dengen garaietako solasen kontura. Zergatiak ere ez dira batere misteriotsuak: Taiwanen independentzia ofizialdu eta nazioartean onartua izateak serioski muskilduko luke 1949an ezarritako sistemaren legitimitatea eta autopertzepzioa, eta seguruenera krisi larria sorraraziko luke Alderdiaren barnean.

Gatazka-giroaren oinarri-oinarrian dago Txinak epe nahiko laburrean AEBei alor ekonomikoan aurrea hartuko dielako konbentzimendua

Egungo status quoa aldarazteko premiarik ez grinarik ez da sumatzen Txinako agintean, garai batean garrantzitsua izan zitekeen pizgarri ekonomikoa (Txinako BPGaren herena baino gehiago zen Taiwanena 1990ean) erabat atzenduta legokeenez (Txinako BPGaren 1/24 du orain Taiwanek, kontinenteko probintzia batzuetakoaren azpitik). Baina auziaren balio politikoa biderkatu egin da, Pekingo sistemak bere iritzi publikoarekiko menpekotasun askoz handiagoa duen heinean.

Joko-zelai horretan, AEBen estrategia da, argi eta garbi, azken hauteskunde orokorretan nagusitzen ari diren Taiwango independentzia-zaleei animoak eman eta laguntasuna agintzea, nahitaez arrisku bizikoa izango litzatekeen aurrerapausoa eman dezaten. Eta Txinarena, alderantziz, izango litzateke taiwandarrei orokorrean etsiaraztea, baina oso bereziki, AEBen laguntza inoiz iritsiko ez litzaiekeelako gerra galdu egingo luketela sinestaraztea irlako Indar Armatuei, berriro Suntzuri men eginez: “Borroka egin behar gabe irabaztea da garaipenik hoberena”.

Aspaldiko uholde handienak Jiangxi eskualdean, 2020. Txinan gero eta ohikoagoak eta muturrekoagoak dira uholdeak bezalako hondamendiak, eta handitzen ari dira horiek ekiditeko eta konpontzeko inbertsioak. / Argazkia: Imagine China.
Autarkiarik ez, autosufizientzia bai

Baina, gainerakoan, Xiren hitzaldi publikoak edo Txinako goi-arduradun politiko eta ekonomikoen adierazpenak aintzat hartzen badira, haien kezka edo premia nagusiak ez leudeke norgehiagoka/gatazka horren inguruan, baizik mahai gainean dituzten –eta beste leku askotan ere badiren– buruhauste batzuetan.

Adibidez, komunikazio-premia ikusgarriak asetzen joateko, eta Txinako historian maizegi gertatu ohi diren baina egungo munduan areagotzea besterik espero ezin diren hondamendiak (uholdeak, lehorteak, lurrikarak, muturreko fenomenoak), gizarte urbanizatuan ondorio are latzagoak izan ohi dituztenak, ekidin edo konpontzeko inbertsioek kapitulu berezia osatzen dute, azpiegitura-eraikuntzako ahalegin ikusgarriak erakusten duenez. Ez da soilik “jendearen ongizateari” zor zaion arretaren kontua; argi dago AEBekiko harremana gaiztotu ahala, Pekingo aginteak nahiago duela bere merkataritza-soberakinak –baita zorpetzeko gaitasuna ere– “etxeko lanetan”(eta zuzenean halakoak ez badira ere, “etxerako hornidurarekin” lotura estua duen Y?dài Y?lù, Zetaren Bide Berria bezalakoetan) inbertitzea, aurkariaren ekonomiaren euskarri den zor estatubatuarra erostera bideratzea baino.

Taiwango auzia da faktore bakarra, gaur gaurkoz, Txina bere agendatik aterarazi eta bestela inondik ere sutu nahi ez duen gatazka armatu batean murgildu dezakeena

Elikadura- eta energia-nahikotasuna (“arroz-katilua eskuetan sendo edukitzea”, oraintsuko esamoldean), litzateke beste adibide bat; munduko labore-lurren %7rekin gizateriaren seirenari jaten eman behar dion sistema batek ez du parekorik Mendebaldeko munduan. Txina historikoan ohikoa ez ezik filosofikoki desiragarria izan ohi zen autarkiak ez du egun ospe onik, besteak beste, guztiz ezinezkoa litzaiokeelako lehengaien, elikagaien, teknologien edo kapitalen ataletan; baina gero eta maizago egiten ditu aginteak autosufizientzia-deiak, “irekitasunari eustearekin” batera. Antza denez, hainbat mendetan lehen aldiz, goserik pasatu gabe hazi den bigarren belaunaldia unibertsitatera heltzea lortu denean, belaunikarazia ez izateko erronka gainditzeak erabateko lehentasuna du.

Muturreko pobrezia desagertutzat eman zuen Alderdiak orain hurrengo Bosturteko Plana amaitzean; baina pobre asko geratzen direla ukatu gabe. Urbanizazio-prozesu ikaragarria pairatzen ari da herrialdea alde guztietan, etxebizitza-arazo (eta -negozio) kontrolagaitzarekin… Eta Heihe-Tengchong lerroak islatzen duen egiturazko desoreka historikoa apenas samurtu den azken hamarkada hauetan egindako ahaleginen ondoren ere.

Txina eta Taiwan inguruan AEBek dituzten base militarrak. / Iturria: David Vine.

Bestalde, betidanik buruhauste izan den demografiak kezka-gai izaten jarraitzen du, baina alderantziz orain: jaiotze-tasak behe-beheraino erortzen ari dira goi-hezkuntzaren orokortzeak, etxebizitzaren garestitasunak eta ugalkortasunaren kontrolak “haur bakarreko belaunaldiarekin” elkartzean sortu duen koiunturagatik.

Halaz eta guztiz ere, 30 urte beteta oraindik bilobarik eman ez dion bere alaba bakarrak baino gehiago kezkarazten du Xi berak nahiko ondo ezagutzen duen landa-eremuetako biztanleen diasporak eta zahartzeak. Santutegi politiko edo parke tematiko moduko zerbait bilakatu du sistemak Liangjiahe, Iraultza Kulturalaren azken fasean, Xi elite-kumeak “nekazariengandik ikasten”, alegia, lan latzean, zazpi urte eman behar izan zituen Shaanxiko bazter galdua. Aldian-aldian, hara itzultzen da oraindik ere, bertako nekazari zahar ezagunekin bazkaldu eta hitz egitera. Eta agian, Alderdiaren egituratik heltzen zaizkion aurrerapen-txostenak egiaztatzera. Harvarden zebilen alaba ere eraman zuen hara, duela hamar urte.

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2023
Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


2023-08-04 | Cira Crespo
Ipuina
Pedro Ruiz de Egino hil da -'Nerium Oleander'-

Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.


2023-08-03 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioko kideok podcast, film, serie eta dokumental hauek gomendatzen dizkizuegu.


2023-08-03 | Estitxu Eizagirre
Nola ibili mundua desorekatu gabe?

Klima larrialdiarekin eta energia krisiarekin gure bizi ohiturei buruzko galderak sortu zaizkigu: Zenbat bidaiatu eta nola? Josu Iztueta bidaiari ezagunak kontraesanen ispiluaren aurrean jartzera gonbidatu gaitu, tonu goxoan eta irribarre xamur batekin: “Ikusi beharra dago... [+]


Eguneraketa berriak daude