Migrazioak eta garapena? Win-win eszenatokia posible ote?

Azken aste hauetan, berriz ere, migrazioei loturiko gaiek indarra hartu dute agenda politiko europarrean. Hartu behar diren neurrien artean migrazio guneak diren lurraldeen garapena bultzatu behar dela entzun da behin baino gehiagotan. Horrela, fluxuak baretzeko –baina ez hori bakarrik– migratzaileek beraiek garapen hori bultzatu dezaketela azpimarratzen da. Bitxia bada ere, diskurtso hori migrazioen inguruko eztabaidan kokatzen diren muturretan entzun dezakegu. Frantziako Fronte Nazionalak erabili du migrazio fluxuak eteteko argudioarekin, baina sarritan garapenerako elkarkidetzan lan egiten duten erakundeek ere erabiltzen dute. Pentsa daitekeen moduan oso interes eta helburu ezberdinekin.

Ideia horren atzean dagoen premisa honako hau da –gutxienez ikuspegi aurrerakoiaren baitan–: migrazioek garapena sortzen dute helmugako gizartean, baina jatorriko gizartean ere sortu dezake, bi guneen arteko elkarkidetza sustatuz. Nolabait ere, jatorriko zein helmugako gizarteak biak garaile –win win eszenatokia– agertuko litzateke.

Benetan posible al da ekuazio bertutetsu hori lortzea? Nik arazo handiak ikusten ditut. Aurreko ikuspegiaren aldekoek planteatzen duten argudioetako bat da migrazioen ekarpen ezberdinek, “erremes”-ek nagusiki, jatorriko lurraldearen garapena bultza dezaketela. Hau eman badaiteke ere, ez da automatikoa eta testuinguruak erabat baldintzatzen du “erremes”-en erabilera zein arrakasta. Lurralde batean benetako barne garapena eman ahal izateko, benetako garapenerako politikak aurrera eraman behar dira. Garapenaren erronka migratzaileengan jartzea gehiegizkoa da eta porrotera eramango gaitu ezinbestean.

Era berean, ezin dugu ahaztu jatorriko eta helmugako gizartearen artean sortzen diren harremanak erabat asimetrikoak direla, migrazioen bidez askotan jatorriko lurraldearen populazio aktiboaren gehiegizko murrizketa ematen da eta honek ondorio kaltegarriak ditu garapenerako. Baina ez hori bakarrik, nahiz eta migratzaileen ekarpena jatorrian positiboa izan, askoz ere onuragarriagoa da helmugako gizartean, beraz asimetria da nagusi eta izenburuaren jokoarekin jarraituz, harreman bertutetsua ematekotan, win win harremanaren araberakoa izango litzateke, non batzuk irabazle ateratzen diren, baina besteak askoz ere “irabazleagoak”…

Laburbilduz, desirak eta borondate ona ezin dira errealitatearekin nahastu. Migrazio fluxuek nazioarte mailako sistema ekonomiko globalizatuaren parte ere badira, eta ezin dugu ahaztu bertan desberdintasunak eta desorekak nagusi direla. Hori kontuan hartzen ez badugu zaila izango da migrazio eta garapenaren inguruko eztabaidaren baitan probetxuzko emaitzarik lortzea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Eguneraketa berriak daude