"Beste mundu bat eraiki dezakegula ideologikoki sinestea giltzarri da"

  • Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkaria da. Iruñean jaio zen eta 28 urte bete berri ditu Zufiak. Bilgune feministako kide da eta, hortik egin du jauzi Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartara eta Alternatiben Herrira. Azken honek, baietzari indarra emateko, alternatibak erakusteko eta ezagutzak josteko balio behar duela diosku.

Amaia Zufia, Iruñeko Gazteluko Plazan. (Argazkia: Josu Santesteban)
Amaia Zufia, Iruñeko Gazteluko Plazan. (Argazkia: Josu Santesteban)

Baionan egin zen lehen Alternatiben Herria 2013an, bigarrena Bilbon 2015ean. Zein balorazio egiten duzue egindako ibilbideaz?
Oso balorazio positiboa. Hasieran oso zentratua egon zen klima aldaketan, baina gero eta ikuspegi integralagoa hartu zuen eta, herri gisa behar ditugun alternatibez eta prozesuez hitz egitera pasatu gara. Indarrak metatzeko aukera eman digu txiki eta handiei. Mugimendu sozio-sindikala konturatu da indar handia ari dela xahutzen sistemari ezetz esaten greba orokor eta bestelako dinamiken bidez: “murrizketei ez”, “kapitalismoari ez”, “lan baldintza hauei ez”… Baiezkoa gutxiago landu izan dugu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta hori jorratzera etorri zen. Alternatiben Herria da horren adierazle nagusia. Egun zehatz horretatik egunerokora jauzi egitea da gure erronka.

Eta nola dago osasunez kapitalismoari alternatiba jarri nahi dion esparru zabal hori?
Sisteman honen aldetik egunero jasotzen dugun bonbardaketa handia da. Horren aurrean etsipen handia dago, eta horregatik, beste mundu bat eraiki dezakegula ideologikoki sinestea giltzarri da. Alternatibak guk uste duguna baino gertuago ditugu sarri. Txikitik alternatiba asko eraikitzen ari dira:  energiaren munduan, elikaduran, teknologian, gorputz aniztasunean… Gure hutsunea da alternatiba horiek guztiak oso sakabanatuta ditugula.

Asko daude, eta gainera, normala denez, bakoitzarentzat berea da garrantzitsuena. Horrek askotan zaildu egiten du alternatiba orokorretan pentsatzea.
Bakoitza beretik, baina orokorrean pentsatuz aritzea lortu beharko genuke, bakoitzaren alea marko komun batean jarriz. Horregatik elkar ezagutzea eta elkar saretzea gakoa da.

Nafarroan banaketa politiko handia da gizartean (naziotasuna, hizkuntza…), eta esparru sozialean ere islatzen da hori neurri batean. Alternatiben herriak lortzen al du bi esparru horietako polo sozialenak hurbiltzea?
Nahiko genuke. Azkenean gure aldarrikapena zera da: eskubide sozial guztiak herritar guztientzat, eta hori gehiengo sozial osoaren interesekoa da. “Bizitza burujabea eskubide osoz” da gure goiburua, eta hor sartzen dira baita ere eskubide kultural eta linguistikoak, euskararen defentsa. Baina jatorri eta desberdinen arteko aniztasuna eta elkar ezagutza asko baloratzen dugu; beraz, esparru zabal batera iristeko balio beharko luke Alternatiben Herriak.

Egun zehatz bati begira sare asko josten dira. Gero mantentzen dira?
Kasu  batzuetan bai. Bilbokoaren ondoren, naturaren auzoak lortu du saretzea eta orain, esaterako, Ziordian (Nafarroa) topaketak egin berri dituzte aurrera begirako lan ildo eta estrategiak pentsatzeko. Martxoaren 8ko mobilizazioak, pentsiodunenak… esparru batzuetan gizartea bizi-bizi dago gainera. Azken finean, gero eta kezka handiagoa dugu egungo bizi ereduarekiko, ardura sentitzen dugu gure praktika indibidual zein kolektiboak aldatzeko, eta kosta egiten da, baina badakigu egin behar dugula.

Eraldaketa beharra oso zabaldua dago gizartean: hobeto bizitzeko, lan baldintza duinak izateko, natura suntsitzeari uzteko, zahartzaro duina izateko, emakume gisa aske ibili ahal izateko… Eta gune askotatik, eta Alternatiben Herritik ere bai, lortzen ari gara hori guztia ikuspegi anitzeko burujabetzarekin lotzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Alternatiben Herria Iruñean
2018-06-04 | Ahotsa.info
Eredu sozial berri bat posible eta beharrezkoa dela erakutsi du Alternatiben Herriak Iruñean

Alternatiben Herrian esperientzia eta proiektu ezberdinak kaleratu ziren Iruñean larunbatean, Ahotsa.inforen erreportaje honetan ikusi daitekeen bezala. Antolatzaileen esanetan, larunbatean argi geratu zen alternatiba ugari direla eta posible dela beste mundu eraikitzea.


Iruñea, Alternatiben herria
Bai Margaret, posible da

Klimaren hondamendia, hori da seguruenik gaur egungo krisi globalaren ondorio ikusgarriena. Donald Trumpen etorrerak brintzak sortu dituen arren, horren inguruko kontsentsua handia da: gure planetak sendabideak behar ditu. Euskal Herrian Baionan egin zen asmo horren aldeko lehen... [+]


2018-06-01 | ARGIA
Alternatiben Herriak hamaika alternatiba erakutsi ditu Iruñean

Baionan egin zen Alternatiben Herriaren lehen ekitaldia 2013an. Bilbon errepikatu zen esperientzia 2015ean eta ekainaren 2an Nafarroaren txanda da: IIruñeko Alde Zaharrean ospatuko da eguna. Hantxe izango da ARGIA eta antolatutakoaren jarripena egingo dugu.

 


Eguneraketa berriak daude